Katalunia. Fiskaltzaren kereilaren zain

Joana Ortega: «Espainiatik kanpo bultzatzen gaituzte»

Generalitateko presidenteordeak Madrilen eta Bartzelonaren arteko urruntasuna islatu du.

Beste kontsulta bat egingo dutela esan du, nahiz eta ez argitu modua
Ortega presidenteordea, azaroaren 9an, parte-hartze prozesuaren nondik norakoei buruzko azalpenak ematen.
Ortega presidenteordea, azaroaren 9an, parte-hartze prozesuaren nondik norakoei buruzko azalpenak ematen. TONI ALBIR / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 21
Oztopoz beterik dago Bartzelonaren eta Madrilen arteko harremana. Gero eta urrunago daude bi hiriburuak, erabakitzeko eskubidearen inguruan trabatuta, ez aurrera ez atzera. Bi gobernuen arteko azken hesia estatuko fiskal nagusiak jarri du, A-9a antolatzeagatik Generalitateko hiru kide nabarmenen aurka kereila jartzekoa baita egunotan. «Oso zaila da gobernu honekin [Espainiakoarekin] negoziatzea». Joana Ortega Generalitateko presidenteordea da auzipetu nahi dituztenetako bat, Artur Mas presidentea eta Irene Rigau Hezkuntza sailburuarekin batera. Ulertezina zaio Madrilen jokabidea, kontrako eragina izan dezakeela uste baitu. «Espainiatik kanpo bultzatzen gaituzte. Gero eta jende gutxiagok dute lekua Espainia honetan».

Inputatua izateko zorian egonagatik, lasai agertu da Ortega, ziur baitago ez duela legerik urratu. Edonola ere, nabarmendu du epaitegien ebazpenak errespetatuko dituela. Kataluniatik egindako hitz egiteko eskariei Espainiako Gobernuak emandako erantzuna gaitzetsi du. «Kereila kriminal bat jarri digute». Ortegak ez du uste elkarrizketari mesederik egingo dionik «demokrazia erakustaldi bat» auzitara eramateak. Presidenteordearen ustetan, arazo politikoek erantzun politikoak behar dituzte. Haatik, haren esanetan, gobernuak «ezkutuan» jokatu du. «Herritarren ahotsa isilarazteko aginduak eman ditu». A-9a antolatzeko ardura bere gain hartu du Ortegak. Auzitan dagoena herritarren adierazpen askatasuna sustatzea bada, haren burua erruduntzat jo du: «Desobeditu dut».

Horrez gain, ezbaian jarri du Espainiako botere banaketa, Mariano Rajoyren gobernuak fiskaltzari presio egin diolakoan. Izan ere, harrigarri zaio PPk fiskaltzaren «bozeramaile lanak» egitea. Adierazgarritzat jo du, halaber, Kataluniako Auzitegi Nagusiko fiskalek ez aurkitzea arrazoi juridiko nahikorik kereila jartzeko. Horrexegatik, Espainiako Fiskaltzaren jokamoldea arrazoi juridikoei baino politikoei egotzi die.

Kataluniako fiskalen independentzia defendatu du. Izan ere, PPk «kutsatuak» daudela salatu du. Kataluniako mandatariaren ustetan, Espainiak kontuan hartu beharko luke nazioartean isla dezakeen irudia. «Europan zur eta lur egongo dira».

Nahiz eta aho guztietan egon bozak aurreratzeko ideia, legealdia amaitzearen aldekoa da presidenteordea. Hala eta guztiz ere, ziurtatu du erreferendum bat egongo dela, «era batera edo bestera». Generalitateak «berme demokratiko» guztiekin kontsulta bat egin asmo du. Baina ez du zehaztu zein eratan egingo duten. «Hauteskundeen edo kontsulta baten bidez izango da». Ohartarazi du azken hitza Generalitateko presidenteak duela.

Masen hitzetan, «penagarria» da fiskaltzaren jarrera. Lehen aldiz hitz egin du jendaurrean fiskaltzak kereila jartzeko asmoen berri eman zuenetik. «Kataluniako herriak era baketsuan bere iritzia adierazten duenean, auzitegien eta fiskalen erantzuna dator». Masek ziurtatu du «aurrera» egingo dutela helburuekin: «Modu zibikoan, lasaian eta demokratikoan egingo dugu».

ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak elkartasuna adierazi die fiskaltzak jomugan hartu dituen Mas, Ortega eta Rigauri. ANCren arabera, Espainiaren «hamaikagarren erasoak» agerian utzi du Kataluniak estatu barruan bere tokia eskuratzeko duen ezintasuna. «Ez hirugarren bide hipotetikoek, ezta Espainiako Kongresuko gehiengoaren etorkizuneko aldaketek ez dute egungo gatazka politikoa konpontzeko benetako aukerarik eskaintzen». Herri mugimenduaren arabera, boz plebiszitarioak mandatu demokratiko argi batekin egitea da aurrera egiteko bide bakarra.

«Fiskal matxinoak»

Eduardo Torres-Dulce estatuko fiskal nagusia aste honetan da kereila aurkeztekoa Kataluniako Auzitegi Nagusian. Baina ez du zehaztu noiz egingo duen. Kataluniako fiskalek haren tesiarekin bat ez egitea gutxietsi du, eta gezurtatu egin du Espainiako eta Kataluniako fiskalen artean talkarik egotea. «Ez da egia Katalunian fiskal matxinorik dagoenik». Onartu du kezkagarriak zitzaizkiola Kataluniako fiskalen arteko «erabaki kontrajarriak», baina Fiskalen Biltzarraren ondotik auzia konpondu dela dio. Herenegun ia aho batez onartu zuten Espainiako Fiskaltzako goi kargudunek A-9agatik kereila aurkeztea, fiskal nagusia babestuz.

Bartzelonako Fiskaltzan ere Torres-Dulcesen ikuspegia nagusitu da, delitu zantzuak antzeman baitituzte A-9aren bueltan. Horrenbestez, Bartzelonako probintzian hainbat alderdi politikok —tartean PPk, UPDk eta Falangek— eta herritarrek aurkeztutako eta ondoren artxibatu zituzten 30 bat salaketak ikertuko dituzte.

Ana Magaldi Bartzelonako fiskal nagusiak agerraldia egin du, eta hedabideen jarrera kritikatu du. Galderak onartu gabe, eta gaztelera hutsean —«hedabide guztiekiko kortesiaz»— eman du prentsaurrekoa. Magaldiren ustetan, prentsak errealitatearen asmo txarreko analisia egin du Kataluniako fiskalen jarreraren berri ematean. «Ez da existitzen auziari buruzko ikuspegia azaldu duen fiskalen kolektiborik. Kataluniako 380 fiskalek baino gehiagok ez dute kereilari buruzko iritzirik eman».

Koordinazio batzordeko bilerara deitu zuen herenegun Magaldik, Kataluniako Auzitegi Nagusiko fiskalen jarreratik urruntzeko komunikatu bat adosteko. Baina Magaldiren proposamenak ez zuen adostasun nahikorik jaso, horretarako une egokia ez zela iritzi baitzuten fiskalek.

Entzutearen onura

Espainiako Gobernuak fiskaltzari presio egin izana gezurtatu du, eta elkarrizketaren atea ireki nahi izan du. Rajoy presidenteak, baina, azaldu du elkarrizketa horrek baldintzak dituela:«Errealitatearen eremu zorrotzean egin behar da». Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroak ere bide beretik jo du, eta «gauza errealistei» buruz hitz egiteko gonbita egin die Kataluniako ordezkari politikoei. Atzerri ministroaren arabera, aldebakartasunez independentzia aldarrikatzeak kalte egingo lieke kataluniarrei, nazioarteak sekula aitortuko ez lukeelako herrialde independente gisa.

Nazioarteko eragileek, kontrara, Madrili «herritarrei entzutea» aholkatu diete. Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehiakortasun mandatari danimarkarrak ACN Kataluniako agentziari azaldu dionez, Brusela ez da sartuko gatazka politikoan. Halere, bere herrialdeko erreferendumak egiteko tradizioa goraipatu du. «Onuragarria da herritarrak entzutea, nahiz eta haiekin ados egon ez».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna