Ekonomiaren egoera. BPGa eta zergak

Ekonomia bizkortu denez, soldaten igoera «orokorra» eskatu du Azpiazuk

Urteko bigarren hiruhilekoan BPGa %2,9 hazi ondoren, Jaurlaritzak iragarri du 2017 osorako iragarpena igoko duela. Enplegua %2,2 handitu dela azaldu du Eustatek

Iker Aranburu.
2017ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Azken asteotan enpresa jakin batzuei buruzko berri txarrak pilatu egin diren arren, ekonomia orokorra uste baino hobeto doala diote datu makroekonomikoek. Bai, behintzat, barne produktu gordinaren arabera neurtutako ekonomia: %0,9 hazi da hiruhileko batetik bestera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,9ra iritsi da urte arteko erritmoan. Iragarle gehienek hazkundearen moteltze bat izango zela uste zutenez, ezusteko atsegin bat da, eta langileen patrikek ere antzeman behar luketela berretsi zuen atzo Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Soldaten igoera «orokorra» eskatu zuen, baina ez «unibertsala», ezin baitzaie sariak igotzeko eskatu larri dabiltzan enpresei.

2017ko bigarren hiruhilekoko kontu ekonomikoen bi datu esanguratsuenak aurreratu zituen atzo Eustatek: ekonomia %2,9 hazi dela iaztik hona, eta enplegua, berriz, %2,2. Eustaten arabera, zerbitzu sektoreari zor zaio hazkundearen zatirik handiena, baina emaitza ona eman dute industriak eta eraikuntzak ere.

Datuak irailaren 8an zabalduko ditu Eustatek, eta ordura arte itxarongo du Jaurlaritzak bere aurreikuspenak berritzeko. Gorantz, hirugarrenez. Urtea %2,3ko aurreikuspen zuhur batekin hasi zuen, baina martxoan %2,5ra igo zuen, eta %2,7ra aurrerago. Orain uste du «%3tik hurbil» ibiliko dela.

Hazkunde horren etekinak banatzeko eta hazkunde bera sendotzeko soldatak igo behar direla berretsi zuen Azpiazuk. Ez da lehen aldia hori esaten duela —urtarrilean esan zuela gogorarazi zuen atzo—, baina gaiari garrantzi berezia ematen diola argi utzi nahi izan zuen, patronalarekin biltzearen biharamunean egin zuelako. Soldatak igotzeko eskaera gero eta orokortuagoari —Mario Draghi Europako Banku Zentraleko buruak berak egin du—, deserotasunez erantzun diote enpresaburuek, enpresa asko horretarako ez daudela eta igoera handi batek lehiakortasuna kenduko liekeela esanez.

«Ez dut eztabaidarik sortu nahi. Baina argi dago soldaten igoerak ez duela unibertsala izan behar —badira arazoak dituzten enpresak—, baina bai orokorra», esan zion Azpiazuk Confebaski—eta soldata kontuetan patronalarekin lerratu den Arantxa Tapia lankideari ere bai—.

Azpiazuk gogorarazi duenez, enplegua sortzeak ez ezik, «soldatak igotzeak ere kontsumoa handitzen du, eta horrek ekonomiaren hazkundearen zirkulu birtuoso bat eragiten du».

Soldaten igoera horrek sektore publikora ere iritsi beharko lukeela onartu zuen Azpiazuk, baina arlo horretan eskuak lotuta dituela azaldu du, Espainiako aurrekontuek eta gastu sabaiaren arauek —PPk EAJrekin lotutakoak— mugatzen dutelako. «Baina badira baldintzak hobetzeko bideak, eta aztertu behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.