Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Patriarkatuaren zirrikituetatik, bide berrien bila

Publizitatea

Mundua

Patriarkatuaren zirrikituetatik, bide berrien bila

Gizarte patriarkalak sustrai sakon-sakonak ditu Indian. Emakumeak bigarren klaseko herritartzat hartuak izan dira, eta oso hedatua daude sexu jazarpena, giza trafikoa, prostituzioa, dotea, edota neskak jaiotzea eragoztea. Egoera, baina, pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari da.
Emakume talde bat, ura garraiatzen, Padalen.
Argazkia: JAIPAL SINGH/EFE

2016-10-19 / Nerea Menor

Bazterrak astindu zituen Mahesh Sharma Indiako Kultura eta Turismo ministroak duela aste batzuk. Prentsaurreko batean gona eta soineko motzik ez erabiltzea gomendatu zien turista atzerritarrei. Segurtasuna babestea zen, antza, haren asmoa, eta ez omen zuen intentziorik janzkera arautzeko, erlijio ohiturak ezberdinak direla oroitarazteko baizik.

Hala ere, polemika itzela piztu zuen. «Zer? Berriz ez, mesedez». Horixe izan zen Ankita Saikiaren aurreneko erreakzioa ministroaren adierazpenak entzun zituenean. Saikia Assamen jaioa da, baina aspaldi bizi da Bangaloren. Indiako hiri teknologikoan start-up enpresa talde bateko arduraduna da. «India lurralde seguruago bat bihurtu beharrean, guraso aholkuak ematen dituen ministroa, nire ustez, oso zalantzagarria da».

Indian emakumeen kontrako indarkeria oso ohikoa da. Azken aldian, gainera, talde bortxaketak azaleratu dira. Erasoren bat gertatzen denean, nazioarteak kritika zorrotzak egiten dizkio administrazioari, eta, horren aurrean, gomendioak ematea izan da agintarien erantzuna. Horien bitartez, erasoen kopurua gutxitu nahi du gobernuak. Eta, bide batez, kritikak arindu. Saikiak uste du ez dela oso bidezkoa atzerritarrez soilik hitz egitea, arriskuez soilik hitz egitea eta emakumeak bakarrik aipatzea.

Emakumezkoen jantziak epaitzea oso jarrera hedatua da oraindik Indian. Baita Millennials delako belaunaldia janzkera tradizioa errotik aldatzen ari den garai honetan ere. Gizarte patriarkalak sustrai sakonak ditu herrialdean, eta, egoera pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari den arren, askotan ez dago emakumeenganako errespeturik, bigarren klaseko herritartzat hartzen baitira, eta, ondorioz, objektu moduan tratatzen dituzte maiz. «Gizon askok uste dute emakumeak baino gehiago direla, eta emakumeen egitekoa haiek zerbitzatzea dela; objektutzat jotzen dituzte, eta, hortaz, eskubiderik ez dutela pentsatzen dute», dio Sayfty erakundeko Shruti Kapoorrek.

Erakunde honek sarritan salatu du sexu jazarpenen kontrako lege egokien gabezia eta horien ezartze maila eskasa. Ondorioz, erasotzaileek ez dute beldurrik, delitua egin arren zigorgabetasuna zabalduta dagoelako. Horiek horrela, ez da harritzekoa emakumeek sentitzen duten segurtasun falta, bakarrik daudenean, kalean edo garraio publikoan, mozkor talde bat ikusten dutenean, edota autoan bakarrik daudenean. Duela ez asko, mendeku kontuak tartean, emakume bat tiroz hil zuten Delhin, gauean bulegotik etxera gidatzen zihoanean. «Emakumearen errua izan zela entzun behar izan genuen», dio Saikiak. «Haren errua gauerdian Delhin bakarrik gidatzen zihoalako... Horrelako hitzak oso arruntak dira». Unibertsitatean ere oso ohikoak dira emakumeen kontrako irainak, baina, familiaren edota erakundearen izen ona eta ospea babeste aldera, askok ez dute ezer esaten.

Alarma bortxaketekin

Azkenaldian asko entzun dugu Indian gertatzen diren bortxaketen inguruan, eta alarma handia piztu da; atzerritar asko beldur dira, eta mesfidantzaz begiratzen dute. 1.200 milioi biztanle ditu herrialdeak, eta estatistika ofizialek diote hogei minututik behin emakume bat bortxatzen dutela. Europako beste edozein herrialderekin alderatuta, aldea nabarmena da, nahiz eta han ere kezkagarriak diren datuak. Espainian zortzi ordutik behin bortxatzen dute emakume bat. Mexikon hemezortzi segundotik behin. Kolonbian bi emakume orduko.

Nolanahi ere, zenbaki ikaragarria da, eta erakunde zein eragile ugari ari dira lanean arazo horri irtenbidea topatu nahian. Lehen baino kontzientzia handiagoa dago orain emakume eta nesken artean. «Salaketa kopurua igo egin dela igarri dugu Sayftyn, emakumeek hobeto ezagutzen dituzte beren eskubideak, eta berba egiten dute indarkeriari buruz», azaldu du Kapoorrek.

Gizartean duela bi edo hiru urte baino kontzientzia handiagoa egon arren, oraindik lan handia dago egiteko. Polizia eta administrazioaren erantzuna oso eskasa da, eta sistema judiziala oso motela; urteak behar izaten dira justizia egiteko. Kapoorrek uste du errua bota beharrean agintariek eta poliziek biktimek diotena sinesten hasi behar dutela.

Sumana Setty, C2C Commit 2 Change (Aldaketarako Konpromisoa) erakundeko arduraduna, bat dator Kapoorrekin: «Ustelkeria asko dago eta enpatia gutxi emakumeen inguruko gaiei dagokienez».

Horren harira, Guria erakundeak jokabide desegokia edukitzeagatik hainbat polizia salatu ditu Uttar Pradeshen. Guriak frogatu du polizia horiek sexu trafikoa, bortxaketa eta umeen prostituzioari lotutako aferetan parte hartu dutela.

Prostituzioa

Emakume eta Umeen Garapenerako Ministerioaren arabera, hiru milioi prostituta daude Indian, %40 adingabeak. Horietatik %70-75 artean giza trafikoaren bitartez sartu dira sexu merkatuan.

Guria erakundea duela 24 urte hasi zen lanean, eta urte hauetan frogatu du ume desagertuen arazoa giza trafikoarekin zuzenki lotua dagoela. «Poliziak 881 neska adingabe erreskatatu zituen 2010. 2011. eta 2012. urteetan. 1.200.000tik %0,07 besterik ez», zehaztu du erakundeko ordezkari Ajeet Singhek. «Egoera horren berri emateko, bi urtetik behin txostenak prestatzen ditugu, eta ministroari polizien jarrera salatu».

Proxeneta, polizia, burdel arduradun, politikari eta trafikatzailez osatutako taldeak daude giza trafikoaren atzean. Lehenengo, biktimak liluratzen dituzte opari eta hainbat promesen bitartez. Gero, psikologikoki eta fisikoki txikitzen dituzte. Azkenik, helmugaraino eramaten dituzte: burdelak, dantzalekuak, atzerrira, mirabe sexual moduan lan egitera, edo ezkondu egiten dituzte.

Martxoan, Indiako Gobernuak giza trafikoaren aurkako lege berriaren zirriborroa aurkeztu zuen, eta Guria zirriborroa osatu zuen batzordeko partaide izan zen. Erakundeak uste du aurrerapauso bat dela, baina baita erronka handia gobernuarentzako ere: «Ustelkeria izugarria da, eta gizartean genero aurreiritziak oso errotuta daude; gainera, polizia eta bestelako arduradunak jarrera tentela eta arduragabea erakusten ari dira legeak gauzatu behar dituztenean». Shingheren ustez, benetako aldaketa gizartetik hasi behar da. «Giza trafikoaren kontrako borrokan parte hartu behar dute herritarrek: haren jatorrian, ibilbidean eta helmugan».

Guriaren helburu garrantzitsuena da talde kriminalekiko dependentzia haustea eta prostituzioaren bigarren belaunaldia galaraztea. Horretarako, hezkuntza, sostengu emozionala eta babesa ematen dizkiete emakumeei.

Dotearen ohitura

Indiako eskualde askotan, etxe berean bizi da familia guztia. Semeak gurasoen etxean gelditu ohi dira, eta emazteak arduratzen dira gurasoez haiek zahartzen direnean. Alabak banantzen dira, beraz, familiarengandik, senarraren etxean bizitzeko. Horregatik ematen dio aitak dotea alabari ezkontzean, hori da-eta hari dagokion oinordetza. Egun, tradizio hori alde batera uzten ari dira, eta bestelakoa da egoera: «Joko ikaragarri bihurtu da ohitura hori: alabarentzat senar egokia aurkitu ahal izateko, diru kopuru handia ematera behartuta dago aita», jakinarazi du Sumana Settyk.

Familia askok baliabide mugatuak dituzte, eta neskatoen hezkuntza ez da balio handiko inbertsioa gurasoentzat. Semeak eskolara bidaltzen dituzte, baina alabak ez, diru hori aurreztu eta ezkontza ordaintzeko erabiltzeko. Horiek horrela, alabak zamatzat hartzen dira, eta familia askok, oso gazte ezkontzera behartzeaz gainera, saldu egiten dituzte burdeletan, edota neskametza lanetan sartu.

Emakumearen bazterketa areagotzen duen beste faktoreetako bat emakumezko fetuen hilketa da. Indiako Auzitegi Gorenak 43 hitz blokeatzeko agindua eman die Interneteko hainbat bilatzaileri. Horrela, zaildu egin nahi du fetuaren sexua zehazten duten zerbitzuak aurkitzea.

Sexua zehazten duten analisiak legez kontrakoak dira Indian, neska izanez gero senideak edo senarrak abortatzera behartzen baitituzte emakume asko. Muga jakin batzuk dituen arazoa dela dio Saikiak; hala ere, jokabide oso zabaldua da hainbat eskualdetan. 2011ko datuek diote 918 emakumeko mila gizon daudela, baina Keralatik Haryanara kopurua guztiz aldatzen da.

Zerbait egin ezean, gobernuaren kalkuluen arabera, 2021. urterako mila gizoneko 900 emakume baino gutxiago egongo dira. Egoera hori aldatu nahian Narendra Modiren Gobernuak Beti Bachao Beti Padhao (Neskak babestu, neskak hezi) izeneko kanpaina jarri zuen abian 2014an. Programa horri esker, hainbat egitasmo jarri dira martxan. Horien artean daude hainbat herritan ratioaren arazoari buruz informatzea, nesken eguna ospatzea, sinadura kanpainak antolatzea... Egindako lanaren emaitzak biltzen hasi da dagoeneko Emakume eta Umeen Garapenerako Ministerioa. Haryana estatuan, adibidez, mila mutileko 900 neska baino gehiago daude dagoeneko. Urte askotan, emakumeen kopurua 850 azpitik egon izan da.

Kalean utzitako neskak

Commit 2 Change erakundeak neska umezurtzekin egiten du lan: «Batzuetan, emakume jaiotzeagatik abandonatu egiten dituzte, edo hil, eta, senideen eskuetan uzten badituzte, haiek kalean uzten dituzte. Besteetan, neskametzatik eta burdeletatik alde egin duten umeak dira».

Gizarteak umezurtzak erdeinatzen ditu, eta C2Cren moduko erakundeak pobreziaren sorgin gurpila hausten ahalegintzen dira haien oinarrizko beharrak betez: eskola tasak ordainduz, liburuak erosiz... Eta tutoreak kontratatzeaz gainera, biziki saiatzen dira nesken autoestimua sendotzen, traumen gainean berba eginez eta arreta berezia jarriz duintasunean.

Sumana Settyk adierazi du aldaketa nabaria dela: «Bilakaera oso motela da, baina heldu da. Neska bakar batek eragin handia du beste hainbatetan, eta hezitako emakumeek haurrak, senideak, komunitatea eta gizartea heziko dute».

Badakite emakumezko eta gizonezkoen arteko parekotasunaren diskurtsoa aldatu beharra dagoela Indian. Ezer baino lehen, emakumeen aurkako bortizkeriaren inguruko kontzientzia sortu beharra dago eskoletan. Haurrek amaitu behar dute generoak mendeetan zehar eragindako bazterkeria, baina gurasoek gidari izan behar dute, neskatoak aintzat hartuz eta eredu izanez: «Alabaren hitzak sinestea da aurrenekoa, bortxatua izan dela dioenean, eta, kalean sexu jazarpen ekintzak edo erasoak ikusiz gero, erasotzaileen aurka eginda», dio Kapoorrek.

Horren lurralde zabala izanik, bereziki konplexua da adierazpen orokorrak egitea Indian. Alde batetik, potentzia ekonomikoa da, eta, ekonomiarekin batera, bizkor haziz doa erdiko klasea. Haien artean ez dira horren ohikoak ezkontza behartuak, ezta dotearen ordainketa ere. Landa eremuan, baina, egoera oso bestelakoa da, hala nola hirietako bazterretan, edo klase apaletan, non desnutrizioa, analfabetismoa eta pobrezia maila oso handiak diren.

2011ko datuen arabera, biztanleen %70 landa eremuetan bizi dira Indian. Modiren gobernuak, hain zuzen, gazte eta emakumeetan zentratuz, hainbat estrategia abiatu ditu eskualde horiek garatzeko. Ezkontza behartuen kontra legezko ekintzak hartu ditu adibidez. Gauzak onerako aldatzen ari omen dira arlo horretan ere, baina denbora gehiago behar da, baita baliabide gehiago ere.

Emakumeendako diru sarrera jasangarriak sortzea da orain erakunde askoren helburua. Horien artean dago Women on Wings (Emakumeak Hego Gainean). Jada 199.900 lanpostu sortu dituzte, eta, haiekin batera, komunitate askoren bizi baldintzak hobetu. Diru sarrerez gain, lanak autonomia ekonomikoa dakar eta pobrezia murriztea. «Emakumeen soldatek eragin zuzena dute haien inguruan; izan ere, senitartekoekin partekatzen dute dirua, eta, ondorioz, ume askok eskolara joateko aukera dute», zehaztu du erakundeko arduradun Ineke Bezembinderrek.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak