Lekukoek aho batez ziurtatu dute Mondragonek ez zuela esku hartu

Fagor Etxetresnen kudeaketa, konkurtso eskaera barne, beti enpresaren zuzendaritzak egin zuela deklaratu dute lekukoek. Gisasolak dio bazkideei ez ziela inoiz esan ekarpenak ez zirenik galduko

Mondragon taldearen aurkako salaketa kolektiboaren epaiketa, atzo, Bergarako epaitegian. JUANAN RUIZ / FOKU.
xabier martin
Bergara
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Raul Tenes akusazioaren abokatuak berak esana da: «Ez da ezusterik egon». Fagor Etxetresnen porrotean dirua galdu zuten 957 bazkide ohik Mondragonen aurka jarritako salaketaren epaiketak Arrasateko taldearen errugabetasunaren tesia indartu du lehen egunean, betiere lekukoen adierazpenak aintzat hartuz. Tenesek ez zuen lan makala izan, atzo, etxetresna enpresaren eta Mondragonen arteko harremana kooperatibaren autonomia eta independentziatik harago joan zela erakusteko.

Arantxa Laskurain Mondragoneko idazkari nagusiak ireki zuen lekukoen txanda, eta etengabe erantzun zituen Tenesek Mondragonen organoen izaerari buruz eginiko galderak, azalpen azkarrak emanez eta abokatuaren terminologia kooperatiboaren okerrak zuzenduz birritan. Iñigo Uzin presidentearen ordez aritu zen Laskurain. Kooperatibista zen aldetik, borondatezko ekarpenak inoiz egin ote zituen galdetu zion abokatuak, eta orduan ere erantzun argigarria eman zuen: «Ez. Fagor S. Coop. taldeko kooperatibetan egin daitezke bakarrik. Nik ez dut aukerarik izan».

Borondatezko ekarpenak, mailegu finantzarioak, menpeko ekarpenak eta bazkide bakoitzak kooperatiba guztietan egiten dituen derrigorrezko ekarpenak—enpresaren jabe egiten dituenak— galdu ziren Fagor Etxetresnak hondoratzean. Bazkide ohi batzuek 48 milioi inguru eskatu dizkiote Mondragoni, engainatu egin zituela uste dutelako. Akusazioaren abokatuak horretan sakondu nahi izan zuen, Mondragonen etxetresna egilearen itxieraz asko hitz egin zela gogoratuta. Laskurainek Mondragonen «benetako kezka» zein zen azaldu zion: «Gure kezka bakarra enplegua zen, ez itxiera. 70 milioi euro jarri genituen aurrera atera zedin, eta, artean, ez genuen diru hori, atera kontuak».

Txema Gisasola lekukoen aulkian eseri zenean ere, akusazioak Mondragonen ustezko esku hartzea erakusteko saioan segitu zuen. Fagor Etxetresnetako zuzendaria zenean, kooperatibak geroa bermatua zuela zergatik esan ote zuen galdetu zion, ez ote zen izango Mondragonek horrela esateko agindu ziolako. Ezetz, Gisasolak, bi urterako finantzaketa lortu eta gero esan zuela hori. Zergatik esan ote zuen «kapitalen irteera ez gertatzeko» lan egin behar zutela? Erretiroa hartzen zutenek beren dirua hiru urtez behintzat enpresan uztea nahi zutelako, horri buruz ari zela, «ez beste ezeri buruz».

«Bazkideek bazekiten»

Epaitegiko areto txikian beroak gora egin zuen eguerdirako. Leporaino beteta zegoen gela, eta Gisasolaren iraganeko hainbat adierazpen aztertze aldera egiten zituen galderak Tenesek, egunak eta lekuak «nahastuz», defentsaren abokatuak eta Gisasolak berak gogorarazi ziotenez. Deklarazio luzea izan zen, xehetasunez betetakoa; Mondragon taldeko organoen zeregin eta izaerak esplikatuz egin zuen aurrera lekukoak, une oro kooperatiba autonomoa zela azalduz, eta Mondragon taldearen laguntza izan zuela, baina «beste askorena ere» beharko zutela jakitun zirela, enpresa aurrera aterako bazen.

Defentsaren abokatu Arantxa Estefania askoz laburrago aritu zen, itzulinguruak alde batera laga eta galdera zuzenak eginez: «Bermatu zenien inoiz bazkideei beren ekarpenak ez zirela galduko?». Erantzun garbia Gisasolak: «Ez». Bazkideek bazekiten, Gisasolaren arabera, gauzak benetan gaizki zeudela; «baina igual ez zuten itxieran pentsatu, ezta nik ere». Tulankide Mondragoneko barne aldizkariari eta urteko memoriari dagokienez, Laskurainek bezala, Gisasolak ere garbi azaldu zuen kooperatiba bakoitzak igortzen duela informazioa, eta Tulankide-k ez duela informazioa «ekoizten». «Ondo dakit hori», esan zion Tenes abokatuari Laskurainek, «ni naizelako haren arduraduna». Memoriarekin ere beste hainbeste gertatzen dela esplikatu zuten lekukoek, eta akusazioaren abokatuak galderak egiteko oinarri zituen agirietan «soilik informazioen zati batzuk» zeudela azaldu zuen, gero, defentsaren abokatuak, Arantxa Estefaniak, «zati hautatuak», kooperatibak geroa izango zuela aditzera ematen zutenak. Estefaniak esan zuen akusazioak bazter utzi dituela enpresaren egoera iluna islatzen zuten zatiak.

«Mondragonek ezin zuen»

Fabian Bilbao kooperatiba ohiaren zuzendaria izandakoak jarraitu zuen lekukoen deklarazioekin. Angela Rodriguez-Monsalve epaileak ozenago hitz egiteko eskatu zion, Bilbao zalantzekin hasi baitzen. «Galdera argia da», esan zion behin epaileak. Baina Bilbaok ez zituen gogoratzen Tenes abokatuak galdetzen zituen hainbat pasarte. Ordurako, Mondragonen elkartasun funtsak, batzar nagusiak, kooperatiben batzarrak, elkartasun interkooperatiboak, kontseilu sozialak, LagunAro BGAEak eta beste hainbat kontzeptuk bete zuten aretoa. Lekukoek, baita Fabian Bilbaok ere, esan zuten Fagor Etxetresnen ekimenez egin zirela «beti» laguntza eskaerak, eta Mondragonek etxetresna kooperatibari 70 milioi euroko mailegua emateko batzar nagusi berezira deitu behar izan zuela, ICOk jarri beharreko dirua —finantzaketa planak jasotzen zuen moduan, 2013an— ez zelako garaiz iritsiko.

Era berean, likideziaren arazoaren neurriak utzi zuen bitartean, borondatezko ekarpenak ateratzea eskatu zutenei itzuli zitzaizkiela esplikatu zuen Bilbaok. 2012ko abenduan utzi zion enpresak ekarpenak itzultzeari, ez zegoelako likideziarik. Edonola ere, beste lekukoek bezala, Bilbaok garbi utzi zuen Fagor Etxetresnak zenaren zuzendaritza organoen autonomia eta independentzia juridikoa erabakiak hartzeko, hala elkartasun funtsak eskatzeko, nola bestelako finantzaketa iturrietan saiatzeko. Laskurainek esplikatu zuen ondoen auzi hori saio hasieran: Mondragonek ez zuen esku hartu, «eta ezin zuen, gainera». Eskuduntza horiek kooperatibenak dira. Eta, beraz, Mondragonek ez zuen atzeratu konkurtsoa, akusazioak aditzera eman zuen moduan, hasteko ezin zuelako horrelakorik egin, lekukoen arabera. Konkurtsora jo ala ez, noiz eta nola Fagor Etxetresnen eskuduntza izan zen beti, hortaz. Gaur jarraituko du epaiketak, Javier Sotil eta Agustin Markaideren testigantzekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.