Altsasuko auzipetuei terrorismoa egotzita itxi du sumarioa Lamelak

Auzitegi Nazionaleko epaileak «ordena konstituzionala nahastea» leporatu die bederatzi gazteei. «Terrorismo delituaren kalifikazioa ezabatzeko» eskatu dute politika eta gizarte arloko 130 lagunek
Euskal Herriko osoko hainbat lagunek izenpetutako agiria aurkezteko agerraldia, atzo, Iruñean.
Euskal Herriko osoko hainbat lagunek izenpetutako agiria aurkezteko agerraldia, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2017ko otsailak 3
Azeleragailua zapaltzen jarraitzen du. Hiru hilabete ere ez dira iragan Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 3. epaitegiko magistratuak Altsasuko auzia hartu zuela, eta atzo goizean sumarioa itxi zuen. Instrukzioa hasi eta buka, hasierako tesiari heldu dio magistratuak: urriaren 15eko gertakariengatik, Zigor Kodeko 573. artikulua aplikatu, eta terrorismoa egozten die bederatzi gazteri. Lamelaren arabera, bi guardia zibili eta euren bikotekideei «osotasun fisikoaren eta askatasunaren aurkako eraso larria» egin zieten auzipetuek, «ordena konstituzionala nahasi eta biztanlerian edo horren zati batean terrorea sorrarazteko». Urrats horrekin, epaiketa irekitzeko eskaera egin dio Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko epaimahaiari.

SER irrati kateak atzo 12:00etan aurreratu zuen albistea, eta une horretan, auzipetuen gurasoak Iruñeko Tres Reyes hotelean ziren, Euskal Herriko 130 pertsonak sinatutako agiri baten aurkezpenean. Mahaiaren inguruan bildutakoek ez zekiten ezer, eta, galderen txanda iritsitakoan, nahasmen apur bat sortu zen kazetariek horren berri eman ostean. Nahiz eta senideek susmatu Lamelak edozein unetan pauso hori eman zezakeela, ustekabean hartu zuten berria. «Azkar etortzea ez da ona, erakusten baitu interes bat dagoela epaiketa martxan jartzeko», azaldu zuen prentsaurreko amaieran Amaia Amilibiak, Jon Ander Cob gaztearen amak.

Hala ere, sumarioa ixteko presak auziaren kontrola galtzeko arriskua ere isla dezake. Batetik, berriki Iruñeko lurralde auzitegiak behartu egin du Nafarroako Auzitegi Nagusia azaltzera zergatik inhibitu zen Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegia. Ondorioz, aukera urruna izanagatik, auzia Iruñera itzul liteke. Erabakia ez datorren artean, printzipioz, ezin liteke epaiketarik egin.

Bestetik, Auzitegi Nazionalean defentsak apelazio helegitea jarri du eurek proposatutako lekukotzak atzera bota dituelako Lamelak, eta soilik akusazioaren ikuspegia hartu duelako aintzat. Horregatik, kritiko agertu zen Amilibia: «Gure lekukoak onartu gabe sumarioa ixteak babes gabezia sortzen digu».

Atzoko agerraldian, besteak beste, Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria, Mikel Taberna idazlea, Itziar Diez de Ulzurrun itzultzailea, Sabino Cuadra Amaiurko diputatu ohia, Xabier Morras margolaria eta Gurutze Arregi feminista izan ziren. Idatzia Juan Kruz Lakasta kazetariak eta Zoila Berastegi aktoreak irakurri zuten, euskaraz zein gazteleraz.

Agiria izenpetu duten 130 pertsonek kezka azaldu dute Auzitegi Nazionalak gertaerak terrorismo delitutzat izendatu dituelako. «Proportzionaltasun faltak eta interpretazio estentsiboak urratzen dute askatasuna, berme prozesala eta herritar guztiok babestu behar gaituen segurtasun juridikoa». Agirian gogora ekarri dute gertaerak terrorismo ekintzatzat joz gero, hamar eta hamabost urte arteko kartzela zigorra legokiekeela gazteei; «erailketa bati dagokion zigorra, beraz». Agiriaren arabera, horrek «konpondu ezinezko kaltea» eragingo lieke gazteei zein euren senideei.

Bederatzi gazteetatik, zazpi espetxeratuak izan ziren, eta euretatik hiru oraindik ere kartzelan dauzkate. Bel Pozuetak, Adur Ramirez de Alda gaztearen amak, azaldu zuen erregimen berezi batean daudela, gainera. «Ez dituzte preso arruntek dituzten eskubideak. Kartzela barruan, beste kartzela bat bizitzen ari dira». Egoera hori ikusirik, agiriaren sinatzaileek kezkagarritzat jo dute behin-behineko espetxealdia aplikatzea, aurrez epailearen aurrean deklaratzeko borondatea agertu baitute. «Ulertzen dugu familiek sentitzen duten babesik eta defentsarik eza».

Gertaerak izan geroztik, hainbat hedabidek gaia «neurriz gaindi» jorratu izana gaia kritikatu dute: «Altsasuko herriaren errealitatearekin bat ez datorren irudia eman dute».

Horregatik, proportzionaltasunaren eta justiziaren printzipioekin bat eginez, «terrorismo delituaren kalifikazioa ezabatzeko» eskatu dute, eta auzia berriro ere Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegiak hartzea galdegin dute. Azken batean, hasieran epaitegi horrek hartu zuen auzia, Auzitegi Nazionala tartean sartu eta inhibitu egin zen arte.

Sortuk, berriz, prentsa ohar batean salatu du «aberrazio hutsa» dela Lamelaren erabakia. «PPren gobernua eta Auzitegi Nazionala bakearen etsai gisa ari dira etengabe».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna