Yasmina Kherfi. USTKE sindikatua

«Abstentzioa da arazo nagusia kanaken artean»

Independentistek erreferenduma irabazteko aukera dutela deritzo Kherfik, galdeketara «elkartuta» joanez gero.

ander perez zala
2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Yasmina Kherfi (Poissy, Frantzia, 1960) Kaledonia Berriko USTKE Langile Kanaken eta Zapalduen Batasun Sindikalaren ordezkaria da Frantzian. Kanaken abstentzioaz ohartarazi du, gazteenaz batez ere. Baztertuak daudenez, ez dute interesik prozesu politiko horren inguruan.

Kaledonia Berriko Kongresuan, gehienak loialistak dira. 2018 amaitu baino lehen erreferendumera deitu beharko du, bestela Paris arduratuko da horretaz. Zergatik ez dute kaledoniarrek deitzen?

Ez dira ados jartzen. Loialista gehienek ez dute erreferendumik egin nahi, baina AE Etorkizuna Elkarrekin alderdiak, esaterako, nahi du, uste duelako independentziaren aurkakoek irabaziko dutela. Bestela, Elkartzea alderdia dago, galdeketarik nahi ez duena, ez duelako garaile eta galtzailerik nahi; horregatik, hirugarren irtenbide bat proposatu dute: akordioak lortzea, Kaledonia Berriaren estatusa berritzeko. Kanakek, noski, erreferenduma nahi dute. Nik uste dut galdeketa eginda iraganeko gatazkak itzuliko direla. Horiek dira gatazka honetako hiru ikuspuntuak.

Zehaztu al dute hirugarren aukera hori?

Ez.

Erreferenduma hiru aldiz egitea arriskutsua eta onuragarria izan daiteke bi aldeentzat.

Bai, hori da. Kanakek [autoktonoek] erreferenduma irabaz dezakete, baina elkartuta joanez gero. Parte hartzeari begira, kanaken artean arazo nagusia abstentzioa da, batez ere gazteen artean. Izugarria da, batez ere tribuetan eta langile auzoetan. Beste aldean, independentziaren aurkako guztiek, loialista guztiek, bozkatzen dute.

Zergatik dago abstentzio handi hori?

Gazteak oso baztertuak daudelako, eta, horren ondorioz, ez dute interesik galdeketan. Bozkatu aurretik, beti eman behar da izena, eta ez dute pauso hori egiten. Batzuek ez dute helbiderik, besteek askotan aldatzen dute, eta abar. Horregatik eskatzen dute independentistek kanak guztien izen emate automatikoa egin dadila erreferendumerako boto emaileen zerrendan. Bozkatzeko eskubidea dute, baina ez dute izena ematen. Horren harira salatu dute independentistek 25.000 kanak inguru falta direla hauteslerian. Eskuinak 13.000 direla esan du. Legearen arabera, gurasoak kanakak badira seme-alabek bozkatzeko aukera dute.

1998az geroztik iritsi diren kolonoentzat da zailena, frogatu behar baitute gutxienez hogei urtez jarraian bizi izan direla irlan. Batez ere urte hartatik iritsi dira atzerritar mordoa. Kanakek onartu dute akordioak baino lehen iritsitako atzerritarren boto eskubidea, baina ez dute eskaintza gehiagorik egingo. Esan beharrik ez dago kanakei ez dietela baimenik ezta iritzirik ere eskatu kolonizatzaileak irlara iristeari buruz.

Kaledonia Berrira atzerritar asko joan dira. Eragin handia izan du kulturan, identitatean, ekonomian, ala erresistentzia izan da alde horretatik ere?

Eragina izan du, zalantzarik gabe. Lanpostu garrantzitsuenetan daude kanpotarrak, oro har kanakek baino hezkuntza maila handiagoa dutelako, prestatuagoak daudelako. Eta gazte kanaken artean langabezia handia dago.

Kaledonia Berriko hezkuntza sistema Frantziaren berbera da, kopia bat da, eta ez du Kaledonia Berriko errealitatea kontuan hartzen. Ikasketetan ere nabari da, eskola porrota handia da. Baina, azken urteetan, hobetu egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.