'Bateragune auzia'. Rafa Diezen irteera

Sindikalista bakegilea, kalera

'Bateragune auzian' jarri zioten zigorra osorik beteta, etzi irtengo da kartzelatik Rafa Diez, LABeko idazkari nagusi ohia. Ezker abertzaletik kanpokoek ere eskertu diote ziklo aldaketarako lana (bideoa albiste amaieran)

Rafa Diezen argazkia, presoen aldeko 2012ko martxa batean. JON URBE / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
2017ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun

Haren aurkako agindurik ez zuten arren, Espainiako poliziek eskuburdinak jarri zizkioten Rafa Diezi ere, 2009ko urriaren 13an, LABen Donostiako egoitzan. Gerora Bateragune auzia izendatu zutenaren operazioa zen, Baltasar Garzon epaileak agindua. Hamar lagun atxilotu zituzten denera, baina poliziak iristerako, zabaldua zuten ezker abertzalearen norabide aldaketa ekarriko zuen eztabaidarako txostena. Kalean jarraitu zuen gogoeta hark, baina Arnaldo Otegik, Miren Zabaletak, Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek eta Diezek osorik bete behar izan dute auzitegiek jarritako zigorra. Sei urte eta erdiko kondena beteta, etzi aterako da Rafa Diez Usabiaga (Lasarte-Oria, 1956) El Duesoko (Espainia) kartzelatik.

«Gogoratzen naiz etxean nengoela, eta lagun batek esan zidala aita atxilotu zutela», oroitu du Diezen seme Naikek: «18 urterekin, ez neukan une hartan azterketa politikoa egiteko gaitasunik. Leihotik begiratu nuen: hiru Opel Astra zeuden, bakoitzean bi pertsona, gure etxera begira. Zurrunbilo batean sartzea bezala izan zen, hasieran ez nuen ulertzen zer gertatzen zen». LABen egoitzara joan ziren senideak, handik Espainiako Poliziaren komisariara, eta etxera gero, miaketara.

Gerora hasi zen ulertzen Naike Diez operazioaren atzean zer zegoen. «Kanpoan egon zen tartean gehiago ulertu nuen —2010eko apiriletik 2011ko irailera baldintzapeko askatasunean egon zen Diez, ama gaixo zuelako—. PSOEren gobernuak, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa buru zela, estrategia aldaketa zapuztu nahi izan zuen. Kontua da berandu iritsi zirela». Naike Diezen esanetan, arrisku horren jakitun zen Rafa Diez, eta berak ere hala adierazi izan du gero kartzelatik emandako elkarrizketetan.

«Ideologo handienetakoa»

1980ko hamarkadatik, gertutik jarraitu du LABeko idazkari nagusi ohiaren ibilbidea Carlos Etxeberri kazetariak. Bateragune auziak eta Diezekin gertatutakoak erakusten du, haren esanetan, interes politikoen zerbitzura jokatu izan duela maiz Espainiako judikaturak. «Haiek ziren politikan oinarritutako estrategia baten zutabeak jarri zituztenak; ez bakarrik indarkeriak traba egiten zuelako jada, baita kaltegarria zelako ere herri honentzat. Zein da ondorioa? Rafa kartzelatuta, erditik kendu zuten aldaketa haren ideologo handienetakoa, borroka gehien egin duenetako bat oraingo egoeran egon gaitezen. Paradoxikoa da: hori egin zuenak, kartzelarekin ordaindu du».

LABeko buruarekin harreman pertsonalik ez zuen arren, zeregin horretan aritu izana aitortu eta eskertzen dio Diezi Gemma Zabaleta PSE-EEko kideak ere. Bereziki gogoan du 2006ko abenduan ETAk Barajaseko (Madril) aireportuko T4an jarritako lehergailuaren ondorengo unea —urte hartako martxotik «su-eten iraunkorra» iragarria zuen ETAk; ofizialki, 2007ko ekainean utzi zuen bertan behera—. «Oso deigarria izan zen bere diskurtso publikoa T4ko atentatua izan ondoren», oroitu du Zabaletak: «Argi eta garbi azaldu zuen bake prozesuan bonbak eta biolentzia sobera zeudela, eta jarrera politiko hori eskertu nuen momentu hartan».

ETAk jardunean jarraitu zuen —2009ko uztailean egin zuen pertsonen aurkako azken atentatua: bi guardia zibil hil zituen Mallorcan—, eta Espainiako polizia eta epaileek ere bai. Bateraguneko atxiloketak gertatu eta hilabetera, 2009ko azaroan Altsasun egindako agerraldi batean, «soilik bidepolitiko eta demokratikoak» erabiltzearen alde agertu zen ezker abertzalea. Guztiarekin ere, auziarekin jarraitu zuten epaileek, eta 2011ko irailean, hamar urtera zigortu zuen Diez Espainiako Auzitegi Nazionalak, Otegi, Zabaleta, Jacinto eta Rodriguezekin batera. Gorenak sei urte eta erdira murriztu zion zigorra 2012an. Epaileen arabera, ETAren aginduetara aritu ziren atxilotuak.

Ez zuen hala ulertu Euskal Herriko jende askok. Besteak beste, Zabaletak eta Etxeberrik parte hartu zuten Diez aska zezatela eskatzeko iazko urrian Donostian egindako ekitaldi batean. Eskariak babes zabala zuela erakutsi zuten; besteak beste, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiek, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak, CCOOko idazkari nagusi ohi Josu Onaindik, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak, Itziar Aizpurua HBko buruzagi ohiak, EAJko diputatu Joseba Agirretxeak eta Iñigo Barandiaranek eta Daniel Arranz Bizkaiko gobernadore zibil ohiak babestu zuten ekinbidea.

«Gehiago esango nuke», kontatu du Etxeberrik: «Jende asko egon zen joan ez zena, balizko errepresalien beldur. Harremana egin genuen epaile batzuekin ere, baina ez zuten adierazpena sinatu nahi izan, beldurragatik».

Rafa gure artera agiria kaleratu zuten ekitaldi hartan Etxeberrik-eta. «Injustizia bat gertatzen ari zela ikusi genuen», oroitu du kazetariak. Ados dago Zabaleta ere: «Auzi politikoa izan da Bateragune auzia. Horrexegatik, hor sartu zituztenak eta kartzelan egon direnak preso politikoak izan dira nire ustez, eta, tamalez, hala da oraindik ere Rafa Diezek».

Hurbiltasuna eta karisma

«Rafa nor den erakutsi nahi genuen», azaldu du Etxeberrik: «Bere izaeragatik, hurbiltasuna transmititu izan dio ezker abertzalekoa ez den jendeari ere. Jende horrek aitortzen du Rafaren ausardia eta lana herri hau orain dagoen egoeran egoteko». Kartzelatzeaz gain, zigor osoa bete behar izatea salatu zuten: «ETAk jarduera armatua utzi ondoren, zentzu juridikoa ere aldatu egin behar zela pentsatzen dugu, zigorrak berrikusiz; ez bakarrik Rafarena, beste batzuena ere bai: urruntzea, gaixo dauden presoak, hiru laurdenak bete dituztenak...».

Aita preso eduki duten urteetan sakabanaketa politika zer den gertutik ezagutu du Naike Diazek: «Sufritu dugu, baina tira... Kantabrian egonda, sei urte... Ez ditugu sakabanaketaren muga guztiak ezagutu, baina, azkenean, sakabanaketa da. Desgastea, karga, bidaiak, dirua...». Begirada baikorra ere badu, ordea, Naike Diezek: «Babes sozial handia jaso dugu. Presoen senideekin ere egiten duzu harremana. Azkenean, Etxerat-en lanean bukatu dut nik. Senide izateak bultzatzen zaitu elkartasun hori zabaltzera, familia handi bat osatzera».

Ikuspegi hori lehenetsi ohi du Rafa Diezek ere. Iñigo Iruin abokatuak kontatu zuen Donostiako ekitaldian, «mandatu bat» eman ziola presoak: «Ezinbestekoa denean soilik pertsonalizatzeko». Naike Diez: «Bisitetan ere aipatzen zuen: ez zuen bere kontuaz hitz egin nahi. Zigorra murrizteko eskatzean, nahi zuena zen bere kasua aterabide bat izan zedila kolektibo guztiarentzat. Berak, osorik beteko du zigorra azkenean, baina badaude presoak noiz aterako diren ere ez dakitenak».

Rafa Diez erreferente izan bada, ordea, sindikalismoan egindako lanagatik izan da. Etxeberriren hitzetan, «pragmatikoa» izan da beti, eta LAB sindikatu soziopolitiko gisa definitzea ere nabarmendu du: «Pragmatismo horrek eraman du LAB orain dagoen tokira, inoiz bere ideologia alboratu gabe».

Etzi irtengo da espetxetik LABeko idazkari nagusi ohia, zigorra osorik beteta. Etxeberri: «Ea berreskuratzen dugun. Haren karisma baliagarria izango da, ez ezker abertzalearentzat soilik, baizik eta herrialde osoarentzat».

[Youtube]https://youtu.be/Q8thQ5yvXA8[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.