Armagabetzea azken txanpan

Atzotik ekainaren 27ra emango dituzte oraindik gerrillarien esku dauden armak. Irailaren 1a baino lehen suntsitu beharko dituzte 949 zulo. Kongresuan hasiko dituzte berriz negoziazioak, uztailean
Nazio Batuen Erakundeko misioa, FARCek aurreko aldian entregatutako armak ikuskatzen, La Elvira nekazaritza gunean, ekainaren 13an.
Nazio Batuen Erakundeko misioa, FARCek aurreko aldian entregatutako armak ikuskatzen, La Elvira nekazaritza gunean, ekainaren 13an. EFE

Jose Fajardo -

2017ko ekainak 21
Bake prozesuaren puntu batean ados dago Kolonbia: FARC-EP Amerikako gerrillarik sendo eta zaharrenaren desarmatzea berri ona dela gizarte osoarentzat, zeina erabat zatitua dagoen. Atzo hasi zuten 7.000 gerrillariei geratzen zaizkien armak itzultzeko —%40— azken txanpa. Prozesuak datozen egunetan amaitu beharko luke. FARCek armak uzteko eta politikaren aldeko apustua egiteko erabakia ez du aldatu, ez egutegiko atzerapenek, ezta uribezaleen eta santoszaleen arteko adierazpen ozpinduek ere —aurrez aurre daude oposizio nagusia ordezkatzen duen Zentro Demokratikoa eta Juan Manuel Santos presidentearen aldekoak—.

Santosek baieztatu du ekainaren 27an ekitaldi bat egingo dutela, eta gerrillarien buruzagi Rodrigo Londoño Timochenko-rekin egin dezake bat han. FARCek nahi du ekitaldia Mesetasen egitea, Metaren departamentuan, gerrillariek historikoki kontrolatu duten eremuan, FARCeko Idazkaritzako kide Julian Gallo Cubillos Carlos Antonio Lozada-k aurreratu duenez, El Tiempo egunkarian.

Ezustekorik ez bada, ez da argazkirik egingo gerrillariak armak uzten, borrokalariek esan izan baitute «errenditze ekintza» bat litzatekeela hori egitea. Haientzat, aldeen akordioak balio du, joan den azaroaren 24an sinatutakoa, non onartzen duten etsaia suntsitzeko bi aldeek izan duten ezintasuna, eta mende erdia baino gehiago iraun duen gatazka amaitu beharra.

Ekainaren 14an, desarmatzearen bigarren aldia hasi zenean, Nazio Batuen Erakundeko funtzionarioen irudiak soilik argitaratu ziren, jasotako fusilak kontainerretan sartzen, 26 kontzentrazio eremuetan. Gerrillaren inguruko iturriek diotenaren arabera, eremu horietan «FARCen herriak» sortzeko asmoa dute, non beren formazioa osa dezaketen armak utzi ondoren. Nekazaritza eta abeltzaintza proiektuak dituzte aurreikusiak; informatika eta teknologia tailerrak, artisautza ikastaroak, eta baita gerrillari lotutako musika banda eta futbol taldeak ere. Hori guztia ez dute egiterik izan orain arte, kanpalekuak atzerapenez eraiki dituztelako, haiek diotenez gobernuaren konpromisorik ezagatik.

Irailaren 1a baino lehen, suntsituta behar lukete 949 zuloek. Iristeko oso leku zailetan daude horiek, oihanean, mendietan, minaz betetako lekuetan edota talde armatuak dauden guneetan —ELN gerrilla, besteak beste—. Ez dago argi zehazki horietan zer dagoen: aurkitu zuten zuloetako batean arsenal garrantzitsua zegoen: fusilak, metrailadoreak, granada jaurtitzaileak, morteroak, hegazkinen kontrako suziriak, granadak eta lehergailuak. Sekulako erronka izango da irailaren 1erako hori betetzea.

Borroka politikoa

Joan den larunbatean hiru emakume hil zituzten eta bederatzi zauritu Bogotako auzo aberats batean. Gerraren garai okerreneko oroitzapenak berpiztu zitzaizkien herritarrei, borroka armatua hirietara zabaldu zenekoak. Ez du inork hartu bere gain atentatua, baina gertakariak balio izan zuen bi errealitate erakusteko: FARCek erabateko konpromisoa duela bakearen alde —berehala gaitzetsi zuen gertatutakoa—, eta Kolonbiako giroa asaldatua dagoela: sare sozialetan lehertu zen.

Ezkortasun eta harridura giro horren kontra borrokatu beharko du FARCeko etorkizuneko alderdi politikoak. Abuztuaren erdialdera dago iragarrita gerrillaren kongresua. Han aurkeztuko dizkiete buruzagiek tropei mugimenduaren tesi ideologikoak. Oraingoz, borrokaren ardatz dira osasun unibertsala, nekazaritza erreforma eta langileen eskubideak.

Bideoetan eta sare sozialetan oinarritu dute komunikazio estrategia, eta gero eta hurbilekoago egiten ari dira. Luciano Marin Arango Ivan Marquez, Felix Antonio Muñoz Pastor Alape eta halako ideologo karismadunak maiz joaten dira unibertsitateetako hitzaldietara, esatera bakeak ez duela atzera bueltarik, eta biktimak eta aurkariak «besarkatzeko» beharra dagoela. «Herrialdea aldatu egin da azken 50 urteotan, eta errealitatearekin bat egin behar dugu», dio Lozadak. Haren helburua da «trantsizio gobernu bat» babestea 2018ko presidentetzarako bozetan, bake akordioa muturreraino eraman ahal izateko.

Politikarako bidea egin aurretik, baina, espero dute presoak aske uztea. Urratsak egin dira, baina uste baino mantsoago, haien ustez. Segurtasunak ere kezkatzen ditu, nahiz eta 350 gerrillari prestatzen ari diren etorkizuneko politikarien bizkartzain izateko.

Borroka Kongresuan gertatuko da orain, non uztailaren erdialdean hasiko diren berriz negoziatzen. Justizia berezia, nekazaritza erreforma eta ordezkaritza politikoa dira puntu zailenak, eta luzea izango da prozesua, bereziki Auzitegi Konstituzionalak fast-track edo prozesu azkarraren ahalmenak mugatzea erabaki zuenetik, maiatzaren 17an. Akordioa lehenbailehen ezartzeko neurri berezia da fast-track. Alvaro Uribe presidente ohiaren Zentro Demokratikoak eskatuta, banan-banan eztabaidatu eta erabaki beharko dituzte puntuak.

Bien bitartean, 2018ko bozetan murgilduta daude alderdiak, eta horrek ez du prozesua erraztuko, baina atzera egiteak esan nahi duena ondotxo adierazi berri du Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiak: «Bakea eraiki egin behar da, eta prozesu luzea da: urte mingarrietan pilatuz joandakoa desegin behar da, baina ezin da betiko bizi gizarte mesfidati batean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna