Tortura eta tratu txarren ikerketa. Ondorena

Erkorekak dio PSE-EEren kritikek ez dutela arrakalarik sortu Jaurlaritzan

Jaurlaritzak uste du «zilegiak» direla txostenari buruzko desadostasunak, baina ezin dela ezbaian jarri azterlanaren «kalitate zientifikoa». EH Bilduk torturatuak erreparatzeko mekanismoak eskatu ditu

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, lehendakaritzan egindako agerraldi batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Torturari buruzko dokumentuari PSE-EEk egindako kritikek ez dute arrakalarik sortu Eusko Jaurlaritzako bi bazkideen artean. Hori ziurtatu du, bederen, Josu Erkoreka gobernuko eledunak. Adierazi du «zilegiak» direla ikerlanaren aurkako kritika guztiak, eta garrantzia kendu dio desadostasun horiek gobernuko kide batenak izateari. Areago, azpimarratu du «desadostasun txiki» horiek ez dutela «zalantzan» jartzen gobernuko bi kideek polizia indarren biktimen alde duten konpromisoa, bai EAJk eta bai PSEk bat egiten dutelako Poliziaren biktimei aitortza eta ordaina emateko Jaurlaritzak egindako apustuarekin.

Oihartzun handia izan du Eusko Jaurlaritzaren aginduz Paco Etxeberriaren lantaldeak torturaren inguruan landutako txostenak. Astelehen arratsaldean eman zuten argitara 1960 eta 2014 artean 4.113 tortura kasu egiaztatu dituen ikerketa hori; aurkezpena amaitu eta berehala, PSE-EEk ohar batean jakinarazi zuen ez duela bat egiten azterlan horrekin, «ez mamian eta ez forman». Besteak beste, «gatazka baten teoria elikatzen» duela iritzita arbuiatu du PSE-EEk txostena.

Sozialisten kritikekin ulerkorra izaten saiatu da Erkoreka gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, baina, aldi berean, sutsuki defendatu du Etxeberriaren lantaldeak egindako azterlanaren «kalitatea». Esan du «zilegia» dela azterlan baten inguruan iritzi ezberdinak izatea, baina gogoratu du dokumentua landu duten ikerlariak «erreferentziazkoak» direla nazioartean, eta egindako lan zientifikoaren kalitatea eztabaidaezina dela.

Jaurlaritzaren Bizikidetza Idazkariak eskatuta egin da ikerlana, eta lehen aldia da Euskal Herrian erakunde publiko batek gisa horretako ikerketa bat babesten duena. Jaurlaritzak lan hori eskatu izanak erakusten du «ikuspuntu demokratiko batetik gobernu heldua» dela, eta erreparorik ez diola polizia indarren giza eskubideen urraketez «begirada kritikoa» izateari, Erkorekak nabarmendu duenez. Halaber, ikerketaren balio zientifikoa zalantzan jartzea alboratu du Jaurlaritzako bozeramaileak, eta gogora ekarri du tortura kasuak dokumentatzeko Nazio Batuen Erakundeak ontzat jotzen dituen metodologiak erabili direla. Besteak beste, Istanbulgo Protokoloaren araberako irizpideei jarraitu zaie tortura kasuak egiaztatzeko.

Txostenaren asmoa ez zen tortura kasu bakoitza «banan-banan» aztertzea, baizik giza eskubideen gisa horretako urraketen inguruko «ikuspegi orokor bat» ematea, Erkorekaren esanetan. Gogoratu du justiziarako eta erreparaziorako neurriak eskatu ditzaketela dokumentuan agertzen diren biktimek, dela auzitegietara joz, dela biktimen legean jasotako ordainerako neurriak eskatuz, gertakariak preskribatu diren kasuetan. Txostena Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldearen esku utziko du orain Jaurlaritzak, eta alderdiek erabaki beharko dute aurrera begira zer pauso eman.

«Justizia egiten hasi da»

Lantalde horretan parte hartzen dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta biek ala biek txalotu egin dute torturari buruzko ikerketa. EH Bildu pozik azaldu da txosten hori landu delako. «Justizia egiten hasi da herri honetako milaka eta milaka torturatuekin», azpimarratu du Julen Arzuaga legebiltzarkideak. «Torturaren tragediaren ezbairik gabeko erradiografia bat da, fenome- no horren intentsitate eta zabalpen osoa aintzat hartzen duena». Arzuagak esker oneko hitzak izan ditu Francisco Etxeberriak gidatutako lanarentzat, «torturaren infernua ofizialki ezagutzera eman» delako eta, horrekin batera, biktimak aitortu eta errekonozitzeko beharra ekarri duelako.

Dokumentuaren edukia aztertuta, lau gogoeta plazaratu ditu Arzuagak. Batetik, txostenean jasotako salaketa kopuruak adierazten duela errekonozimendurako eta erreparaziorako «anbizio handiko mekanismoak» ezarri behar direla. Bigarrenik, txostenak agerian utzi duela «zigorgabetasunaren dimentsioa». Hirugarrenik, tortura Auzitegi Nazionalak erabilitako eta homologatutako metodo bat izan dela eta, hortaz, beharrezkoa dela Espainiako Justiziaren «kalitatea berrikustea». Azkenik, EH Bilduk nabarmendu du lanak agerian utzi duela «erabaki politiko baten» fruitua izan dela tortura.

Kritikak PSEri

PSEren jarrera «lotsagarria» kritikatu du Arzuagak, bere burua torturaren praktikaren erantzukizunetik kanpo utzi nahi duelako. «PSEk kontakizuna du helburu bakarra, eta txosten honen egiak desitxuratu egiten du bere kontakizuna», salatu du.

Elkarrekin Podemosek ere sozialisten kritikak gaitzetsi ditu, ohartarazita tortura existitu dela onartzeak ez duela «gatazkaren teoria elikatzen, ez eta ETAren terrorismoa justifikatzen ere». Lander Martinez legebiltzarkideak txalotu egin du giza eskubideen edozein urraketaren inguruko txostenak egitea. «Herri honetan torturak egon zirela onartzeak bortizkeria guztien deslegitimazioaren prozesu sakonaren parte izan behar du».

PPrentzat, berriz, «kaltegarria, neurriz kanpokoa eta desorekatua» da Jaurlaritzaren txostena, eta, gainera, «gatazka politikoaren teoria elikatu» egiten du. Haserre daude popularrak Jaurlaritzak torturari buruzko lana eskatu duelako. Carmelo Barrio legebiltzarkideak «Zuzenbide Estatuaren gainerako mesfidantza sustatzea» aurpegiratu dio Urkulluren gobernuari, eta salatu du «EH Bildu eroso sentiaraztea» eta «Zuzenbide Estatua estu hartzea» dela Bizikidetza Planaren helbururik behinena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.