Albistea entzun

Bozkalekua: hertsitako espazioa

Adimen urritasunagatik, narriadura kognitiboagatik edo buruko gaitzengatik, pertsonen gaitasunak ebazpen judizial bidez murrizten dira zenbaitetan; usu, sufragio eskubidea mugatzera ere egiten da sententzia horietan. Gero eta ahots gehiago daude, ordea, horren kontra. Neurrira egindako epaiak eskatzen dira: galarazi besterik egiten ez duten ebazpenak bazter batean uztea, eta autonomia errespetatzea.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2017ko apirilak 5

Inertziaz jokatu da urte askoan. Pertsona bat bizitzako alorren baterako gaitasunaz gabetzera joan direnean, automatikoki eragotzi izan diote sarri askotan botoa emateko eskubidea. Urte askoan, txuri edo beltzak izan dira sententziak: erdibiderik gabeak». Rafael Armesto abokatua da, aditua adimen urritasuna dutenen eskubideetan; Fevas adimen urritasuna dutenen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteen federazioak sufragio eskubidearen alde plazaratu berri duen aldarri baten inguruan ari da. Izan ere, eskubide hori egikaritu ezinik daude adimen urriko pertsona asko, eta horren kontrako ahotsak ozentzen ari dira. Estatuan, oro har, egoera horretan 100.000 lagun inguru daudela azaldu du Armestok, eta garrantzitsua dela boto eskubidea berreskuratu nahi duten andre eta gizonei horretarako era ematea.

Legez, gainera, horretarako bideak badirela uste du. Espainiako Konstituzioan bertan aldeko lehen argudioa: «Sufragio eskubidea hantxe aipatzen da: herritar guztientzat». 2006. urtean, New Yorken NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatuta urritasunak dituztenen eskubideen inguruan egin zen biltzarrean onetsi zen testua beste agiri erabakigarri bat da alorrean. «Eta konbentzio hori argia da; 29. artikuluak dio inolako mugarik ezin zaiela ipini pertsonei botoa emateko». Halaxe da, argia da ebazpena: sufragio aktibo eta pasiboa, biak onesten dizkie agiriak urritasunak dituztenei; alegia, hautatzekoa, eta hautatua izatekoa. Badaki, ordea, Armestok non okertzen den bidea. «Zein da arazoa? Hauteskunde Erregimeneko Lege Organikoa: 1985eko lege bat da, eta lege horrek behartzen ditu epaileak pertsonek botoa emateko duten gaitasuna baloratzera». Ondorioz, gaitasunak murrizteko prozeduraren bati lotuta —urritasunak dituztenak bizitzaren hainbat alorretan babesteko egiten dira horrelako auzibideak— aztertzen diren pertsonen kasuan, epaileek sarritan botoa emateko gai diren ere ebaluatzen dute, eta hortxe dago koska: askok ez dute gainditzen magistratuek ipintzen dieten langa.

Antzeko arazoak badira beste hainbat estatutan; NBEk egindako azterketa txostenen arabera, jokabide hedatuak dira, eta, kasurako, Espainiako eta Frantziako legeriek, biek jartzen dute modua adimen urritasunak dituztenei sufragio eskubidea mugatzeko. Horregatik, alorrean moldaketak egitea komeni da; ez hori modu orokortuan egiteko, behintzat. Armestoren arabera, horixe da elkarteen eskakizun nagusia. «Guk defendatzen dugu guztiek bozkatu dezaketela; eta, gutxienean ere, aztertu egin behar dela nork bozka dezakeen».

Adimen urritasunak dituztenei bakarrik ez, narriadura kognitiboak —dementziek eragindakoak askotan— eta buruko eritasun larriak dituzten gaixoei ere kentzen zaie hainbatetan zenbait eskubide egikaritzeko era, usu boza ematekoa. Gaixo horiekin eta haien sendiekin dihardute Hurkoa fundazioan, Gipuzkoan; laguntza eta aholkua ematen diete, eta, erien ardura hartuko duen inor ez bada, haien tutoretza ere hartzen dute beren gain. Hango legelarietako bat da Andikona Uriarte. «Ezgaiketa epaiek, New Yorkeko konbentzioaren ondorioz, baita konbentzioaren aurretik ere, norberaren neurriko trajeak izan behar lukete: behar duen arloetan babestu behar dute pertsona, eta gaitasuna duen arloetan mantendu behar diote», azaldu du. Aldiz, bat dator bera ere Armestorekin; orain urte, gutxi arte epai horiek «zanpagailuaren gisakoak» izan dira gehiegitan: «Igualak ziren guztiak: pertsona horiek beren burua gobernatzeko zuten gaitasun falta erabatekoa zela esaten zuten. Guk horrelako asko irakurri ditugu, zoritxarrez». Gipuzkoako adimen urridunak eta haien senideak batzen ditu Atzegi elkarteak, eta haiek ere bat datoz salaketan. «Orain gutxi arte, gaitasun moldaketa guztiak ziren edo erabatekoak, edo partzialak; eta, normalean, adimen urritasuna duten pertsonen kasuetan beti erabatekoak ziren». Atzegiko Familia Laguntza zerbitzuko teknikaria da Ainhoa Fiz, eta antzeko kasu ugari ikusi ditu hark ere. Justizia ulerberago batera egitea, ordea, ezinbestekoa iruditzen zaio. Haienean Ni ez nagoenean, zer? galderaren inguruan ardazten dituzte usu familiek kezka asko, eta argi du epaitegietan har daitezkeen neurriak egokiak izan daitezkeela kezka hori baretzeko. Horietan eskubide zibilen egikaritzea mantentzearen alde irmo egin behar dela uste dute, ordea, elkartean. Eta boza ematea bezalaxe, egokia iruditzen zaie, esaterako, adimen urritasunak dituztenek ezkontzeko eskubidea eta testamentua egiteko eskubidea ere egikaritzeko modua izatea. Eskubide horiek kendu gabe, babes neurriak har daitezke: «Oso garrantzitsua da baloratzea zeintzuk diren arriskuak, eta agian mugak jarri behar dira. Zein izan daiteke muga bat? Ba, esaterako, pertsona batek ezkondu nahi badu epaileari baimena eskatzea. Hartara, epaile horrek benetan ikusiko du pertsona hori ezkontzen den nahi duelako, hertsatzerik gabe. Horrelako baimenak egotea garrantzitsua da: baina horraino», azaldu du. «Gainera, botoa emateko eskubidearen kasuan, zein arrisku dago?». Ez dute ulertzen: «Botoa parte hartze sozialaren erakuslerik adierazgarrienetarikoa da. Hori kentzen badiogu adimen urritasuna duen pertsona bati, nolabait ere, gizarte honetako kide izatea ukatzen ari gara».

Bat dator Uriarte; boza emateko modua izateko aparteko eskariak egitea ez da bidezkoa. «Edozein herritarri eskatzen zaiona: egoera politikoaz pixka bat jakitea. Ez litzateke gehiago eskatu behar». Eta, azken urteotan, aurrera urratsak ikusi dituzte: zenbait epaitegitan —Gipuzkoan, bereziki— epai «aitzindariak» eman dituzten epaileak badira; jarduteko era berri baten eredua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Berri Otxoak taldeko kideak, Barakaldoko Udalak duela 30 urte hustutako lokalaren aurrean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Hiru hamarkada gizarte eskubideen alde lanean

Gotzon Hermosilla

Berri Otxoak gizarte bazterketaren kontrako plataformak 30 urte bete ditu, eta taldearen abiapuntu izan zen lekuan ospatu du urteurrena: 1992ko abuztuaren 12an Barakaldoko Udalak hustutako lokalean.

Indarkeria matxistaren kontrako informazioa, Baionako bestetan. ©P. BELTZAIZ

Talde bortxaketa egotzita, behin-behinean kartzelara

Oihana Teyseyre Koskarat

Baionako bestetan izandako bortxaketaren harira, bi gizon preso sartu dituzte auzia egin arte. Bi gizon zigortu dituzte sexu delituak leporatuta

Girondako suteetak, aste honetan. ©PHILIPPE LOPEZ / POOL

Kontrolpean dute atzo Agurainen piztutako sutea

Berria

Sute bat piztu zen atzo Agurain aldean (Araba), eta kontrolpean hartu dute suhiltzaileek, bart hura itzaltzeko lanetan aritu ondoren. Okzitaniako suteak ez dira gehiago hedatu gauean, eta trafikoa normal dabil Irun aldean. Halere, Akitania Berriko Prefeturak adierazi du sutea hedatzeko arriskua «oso handia» dela oraindik.

Istripua izan den tokia. Oinezkoak ezkerretik eskuinerantz zeharkatzen ari ziren errepidea, zebra bidean ©Iruñeko Udaltzaingoa @PamplonaIrunaPM

82 urteko emakume bat hil da Iruñean, auto batek harrapatuta

Berria

Vergel zubian izan da ezbeharra, oinezkoentzako pasabide batean, Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Emakumearekin zihoan gizonezkoa larri dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...