Kataluniako erreferenduma

Catalunya en Comu ere, alde

Erabakitzeko eskubidea defendatzeko erabaki dute urriaren 1ean bozkatzea, baina, haientzat, ez da loteslea izango. Bost alkate ikertzeko eskatu du Maza Espainiako fiskal nagusiak

Nuria Marin L' Hospitaleteko alkatea, Ada Colau Bartzelonakoa eta Carles Puigdemont, Diada egunean. MARTA PEREZ / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Bartzelona
2017ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Erreferendumak posizioak hartzera behartu ditu alderdiak Katalunian, eta, Espainiako Gobernuaren errepresioaren ondorioz, batera edo bestera egitera behartu ditu. Zehaztugabetasunean ibili dira, ordea, orain arte Podemosen adar katalana eta katalanistak: ataka zailetik ateratzeko, erdibideko akordioa egin zuen herenegun Ada Colau Bartzelonako alkateak Carles Puigdemont presidentearekin, udalaren eraikinik erabili gabe bartzelonarrek non bozkatu izan dezaten. Erabaki garrantzitsua da erreferendumaren aldekoentzat, hiriburuak duen herritar kopuruaren ondorioz, baina hobea izan zitekeen, jendeak ohikotzat dituen lekuak irekiko balituzte. Dena dela, atzo urrats bat gehiago eginez, Catalunya en Comu-n izena emanda daudenen %59,3k onartu zuten bozketan parte hartzea, xehetasun handi bat eginez: mobilizazio bat izango da; alegia, ez duela haientzat balio loteslerik izango, baina bozkatzera joango direla. Podemek berak, baina, bilkura bat egingo du datorren astean, eta orduan erabakiko du zer egin.

Independentziaren alde, erabakitzeko eskubidearen alde, demokraziaren alde... Arrazoi asko egon daitezke urriaren 1eko erreferendumean bozkatzeko, eta comun-en kasuan arrazoi nagusiak zein diren azaldu du Elisenda Alemany bozeramaileak: «Parte hartzera dei egingo dugu. Uste dugu ez dela unea Katalunia eta erabakitzeko eskubidea PPren beldurraren estrategiara makurtzeko». Alderdi Popularraren «olatu errepresiboari» aurre egiteko erabakia dela defendatu du. Hori bai, «asko zainduko» dute alderdikideak ez daitezen behartuak sentitu bozkatzera. Erabakitzeko eskubidea izango du ardatz, urriaren 1era bitartean, eurena soilik izango den kanpainak, baiezkoaren alde daudenekin nahastu gabe. Nabarmenduko dute herritarren %80 daudela erabakitzeko eskubidearen alde, «PPren itsutasun eta gortasunaren aurrean», sartu gabe independentziaren alde edo kontra dauden. Behin bide hori hartuta, Madrilera begira ere jarri dira, eta alderdi sozialistari kargu hartu diote, esanez ezin duela PPren alden jarri; une honetan ez.

Jendetza bozkatzera

Hain zuzen, zergatia zein dela ere, hori da erreferendumaren alde daudenek nahi dutena: jendea bozkatzera ateratzea, alde edo kontra, non eta nola bozkatzeak jartzen dituen zailtasunak gorabehera. Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiak atzo ikertzeko eskatu zituen bost alkateen nahia ere hori izan da, gainerako 705ena bezalaxe: euren herrietan herritarrek nahi dutenari bidea jartzea. Horregatik deitu dituzte deklaratzera.

Mazak eman du zuzenean bost horien kontrako agindua, forudunak direlako, Lleida, Tarragona, Bartzelona eta Gironako fiskalen esku utzi beharrean, gainerakoen kasuan egin duen bezala: Ferran Bel Tortosako alkateaz gain —Espainiako senataria—, Mollerussako Mark Solsona, Seu d'Urgelleko Albert Batalla, Vallseko Albert Batet eta Vilanova i la Geltruko Neus Lloveras inputatu ditu. Hain zuzen, Lloveras AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien presidentea da, eta hura izan da alkateak deklaratu ostean euren jarrera bateratua zein izango den azaldu duena, baita haien izenean herenegun Tarragonako mitin bateratuan hitz egin zuena ere. Alkateek deklaratzera joan beharko dute, Lloverasek esan zuen bezala batzuk bere kabuz, eta beste batzuk gogoz kontra, atxilotzeko agindua baitago, ez joanez gero, baina euren esku dagoen guztia egingo dute erreferendumak aurrera egin dezan, horretarako Madrilen agindua desobeditu behar badute ere.

Orain, fiskalak Fiskaltza Nagusiaren dekretu marko baten zain daude, ehunka alkate horien kontra nola eragin jakiteko. Instrukzioen arabera, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi ditu galdeketa subiranista eta hura arautzen duen legea, eta, beraz, hura antolatzen laguntzen edo parte hartzen duten kargu publikoen, funtzionarioen eta norbanakoen jarrerak, gutxienez, desobedientzia delituzkoak dira, eta, inhabilitazioarekin, prebarikazioarekin, bidegabeko erabilerarekin eta isunekin ordaindu beharrekoa. Bidegabeko erabilera kartzelarekin ordaintzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.