Koloretako harresia Iruñerrian, autobus transfoboaren kontra

Protesta artean heldu da Hazte Oir elkartearen autobusa Nafarroara. Lelo eta ikur transfobo guztiak kentzera behartu ditu Iruñeko Udalak. Protestan ari ziren gazteetako bat harrapatu du autobusak

E28 plataformako, Bilgune Feministako eta LABeko kideak Zuastiko gasolindegian, Hazte Oirreko Ignacio Artsuagaren ondoan protestan.
E28 plataformako, Bilgune Feministako eta LABeko kideak Zuastiko gasolindegian, Hazte Oirreko Ignacio Artsuagaren ondoan protestan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2017ko martxoak 22

Argiago ezin da esan: «Ez zarete ongi etorriak». Eta ozenago ere, nekez. Iruñeak erantzun irmoa eman zion atzo Hazte Oir erakunde ultrakatolikoaren autobus transfoboari, eta LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko aldarri bihurtu zuen eskuin muturraren paseo propagandistikoa izan behar zuena.

Alde batetik, herritarren eta eragile sozialen presioak izugarri zaildu zuen Hazte Oirren egitekoa. Bestetik, Nafarroako erakundeek ere ez zioten bidea erraztu: Iruñeko Udalak autobuseko errotulazio oro kentzera behartu zuen elkarte ultrakatolikoa, hiriburura sartu ahal izateko ezinbesteko baldintza gisa; eta Nafarroako Gobernuak eta legebiltzarrak, bestalde, adierazpen bana argitaratu zuten, kanpaina transfoboaren aurka. Espainiako Gobernuko ordezkaritza izan zen eskuin muturrari oxigeno pixka bat eman zion erakunde bakarra, autobusari zirkulatzeko baimena emanda.

Nafarroara sartu ziren unetik beretik, argi zegoen ikuskizuna lortu nahi zutela Hazte Oir taldekoek. Haur transexualen aurkako mezua epaitegietan kamustuta, biktimaren rola bete nahi izan zuen elkarteko presidente Ignacio Artsuagak, «adierazpen askatasuna» aldarrikatuta. Baina karta hori ere ezin izan zuen berak nahi bezala jokatu. 12:00etan Nafarroako Legebiltzarrera joatekoa zen Artsuaga, manifestu bat erregistratzera, baina, Iruñean protestak antolatu zituztela jakinda, ordubete lehenago egin zuen hitzordua kazetariekin, Zuastiko gasolindegian. Autobusetik jaitsita, ordea, elkarretaratze batekin egin zuen topo. Han ziren, besteak beste, E28 plataformako, Bilgune Feministako eta LAB sindikatuko kideak, Transfobia ez, Ez zarete ongi etorriak eta Nafarroa: aniztasun lurraldea zioten pankartekin, besteak beste.



Diskurtsoa lasai eman ezinik, alde egitea erabaki zuten Hazte Oirreko kideek. Guardia Zibila arduratu zen, bultzaka, autobus laranjari bidea irekitzeaz, eta han ziren manifestari eta kazetari batzuk atxiki egin zituzten, identifikatzeko. Segizio transfoboa, baina, ez zen urrunera iritsi: gasolindegi batetik, hurrengora. Hiper Eroski merkataritzagunera, hain zuzen. Han geldiarazi zuen autobusa Iruñeko Udaltzaingoak, hirian ibiltzeko baimena behar zuela argudiatuta. Eta baimen hori eskuratu ahal izateko, autobuseko lelo eta ikur guztiak kendu behar izan zituzten Artsuaga eta bere bi laguntzaileek.

Errealismo magikoko eleberri batetik edota landismoko pelikula zahar batetik aterata zirudien eszenak: elkarte ultrakatolikoko bi buruzagiak, oparitarako paper laranja esku batean eta zeloa bestean, hanka puntetan, euren leloak estali nahi eta ezin. «Arazo logistikoak ditugu», aitortu zien Artsuagak kazetariei. Goiko aldeko hitzak estaltzera iristen ez zirenez, eskailera bat eskatu zieten ondoko tailerreko langileei, baina ez zieten utzi. Azkenean, Eroskiren hipermerkatura sartu behar izan zuen Hazte Oirreko kide batek, eskailera bat erosteko. Protestak eta oihuak baino ozenago entzuten ziren jendearen barreak, eskuin muturreko militanteak mezu transfoboak oparitarako paper pusketekin estaltzen saiatzen ziren bitartean.

Arazo logistikoak konponduta, ia ordubeteko atzerapenarekin sartu zen Hazte Oirren autobusa Iruñean. Ordurako, dozenaka lagun zain ziren Sarasate pasealekuan, Nafarroako Legebiltzarraren aurrean. LGTBI kolektibo, ikasle elkarte eta bestelako gizarte eragileez gainera, han ziren Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra eta PSNko ordezkariak ere, protestan. Herritar ugarik arrautzak jaurti zizkioten autobusari, eta leihoak ukabilez jotzen hasi ziren, «Hazte Oir, kanpora!» oihukatzen zuten bitartean. Tentsioak goia jo zuen une hartan: manifestariak atzean utzi nahian, azeleragailua sakatu zuen autobus gidariak, eta emakume bat harrapatu zuen. Espaloian etzanda gelditu zen gaztea, baina autobusak ez zuen gelditzeko imintziorik ere egin. Gerora, anbulantzia batek eraman zuen osasun etxera. Zauriak zituen oin batean eta aurpegian.

Giroa ikusita, amore eman behar izan zuten ultrakatolikoek: manifestu transfoboa parlamentuan aurkeztu beharrean, Nafarroako Gobernuko erregistrora eraman zuten. Epikotasuna eta drama nahi zituen Hazte Oirrek, baina propagandarik gabe gelditu zen orduan ere, kameretatik urrun, isilean sartu eta atera baitzen Artsuaga. Atzeko atetik.

Iruñetik aterata, autobusa Gasteizera zihoala zabaldu zen sare sozialetan, eta elkarretaratzea antolatu zuten Andra Mari Zuriaren plazan. Iluntzean, ordea, autobusaren arrastorik ere ez zegoen Gasteizen. LGTBI mugimenduaren arabera, Madrilera itzultzea erabaki zuen Hazte Oirrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna