Hauteskundeak gertu ikusten dituzte alderdi politikoek

PSNk atzera egiteko tarterik ez duela uste dute, eta herritarren bultzadaren garrantzia nabarmendu dute

Eragileetako kideak. JAGOBA MANTEROLA /ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Gertu dira hauteskundeak alderdi politiko gehienen ustez. Herritar asko ez da fio, eta PSNk atzera eginen duelakoan daude haietako anitz. Hala ere, alderdiak baikor azaldu ziren atzoko manifestazioan hauteskundeen inguruan galdetuta. Txelui Moreno Sortuko bozeramaileak, Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak eta Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariak hauteskundeak egonen direlako esperantza dute. «Dagoeneko bozak ezin dira saihestu», zehaztu du De Simonek.

Bide beretik mintzatu da Ainhoa Aznarez PSNko kidea. «Nik uste dut Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa oso gertu dagoela». Dena den, lehenbizi ikerketa batzordearen ondorioak aztertu beharko direla gaineratu du. Manifestaziora ez da PSNren izenean joan, bere alderdiak ez duelako babestu, baina han egoteko beharra zuela adierazi zuen: «Guziok aldarrikatu behar dugu kalean Nafarroa gurea dela eta ez dugula ustelkeria gehiagorik nahi, ezin dugu ahantzi CAN auzia ere badugula aurretik».

Ezkerrako parlamentariak ere erantzun zabala emateko beharra nabarmendu zuen: «Nafarroako Gobernuari, Barcinari eta UPNri herriak ez dituela gehiago nahi, joateko tenorea dutela esateko beste modu bat da herri manifestazio erraldoi hau». Hauteskundeak aurreratzeko, baina, jendearen erantzunaren beharra nabarmendu zuten Morenok, Ruizek eta Aralar-Nabaiko parlamentari Txentxo Jimenezek. «Bizi dugun egoera larri honetan bidea markatzen hasteko jendearen parte hartzea oso positiboa da, bestela korridoreetan geratuko litzateke dena», zioen azkenak.

Morenok UPNren gobernuaren iraupenaren erantzule egin zuen PSN, baina alderdi horrek du giltza: «PSNk urrats hori ez duelako eman jarraitzen du oraindik Barcinak gobernuan. Orain arte urrats hori eman ez dutenen esku dago, beraz». Bilduko parlamentaria, baina, itxaropentsu agertu zen gizartearen erantzunarekin: «Norbaitek atzera egiteko tentazioa badu nafar jendarteak oso zail jarriko dio».

Geroa Baiko Patxi Leuzak antzera pentsatzen zuen: «Zentsura moziorik ez bada, alderdi sozialistak oso zaila izanen du azalpenak emateko, haiek piztu baitute sua». Adolfo Muñoz Txiki eta Igor Arroyo ELA eta LAB sindikatuetako kideek, berriz, aldaketa sozialaren beharra ere nabarmendu zuten hauteskundeez harago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.