Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna

«Arima galduen irla»

Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean Siziliara iristen diren errefuxiatuekin izan da BERRIA. «Azkenaren azkenak gara», salatu dute afrikarrek. Astero ehunka iheslari iristen dira Mediterraneotik, baina harrera sistemak huts egin du.

Mediterraneoko uretan hilaren hasieran erreskatatutako errefuxiatuak. Frontexen arabera, astero 10.000 iheslari iristen dira Mediterraneotik Europara. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Ane irazabal
Catania
2016ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Non gaude?», galdetu du iritsi berriak. «Pozzallon, Sizilian», erantzun dio poliziak. Erreskate itsasontzia porturatzen ari da, eta 140 iheslari daude barruan. Oinutsik, bustita eta leher eginda. MSF Mugarik Gabeko Medikuen ontziak Libiako kostatik milia gutxira atzeman du nora ezean zebilen plastikozko txalupa. Emakumeak eta haurrak dira gehienak, Afrikako gatazka ahaztuetatik ihes egin duten familiak. Portura iritsi bezain laster, autobusetan sartu dituzte. Gehienak Pozzalloko hotspot edo erregistro gunera eramango dituzte eta gainontzekoak iparraldeko zentroetara.

«Egoera larriak ikusten ari gara. Iheslariak plastikozko txalupetan ateratzen dira Libiatik eta Egiptotik. Ez dute ez iparrorratzik ezta satelite bidezko telefonorik ere», azaldu du Ahmad al-Rousanek, MSFko kideak. «Itsasoan ikusiko ez bagenitu, ez zuten luzaroan bizirik iraungo». Bada, trafikatzaileek prezioak jaitsi dituzte, baina errefuxiatuei eskaintzen dizkieten ibilbideak gero eta arriskutsuagoak dira. Libiako arrantzaleek erabiltzen zituzten egurrezko itsasontzi zaharrak txalupekin ordezkatu dituzte.50 pertsonarentzako tokia duten ontzietan 150 sartzen dira.

Izan ere, eskaintza eta eskariaren arteko oreka oso krudela da Libian. Europako Batasunaren Frontex mugako agentziak eskainitako datuen arabera, maiatzean bikoiztu egin da Italiara iristen diren iheslarien kopurua eta erdia baino gehiago jaitsi da Greziako irletara heltzen direnena. Maiatzean 19.000 pertsona porturatu dituzte Sizilian, eta, horregatik, Lesbos berria bihurtu dela diote hedabideek.

Horiek horrela, Matteo Renziren gobernuak larrialdi egoera ezarri du Sizilian, baina egiturazko larrialdi bat dela zehaztu du. «Udaberri Arabiarreko matxinadak piztu zirenetik, Europarako ate nagusia da Mediterraneoa. Ez da joera berri bat. Urtero, udaberrian, helduerak hazi egiten dira», nabarmendu du Salvatore arrantzaleak.

Atzera bueltarik ez

Edonola ere, etorreren gorakadak ez dio ibilbide aldaketa bati erantzuten. Oraindik ez, behintzat. «Mediterraneoa zeharkatzen duten iheslariak Saharaz hegoaldeko Afrikako gatazketatik eta miseriatik alde egiten duten gazteak dira. Turkian, Libanon eta Jordanian harrapatuta dauden errefuxiatuek ez dute ibilbide hau begietsi», uste du Al-Rousanek. Siriarrek 2012an eta 2013an zeharkatu zuten Siziliako kanala, baina, Egiptoko militarrek estatu kolpea eman ondotik, ez dira ongi etorriak faraoien herrian. «Halere, horrek ez du esan nahi etorkizunean Mediterraneoko ibilbideari berriz ekingo ez diotenik», uste du Al-Rousanek, «Aljeriara bidaiatzeko ez dute baimenik behar, eta Egipton 120.000 errefuxiatu siriar bizi dira oraindik».

Baina ibilbide aldaketa bat egongo den ala ez ikusi bitartean, Mediterraneoa hilerri handi bat bilakatu da. Apirila eta maiatza hilabete beltzak izan dira errefuxiatuentzat. Itsasoak 1.200 pertsona inguru irentsi ditu, eta beste ehunka iheslari Libiako kostan hil dira. «Atzera bueltarik ez duen prozesu bat da. Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak behin eta berriz aldarrikatu du korridore humanitario bat sortzeko beharra», erantsi du Al-Rousanek.

Gobernuz kanpoko erakundeek ere salatu dute gero eta adingabe gehiago iristen ari direla helduen laguntzarik gabe. Urtarril eta maiatz artean 7.000 haur etorri dira Italiara. Denak bakarrik eta gurasorik gabe. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak alarmak piztu ditu: «Ahultasun egoeran dauden umeak eta nerabeak dira. Pertsonen salerosketaren biktimak izateko edo esplotazioa sufritzeko arriskua daukate», adierazi du nazioarteko erakundeak.

Porrot egindako sistema

Sizilian lau hotspot daude: Lampedusan, Trapanin, Augustan eta Pozzallon. Erromako gobernuak Italiako erregistro zentrorik handiena ezarri du Pozzalloko portuko biltegi zahar batean. Barruan dauden migratzaile gehienak adingabeak dira. Sofiak eta Tessyk 17 urte dituzte, eta Nigeriatik alde egin dute. Miseriatik ihesi abiatzen dira, baita emakume nigeriarrek pairatzen duten indarkeria sistematikotik ihesi: «Nire amak dirua bildu zuen, eta alde egiteko esan zidan. Gure herrian ez dago etorkizunik», gogoratu du Sofiak. Esan eta egin. Bidaian Tessy ezagutu du, eta itsasoan elkarri lagundu diote. «Guk zortea izan dugu, baina Libiako atxikitze guneetan emakume asko bortxatu dituzte. Neska bat baino gehiago haurdun iritsi da», esan du Tessyk.

Txarrena ez da pasatu, ordea. Sizilian emagaldu nigeriarrez osaturiko prostituzio sarerik handiena dago. Sofiak eta Tessyk emakumeen salerosketaren biktimak izateko arriskua dute. Biek ebakidurak dituzte aurpegian, txikitan egin zizkieten budu errituen orbainak. Ez da zehaztasun hutsal bat. Sorginkeria aitzakiatzat hartuta, neska nigeriar asko prostituzioan aritzera derrigortzen dituzte. «Kazetaritza ikasi nahi dut, edo, agian, medikuntza», dio Sofiak. «Gunetik kanpo lagun bat daukat, eta zin egin dit lana aurkitzen lagunduko didala», erantsi du Tessyk. Zein lan eskainiko dion ez dio argitu ezagunak.

Handik kilometro gutxira, Cara di Mineon, Europako atxikitze gunerik handiena ezarri du Italiak. Barruan 5.000 pertsona inguru daude. Soldadu amerikarrentzako bizitoki gisa eraiki zen auzunea zeharo militarizatuta dago. Errefuxiatuek kanpora ateratzeko baimena dute, baina txartel elektroniko batek haien mugimendu guztiak kontrolatzen ditu. «Eremutik kanpo bi egun baino gehiago pasatzen baditugu, ezin gara berriz ere sartu», azaldu du Abubakerrek. Nigeriako gazteak hiru hilabete daramatza barruan, asilo politikoa emango dioten ala ez jakin ezinik. Inork ez dio argibiderik eskaintzen. «Emaztea haurdun dago; beraz, bizikleta bat erosi dut, eta lanean hasi naiz». Abubakerrek Mineotik 30 kilometrora dagoen lursail batean egiten du lan, laranjak eta olibak jasotzen. Goizeko bostetatik arratsaldeko seietara, 15 euroren truke.

Ez da adibide bakarra. Mineo inguruan daude nekazari gehienek migratzaileak alokatzen dituzte haien lurretan lan egiteko. Inori ez zaio ardura legez kontrako ekintza bat izatea. Italian iheslariek ezin dute lanik egin asilo prozesuak iraun bitartean. «Trukean, ordea, eguneko 35 euro jaso beharko lituzkete. Arazoa da diru hori kooperatibek kudeatzen dutela, eta ez dela migratzaileengana iristen. Nora doa aurrekontu guztia? Ez dakigu, baina mafiaren esku hartzea dagoela susmatzen dugu», azaldu du Lucia Borghi ekintzaileak. Abubakerrek ere joera hori konfirmatu du: «Guri ez zaigu dirurik iristen; soilik zigarroak ematen dizkigute».

Mineon harrapatuta dauden iheslariek salatu dute ez dutela gainontzeko errefuxiatuen arreta bera jasotzen. «Ez gara siriarrak, ezta irakiarrak ere. Azkenaren azkenak gara», irizten dio Somaliako Ahmedek.

Migratzaileak kanpora

Edonola ere, gazte gehienentzat pentsaezina da ezer egin gabe egotea; izan ere, paperak lortzeko prozesuak bi urte iraun dezake. Azkenaldian, ordea, biziki azkartu dira deportazio aginduak. Paola Ottaviano abokatuak uste du Italia zinikoki jokatzen ari dela: «Iheslariak erreskatatu egiten dituzte, baina portura iristen direnean orri bat ematen diete eta zera erantzun behar dute: lan egitera zatoz, bai ala ez? Baiezkoa bada, deportazio agindua ematen diete. Errefuxiatuak eta migratzaile ekonomikoak bereizteko prozesu krudel bat da». Ottaviano, Borderline mugimenduko kidea da, eta hilabete luzeak daramatza egoera hori salatzen. «Errefuxiatuak galduta eta lur jota daude, eta ez dute informaziorik jasotzen». Ottavianoren ustez, orain arte aurkeztu diren helegite gehienak onartu egin dira, baina epaiaren zain, ehunka gazte linbo juridiko batean daude.

Siracusako aldirietan dagoen eliza batean, Carlo Dantoni apaizak hamar migratzaile hartu ditu. «Arima galduak balira bezala dabiltza, nora ezean. Deportazio agindua jaso duten gazteak klandestinitatean erortzeko arriskuan daude». Dantoniren laguntza ezinbestekoa da. Ohe bat, jatekoa eta aholkularitza juridikoa eskaintzen die.

Hala, Sizilian denek ezagutzen dute Carloren parrokia. Senegalgo Diouf Lamine da babestutako gazte bat: «Italian desinformazio handia dago. Deportazio papera eman zidatenean pozik jarri nintzen; izan ere, bizitoki baimena zela uste nuen». Laminek helegitea aurkeztu du, baina batek daki epaia noiz iritsiko den. Halere, zorteduna dela dio: «Itxaronaldia larrigarria da, baina guk Carloren babesa daukagu. Parrokiatik kanpo inolako laguntzarik gabe daude gazte asko».

Bada, Cataniako tren geltokira hurbiltzea besterik ez dago «arima galduen irlan» gaudela ikusteko. Bertan bat egiten dute Mineoko atxilotze gunetik ihes egin dutenak eta Erromarako tren bat hartzen saiatzen direnak. Catanian ere trafikatzaileen sare handi bat hezurmamitu da. «100-200 euroren truke iparraldera eramaten dituzte, eta handik Austriara edo Frantziara gurutzatzen saiatzen dira. Oinez, trenean edo autoan», azaldu du Borghik.

Siziliako bigarren hirian aterpeak falta dira. Errefuxiatuek kalean lo egiten dute, eta bizilagunen artean hazi egin da kanpotarren kontrako sentimendua. «Harrera hiri bat gara, baina hemen ezin ditugu denak hartu. Europaren laguntza handiagoa behar dugu. Bruselak bakarrik utzi gaitu», uste du udaleko bozeramaileak. Are gehiago, herritar batek baino gehiagok sumatzen dute Muammar Gaddafiren garaiaren falta. «Lehen ez zen halakorik gertatzen. Gaddafiren esku zorrotzak migratzaile gehienak geratzen zituen. Harrera zentroak Libian egin behar dira, ez Italian», azaltzen du ANPI Siziliako eskuin muturreko alderdiaren informazio orriak.

Edonola ere, siziliar gehienek elkartasun mediterraneoari eusten diote. XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran 30 milioi herritarrek alde egin zuten Italiatik. «Guk badakigu zer den miseriatik ihes egitea. Sizilian familia guztiek daukate Ameriketako Estatu Batuetara edo Argentinara alde egin zuen senitartekoren bat», gogoratu du Borghik, «iragana ezagutu behar da etorkizunari aurre egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.