Frantzia. Macronen gobernua

Arantza bat kendu du Macronek

Modemek dena legearen barnean egin duela berretsi du Bayrouk, eta «salaketaren gizartea» deitoratu. Frantziako gobernu berrian pisu eskasa izanen du Modemek
François Bayrou, joan den hilean, Eliseora sartzen.
François Bayrou, joan den hilean, Eliseora sartzen. ETIENNE LAURENT / EFE

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko ekainak 22
Presidentetzako kanpainako aliatu, Emmanuel Macron boterera iritsi denetik bere arazo nagusietako bat bilakatu da François Bayrou Modem alderdiko presidentea. Haren alderdia ikerketapean izateaz gain, prentsari presio egiteagatik polemika artean egon da azken asteetan. Justizia ministro izendatu eta hilabetera, atzo eman zuen dimisioa; baina, bere arabera, ez da dimisio bat: gobernu berriko kide izateari «uko egin dio». Sylvie Goulard Defentsa ministroak eta Marielle de Sarnez Europako Gaietarako ministroak ere dimititu dute; Modemeko kideak dira biak. Bayrouren kargu uztearen berria jaso bezala, argi hitz egin zuen Chistophe Castaner Frantziako Gobernuko bozeramaileak Europe 1 irratian: «Orain, egoera errazagoa izanen da».

Otsail erdian iragarri zuen Bayrouk Macronekin aliantza lortu eta presidentetzarako sostengua emanen ziola. Baina legebiltzarreko hauteskundeak aitzin jakin ziren akordioaren xehetasunak: Martxan mugimenduaren hautagaiak inbestitu zituztenean, Bayrou publikoki agertu zen, adostutakoa baino askoz ere Modemeko kide gutxiago zeudela salatuz. Azkenean, ehun hautagai inguru izan dira Modemekoak, tartean, Ipar Euskal Herriko bi: Vincent Bru 6. hautesbarrutian, eta Florence Lasserre-David 5.enean. «Berrikuntza politikoa» hitzeman zuen presidentea, «politika zaharraren metodoak» erabiltzen ikusteak Martxan mugimenduko anitzen haserrea eragin zuen.

Maiatzaren 17an osatu zuen gobernua Macronek, eta, ordutik, Modemen iruzur zantzuak agertzen hasi dira. Eurodiputatuen laguntzaileak ordaintzeko sariarekin alderdiko langileak ordaintzea leporatzen diote. Hilabetero, 24.000 euroko saria banatu dezake eurodiputatu bakoitzak. Fronte Nazionala ere ikerketapean izan da, eta dirua itzultzeko eskatu die Europak sei eurodiputaturi ?Marine Le Peni 340.000 euro eskatzen dizkiote?. Sophie Montel FNko eurodiputatuak LRko eta Modemeko kide esanguratsuak salatu ondotik, justizia horietako batzuen kasuak ikertzen hasi zen, tartean dimititu berri duten Goulard, De Sarnez eta Bayrourena. Orotara, Modemeko hamar langile inguru Europako diruarekin ordaindu izana leporatzen diete.

Baina Bayrouren jarrera ere izan da polemika iturri. Justizia ministro izanagatik, «babes osoa» adierazi zion De Sarnezi, bere kontrako ikerketa judiziala abiatuko zela jakitean. Halaber, France Info irratiko ikerketa arduradunari deitu zion, bere alderdiko kideei «jazarpena» egiteari utzi ziezaiola eskatzeko. Justizia ministroak halako jarrerak izatea deitoratu dutenen aurrean, bi ekintzak «herritar gisa» egin zituela adierazi zuen Bayrouk, bere adierazpen askatasuna aldarrikatuta. Legebiltzarreko hauteskundeak aitzin, tentsioa nabaria zen Edouard Philippe lehen ministroaren eta Bayrouren artean, eta guziek aipatzen zuten hauteskundeen ondoren Bayrou izanen zela gobernua uzten lehena. Atzo eman zuen bere erabakiaren berri Paueko auzapezak.

«Salaketaren gizartea»

Bayrouk agerraldia egin zuen atzo arratsaldean bere erabakia azaltzeko. «Modemen ez dugu sekula lanpostu faltsurik izan, eta justiziarengan konfiantza osoa dut hori frogatzeko». Bere arabera, orain arteko ikerketan bere izenik ez da agertu. «Baina badakit salaketen jomugan ni nengoela; ni, eta aitzina eramaten ari nintzen bizi publikoaren moralizazio lege proiektua. Jende anitzentzat oztopo bat izanen da lege hori».

Halaber, sortu den egoerak gobernua «arriskuan» jartzen zuen Bayrouren ustez, eta, bere arabera, horregatik hartu du erabakia. «Ondorioak atera ditut. Adierazpen askatasuna berreskuratzea hautatu dut, moralizazio legea babestea hautatu dut, gezurrean oinarritzen diren kanpainanen aurrean, sostengatzen dudan gobernua babestea hautatu dut». Bere kargua traba bat zela azaldu du, Justizia ministroa baita bere arabera, «salaketa eta gaitz errateen» aurrean bere burua defendatu ez dezakeen bakarra; «injustiziaren aurrean isilik gelditu behar duen bakarra».

«Salaketan» oinarritzen den gizartea ere kritikatu du Bayrouk, eta sortu den egoera bigarren mundu gerrako salaketekin alderatu du, erran gabe aditzera emanez. «Garai batean, gutun anonimo gehien zabaltzen zen herria zen Frantzia. Auzokoaren inbidia garai berri batean sartu da». Sistema mediatikoa egin du errudun: «Salaketak, sare sozialekin eta prentsarekin... Elementu horiek kontuan hartu, eta ikerketa abiatzera behartua da justizia, eta hori, aurrekondena gisa aurkeztua da». Urteetan izan den bilakaera deitoratu du: «Orain dela urte batzuk, kondenatua izan behar zen gobernua uzteko, ondoren inputatua izatea jarri zen baldintza bezala, eta, orain, ikerketa judizial bat hasi bezain laster eskatzen da dimisioa, eztabaidarako tarterik utzi gabe».

Macron laguntzeko prest

«Presidentearen ondoan egonen naiz, hura lagundu eta sostengatzeko, gure arteko elkar aditze politiko eta pertsonalari leial». Modemeko hiru ministroak gobernutik kanpo gelditu badira ere, bere alderdia presidentearen gehiengoari lotua izanen dela berretsi du Justizia ministro ohiak. Bere arabera, bi alderdiak dira gobernuaren oinarriak eta hala segitu beharko luke. «Uste duzuena baino lehenago itzuliko naiz gobernura».

Alta, ezin erran Frantziako Gobernuan Modem alderdiak pisu handirik izanen duenik. Bi estatu idazkari izanen ditu: Jacqueline Gourault, Barne ministroaren ondoko estatu idazkari , eta Genevieve Darrieusecq, Florence Parly Armada ministroaren ondoan. Biak ala biak Bayrouren hurbilekoak.

Berrogei diputatu inguru lortuta, talde propioa osatuko du Modemek Frantziako Asanblean. Gehiengoa lortzeko, gobernatzeko, Macronek ez du Modemen beharrik, baina ez zaio komeni oposizio ahots bat gehiago izatea. Badirudi oreka politiko hori aurkitzen saiatu dela gobernuan Modemekoei leku txiki bat utzita. Gobernuko kide ez izatea bere erabakia izan dela berretsi du behin eta berriz Bayrouk, baina, asteotako bilakaera ikusita, ondorio berberera iritsi dira anitz: Macronek «dimititu» du Bayrou.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna