Eztabaida politikoa epaitegietatik ateratzearen alde agertu da Arraiz

«Guardia Zibila modu larrian iraintzea» leporatzen diote.Duela urtebete baino gehiago esandakoa berretsi du epailearen aurrean.Sortuko kideek elkartasuna adierazi diote elkarretaraze baten bidez

Hasier Arraiz, elkarretaratzean parte hartu zutenekin, epaitegira sartu aurretik, atzo, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hotz esnatu da goiza Bilbon. Hala ere, egon da mugimendua epaitegien aurrean. 10:00etan deklarazioa hartu behar zioten Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkide Hasier Arraizi, eta ordu erdi lehenagotik berrogei lagun inguru batu dira EAEko Auzitegi Nagusiko egoitzaren aurrean, protesta egin eta Arraizi elkartasuna adierazteko asmoz.

Duela urtebete inguru egindako adierazpen batzuk daude Arraizen kontrako jazarpenaren jatorrian. 2015eko urtarrilaren 12an, euskal presoen defentsan aritzen diren abokatuen kontrako polizia operazioa abiarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak, eta, haren aginduz, Guardia Zibilak hamasei lagun atxilotu zituen. Mate izena eman zion Velascok operazio hari; urtebete lehenago egindako beste operazio bati Xake izena jarri zioten. Horretan oin hartuta, Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egiteko eskatu zuen Arraizek: «Herri honek Guardia Zibilari xake-mate egiteko unea iritsi da», esan zuen Sortuko presidenteak, hitzez hitz.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok salaketa jarri zuen Arraizen kontra adierazpen horiek zirela eta. Ondoren, Dignidad y Justicia elkarteak ere kereila jarri zuen, «Guardia Zibila modu larrian iraintzeagatik eta mehatxatzeagatik». EAEko fiskalburu Juan Kalparsorok ere «delitu zantzuak» ikusi zituen adierazpenetan. Azkenik, EAEko Auzitegi Nagusiko Zigor Salak kereilarekin aurrera egitea erabaki zuen.

Hiru magistraturen aldeko botoekin hartu zuten erabaki hori, Juan Luis Ibarra auzitegiko presidentea eta Antonio Garcia eta Roberto Saiz magistratuak horren alde agertu baitziren. Beste bi epailek, aldiz, kontrako iritzia agertu zuten: Nekane Bolado eta Borja Iriarte magistratuek. Kereilarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten epaileetako bati egokitu zaio auziaren instrukzio epaile izatea: Roberto Saizi, hain zuzen.

«Espainiari laido egitea» ere leporatzen zion Dignidad y Justicia elkarteak Arraizi, baina salaketa hori atzera bota zuen EAEko Auzitegi Nagusiko Zigor Salak.

Elkarretaratzean Sortuko eta ezker abertzaleko kide ezagun ugari egon dira: Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Iker Casanova, Aitziber Ibaibarriaga, Tasio Erkizia, Pernando Barrena, Iñaki O'Shea, Niko Moreno, Xabier Alegria eta abar. EH Bildu osatzen duten gainerako indar politikoetako ordezkariak ere han izan dira, Alternatibako Oskar Matute, esaterako. Gehienek kartelak erakutsi dituzte, «Jazarpen politikorik ez» eta «Adierazpen askatasuna» goiburuekin.

Deklarazioa hartzeko ezarritako ordua baino hamar minutu lehenago iritsi da epaitegira Arraiz, Iñigo Iruin abokatuak lagunduta. Epaitegiaren aurrean bildutakoak agurtu ditu, eskerrak eman, eta «tira, banoa» esanda jo du epaitegira. Txaloak eta «adierazpen askatasuna» eskatzen zuten oihuak entzun dira orduan.

Luze jo du deklarazioak, ia bi ordu geroago agertu baitira berriro Arraiz eta Iruin epaitegiko atean. Arraizek berak azaldu duenez, fiskalaren eta defentsako abokatuaren galderei baino ez die erantzun, eta uko egin dio Dignidad y Justiciako ordezkariaren eta Espainiako Estatuaren abokatuaren galderei erantzuteari —saio horretan agertu da lehenengo aldiz auzian Espainiako Estatuaren abokatua— .

Roberto Saiz epailearen galderei ere ez die erantzun Arraizek. Auzibidearen hasieran, Arraizen defentsak helegitea jarri zuen Saiz instrukzio epaile izendatzeko erabakiaren kontra, eta hura ezesten saiatu zen, haren inpartzialtasuna zalantzan jartzeko modukoa zela uste zuelako, baina eskaera ez zuten aintzat hartu. Edozein modutan, Arraizek nahiago izan du «koherentziaz» jokatu, eta ez die erantzun Saizen galderei. Deklarazioa hartu ostean, Saizen esku egongo da auzibidearekin aurrera jarraitu edo bertan behera uzteko erabakia hartzea.

Deklarazioaren ostean, auziaren balorazio politikoa egin du Arraizek. Oraingoa epailearen aurrean deklaratzen duen hirugarren aldia dela gogoratu ostean, Arnaldo Otegiren hitz batzuk ekarri ditu hizpidera: «Ezker abertzalea izan da gatazka politikoa boxeo borrokalekutik atera eta xake taulara ekarri duena». Arraizen ustez, haren kontra abiarazitako auzibideak erakusten du zenbaitek «boxeoa» nahiago dutela «xakeaz ez dakitelako ezer eta ez dutelako ezer jakin nahi».

«Adierazpen askatasunaren beldur den estatu bat demokratikoki estatu ahula da», esan du Arraizek, eta erantsi du batzuk «tematuta» daudela «independentistok besteek baino eskubidezibil eta politiko gutxiago ditugula gogorarazten».

«Iritzi delitua» egozten diotela uste du Arraizek, eta Espainian azken bolada honetan adierazpen askatasunaren arloan gertatu diren bestelako jazarpenak ere ekarri ditu gogora. Madrilen atxilotu eta espetxeraturiko txotxongilolariak beren-beregi aipatu ez baditu ere, «elkartasuna» adierazi die «Espainiako Estatuko beste leku batzuetan ere halakoak pairatzen ari direnei».

Duela urtebete baino gehiago esandakoa epailearen aurrean berretsi duela esan du Sortuko presidenteak: «Orduan esan nuen herri honek ez duela Guardia Zibila behar, ez duela Guardia Zibila nahi, alde egin dezaten nahi dugula». Baina pentsatzen du horrelako eztabaida politikoak «guztiontzako baldintza berberetan instituzioetara eta gainerako eztabaidagune politikoetara» eraman behar direla, «eta ez epaitegietara, horretarako garaia amaitu delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.