Productos Tubularesek 157 langile kaleratu nahi ditu Trapagaranen

«Arrazoi ekonomikoak» argudiatuta, zuzendaritzak, langileak kaleratzeaz gain, soldatak %25 jaitsi nahi ditu, lanaldia luzatu eta altzairutegiko labea itxi. Sindikatuek «astakeriatzat» jo dute proposamena

Productos Tubularesko langileen protesta, atzo, Barakaldon, zuzendaritza eta langile batzordea hotel batean bileran zeuden bitartean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Kolpea esperotakoa izan arren, mina ematen du norbere azalean jasotzen denean. Min handia. Productos Tubularesek 157 langile kaleratuko ditu Trapagarango (Bizkaia) lantegian. Gaur egungo lantaldearen %37 nahi ditu kalean zuzendaritzak Amurrioko (Araba) Tubos Reunidosen Bizkaiko filialean, 420 behargin baitauzka. Atzo jakinarazi zien langileen ordezkariei Barakaldoko hotel batean, eta atzo bertan abiatu zen hilabeteko kontsulta epea, zuzendaritzak eta langile batzordeak erregulazio espedientea negoziatzeko. Hurrengo bilera datorren martitzen goizean egingo dute.

Baina kaleratzeak bakarrik ez, altzairu konpainiaren zuzendaritzak harago jo nahi du: lanean geratuko diren 273 beharginen lan baldintzak nabarmen aldatuko ditu —besteak beste, soldatak %25 jaitsi nahi ditu, eta urtean beste hiru lanegun gehitu— eta ez du aplikatuko lan hitzarmena, agortuta baina luzapenean dagoena. Eta hori gutxi balitz bezala, labe elektrikoa itxi nahi du, altzairutegiaren bihotza.

Minez hartu dituzte zuzendaritzaren asmoak langile batzordeko kideek. «Muturreko neurriak» direla ohartarazi du Julen Belokik, batzordeko presidenteak. Argi utzi du kaleratzeen kontra dagoela batzordea, besteak beste, lantaldearen %37 galduta kolokan jarriko litzatekeelako lantegiaren beraren etorkizuna. Belokiren hitzetan, bakarrik 273 beharginekin «ezinezkoa» izango litzateke 2017ko produkzio mailara ailegatzea.

Zuzendaritzak «arrazoi ekonomikoak, produktiboak eta antolakuntzakoak» erabili ditu kaleratzeak eta murrizketak justifikatzeko, baina, Belokiren iritziz, enpresaren galerak kudeaketa txarraren ondorio dira. Trapagarango plantak 32,5 milioi euro galdu ditu 2015etik 2017ra bitartean, eta 2012tik 2017ra artean %50 handitu da haren zorra: 25 milioi eurotik 37,6 milioi eurora.

Irabaziak 2019an

Langileak ez dira harritu konpainiak iragarritako neurriekin. Gaur, hilabete beteko da greba mugagabea hasi zutela. Hain zuzen ere, zuzendaritzak lan erregulazio espedientea mahai gainean jarri zuelako hasi zuten lanuztea. Duela hilabete ez zekiten ez kaleratzeen kopurua ez murrizketen tamaina, baina bai «doikuntza plana» handia izango zela. Eta hala izan da.

Gainera, hiru aste luzatu da langileen agonia espedientearen mamia ezagutu aurretik. Izan ere, joan den martxoaren 13an ziren zuzendaritza eta langileen ordezkariak biltzekoak, baina bilera bertan behera laga zuen enpresak, Donald Trumpek iragarri zuelako AEBek %25eko muga zergak ezarriko dizkiela altzairu inportazioei, eta, orduan, oraindik argitzeko zegoen ea tarifok ezarriko zizkion Europako Batasunari ere. Muga zergek zuzenean eragingo liekete Tubos Reunidosen eta Productos Tubularesen esportazioei. Oraingoz, Trumpek aduana tarifetatik salbuetsi du Europa, eta Washington eta Brusela negoziatzen ari dira. Maiatzerako jakingo da EBk altzairuaren muga zergetatik salbuetsita jarraituko duen ala ez.

AEBek pitz dezakeen gerra komertziala alde batera lagata, zuzendaritzak azaldu du kaleratzeak eta erreformak justifikatzeko bezain larria dela altzairugintzarenaren sektorearen krisia. Gainera, birmoldaketari esker espero du Productos Tubulares irabazietara bueltatzea datorren urtean. Zuzendaritzak dio lantegia orain arte bezala mantenduta, 2018an 14,1 milioi euroren galerak pilatuko dituela; aldiz, kaleratzeekin eta erreformekin milioi bat euroren irabaziak lor ditzake 2019an.

Sektorearen krisia

Amurrioko taldeak urte zailak igaro ditu, altzairuaren sektorearen krisiagatik eta petrolioa merkatu egin delako azken lau urteetan. Hain zuzen ere, soldadurarik gabeko hodiak eta altzairu ugerrezina ekoizten ditu Trapagarango lantegiak, batez ere gasa eta petrolioa garraiatzeko erabiltzen direnak.

Zuzendaritzak azaldu duhiru faktorek eragin dutela Productos Tubularesen negozioaren errentagarritasuna nabarmen galtzea: produktuen salmenta prezioak merkatzeak, lehengaien garestitzeak eta dolarraren merkatzeak.

Trapagarandik saldutako polinomiozko hodiak %24,6 merkeago saldu ziren iaz 2012an baino, eta karbonozkoak, %22,3 merkeago. Arrazoia? Petrolioaren prezioa hondoratu izana 2014-2015ean, Asiako hodi merkeen lehia eta lehiakideen aurrerapen teknologikoak.

Konpainiak azaldu du soldadurarik gabeko hodien sektore osoan ari direla gerrikoa estutzen, eta merkatuko bi erreferenteak jarri ditu adibide: Argentinako Tenaris eta Frantziako Vallourec. 2014tik 2017ra, Tenarisek langileen %17,6 kaleratu ditu (4.075) eta Vallourecek %25 (6.819). Productos Tubularesek haiek baino gehiago estutu nahi du gerrikoa, beharginen %37 kaleratuta.

Langileen ordezkarien iritziz, zuzendaritzak ez ditu ondo kudeatu 2015era arte jasotako irabaziak, eta inbertsioak ez dituzte ondo aukeratu: «Uste dugu espediente berri horrekin zuzendaritzak dirua pilatzen jarraitu nahi duela».

Sindikatuek gogor hitz egin dute kaleratzeen kontra. «Guztiz onartezintzat» jo du LABek, «arbuiagarritzat» jo ELAk, eta «astakeriatzat» CCOOk. Zuzendaritzaren argudio ekonomikoek ez daukate zerikusirik langileen soldatekin eta lan kostuekin, ELAren iritziz; aitzitik, «akziodunen diru gosea» seinalatu du. BBVAk du gehiengoa, eta zati txikiagoak dauzkate Neguriko hainbat familiak. Sindikatuak gogora ekarri du taldeak azken 20 urteetan Productos Tubularesen 132 milioi euro banatu dituela dibidendutan: «Taldeko zuzendaritzak kudeaketa negargarria egin du, eta abagune ekonomikoa aurrekoa bezain ona ez denean irtenbide bakarra bururatu zaio: lan eskubideak eta enplegua murriztea».

Sindikatuek bezala, EH Bilduk ere kaleratze dosierraren kontra agertzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Iker Casanova legebiltzarkidearen esanetan, «kolpe latza da Ezkerraldeko ia desagertutako industriarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.