Errotutako suak kitzikatuz

Klima aldaketa ez da munduan dauden gatazken abiapuntua, baina horietan eragin nabarmena izan duela ohartarazi dute aditu askok. Hurrengo hamarkadetan, gainera, harreman hori gero eta gehiago estutzea espero da, eta Afrikan, esate baterako, gerrak %55 ugarituko direla iragarri dute.

Nekazari txinatar bat gari lastoa landatzen, Gobi basamortuan, hondar ekaitzak eragotzi eta lursaila lehengoratzeko asmoarekin. MARK / EFE.
Juanma Gallego.
2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Etxea atzean utzi eta alde egiteko beharra. Hori izan da siriar askoren patu latza azken urteotan. Besteak beste, Yarmuk ibaiaren arroa (Siria) bete-betean jo du gerrak, eta, ondorioz, hango biztanleek beren etxeak utzi eta alde egin behar izan dute, lantzen zituzten lurrak lugorri utzita. Satelite bidezko irudiek hondamendiaren tamaina erakutsi dute. Zehazki, %47 gutxitu dira soroak. PNAS zientzia aldizkarian abenduan argitaratutako datuen arabera, uholdea hasi aurretiko garaiarekin alderatuta (2006-2012), Jordaniara doan ur jarioa 3,5 aldiz handiagoa izan da 2013-2015 biurtekoan. Gehikuntza horren eraginaren erdia mugaren beste aldean landu gabe geratu diren lurrei egotzi diete ikertzaileek. Artikulua idatzi duten Stanfordeko Unibertsitateko adituek (AEB Ameriketako Estatu Batuak) laburbildu dutenez, «gatazka armatuak Siriako uren kudeaketan eta erabileran aldaketa nabarmena eragin du».

Gatazka batek ur baliabideetan izan dezakeen eraginaren inguruko ikerketen azken adibidea da hori. Baina kontrako lotura ere bada. Egoera ulertzeko, klima aldaketak nazioarteko segurtasunean duen eraginari buruzko ikerketak ugaritu dira azken urteotan. Adibidez, 2015eko martxoan PNASen argitaratutako beste ikerketa baten arabera, 2007 eta 2010 artean Mesopotamian izandako lehortea izan zen Siriako gerra piztu izanaren arrazoietako bat. Egindako kalkuluen arabera, 1900. urtetik hona, tenperaturak 1-1,2 gradu gora egin du, eta urtaro hezeko prezipitazioak %10 gutxitu dira. Ondorioz, elikagaien eskasia eta zerealen prezioen gorakada gertatu da, gobernuaren aurka matxinatzeko joera indartuz.

Caitlin Werrell Washingtongo Klima eta Segurtasunerako Zentroko presidentearen arabera, ez zuen klima aldaketak sortu Udaberri Arabiarra, baina faktore horri lotutako estresak eragina izan zuen. Adituak esan duenez, neguan izandako prezipitazioen beherakadak eta aspaldi ez bezalako lehorte handiek eragina izan dute gariaren ekoizpenean. «Horrek urari eta elikagaiei lotutako segurtasunik eza bultzatu zuen, eta dislokazio sozialak, ogibideen suntsiketa, populazioen mugimenduak eta ezegonkortasuna sortu».

Bai lehorteak eta bai Baxar Al-Assaden erregimenak egindako elikagaien eta uraren kudeaketa kaxkarrak nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako bizimoduen txikizioan eragina izan dutela adierazi du Werrellek. «Oso tarte laburrean, bi milioi lagun inguru beren etxeetatik alde egiteko premian izan dira. Populazioaren mugimendu horiek herrialdearen ezegonkortasuna handitu dute».

Uraren kontrola helburu

Alan Weisman kazetari estatubatuarraren iritziz, Israel eta Palestinaren arteko gatazkan kontuan hartzeko aldagai garrantzitsua ura da. «Honi buruz hitz egiten denean, beti galdetzen da ea zergatik Israel ez den erretiratzen Zisjordaniako kokaguneetatik. Erantzuna da ur putzuak han daudela, eta ez dituztela arabiarren esku utzi nahi». Izan ere, ura premiazkoa da bertako biztanleen iraupena bermatzeko. «David ben Gurionek, Israelgo lehen ministro izandakoak zioen Mediterraneoaren eta Jordan ibaiaren arteko eremuan 6 miloi lagun bizitzeko lekua zegoela. Baina, gaur egun, 12 milioi biztanle daude han, eta mende honen erdirako 21 milioi egon litezke. Gatzgabetzearen aldeko apustua egin lezakete israeldarrek, nahi adina ur edateko, baina prozesu hori oso garestia da, energia asko kontsumitzen baitu. Bestalde, kontuan izan behar dugu uraren %80-90 inguru nekazaritzara bideratzen dela normalean».

Countdown (Atzerako kontaketa) liburua idazteko, Weismanek aditu askoren azalpenak jaso ditu munduan zehar, eta, ondorioz, ondo ezagutzen ditu ur eskasiak eragindako tentsioak. Punjab eskualdea bisitatu du, besteak beste. «Hango egoera benetan ikaratzeko modukoa da. Indiak eta Pakistanek Indus ibaia partekatzen dute, baina armamentu nuklearra duten arerio sutsuak dira. Orain Himalaian dauden glaziarrak urtzen ari direnez, urte batzuez ur gehiago egongo da eskura. Arazoa da urteroko urtzearekin batera batzuetan uholdeak izango direla eta besteetan, aldiz, lehorte gehiago. Muturretara eramaten gaitu klima aldaketak eta nik, egia esanda, ez dut ikusten hau baretuko delako seinalerik».

Aditu horrek Mexikoren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko muga ere aipatu du. «Bertan, bi ibai nagusi dira. Rio Grande izenekoa —Rio Bravo, mexikarren izendapenaren arabera— eta Colorado ibaia. 40 milioi lagun inguruk ibai horren urarekiko dependentzia dute, edateko zein nekazaritzarako». Iraganera jo du Weismanek gaurko egoera ulertu ahal izateko. «1933an, AEBek Hoover presa eraiki zuten. Gaur egun, Las Vegas hiriak urtegi horri esker funtzionatzen du. Arrakasta handia izan zenez, estatubatuarrek presa gehiago planifikatu zituzten Colorado ibaian». Mexikoko presidente Lazaro Cardenasek, baina, Roosevelt AEBetako presidenteari ohartarazi zion: ura kenduz gero, mexikarrek ere antzera jokatuko zuten, Rio Bravo ibaiaren adar guztietan presak eraikiz. «Rooseveltek egoera berriz planteatu zuen, eta auzokidetza politika aukeratu zuen».

Trumpen eragina

Negoziazio askoren ondoren, bi herrialdeen artean ura banatzeko hitzarmena sinatu zuten. «Horri esker, Mexikok aukera izan du urtero ur gezako kantitate bat eskuratzeko. Dena ondo joan da orain arte, baina klima aldaketak gauzak aldatu ditu. Jada, Mendi Harritsuetan ez dago lehen bezainbeste elur, eta neguan eroritako elurra da, hain zuzen, Colorado ibaiaren uraren iturri nagusia. Ura urritzen den heinean, arazoak okertu egingo dira. Hitzarmenaren arabera, Mexikok Arizona baino eskubide gehiago du ur hori jasotzeko, baina Arizona oso estatu garrantzitsua da. Orain hauteskundeetan Trump garaile atera da, eta baliteke haren alde bozkatu zuten arizonarrak harengana jotzea eta galdetzea ea beraiek faltan duten ura mexikarrei emango ote dien».

Azken urteotan Pentagonoak klima aldaketaren inguruko interes handia azaldu duela azpimarratu du Weismanek. «Kontuan izan behar dugu, ordea, Trump izango dela indar militarren komandanteburua. Bere gobernua osatzeko aukeratzen ari den jendea ikusten badugu, bat bestea baino okerragoa da. Horietatik batzuek espresuki klima aldaketa dagoela ere ukatzen dute».

Jabetu ote da jada Trump klima aldaketaren egiazkotasunaz? «Jabetu ez bada, ziur naiz AEBetako militarrek eta inteligentziako komunitateak horren garrantzia helaraziko diotela», dio Caitlin Werrellek. «Izan ere, sektore horiek George W. Bush presidentearen administrazioaren garaitik ari dira gaia aztertzen».

Werrellen arabera, Ekialde Hurbila, Afrikako iparraldea, Sahel eskualdea, Asia eta Artikoa izango dira kontuan hartu beharreko eremuak. «Eskualde horietan prezipitazioen aldaketak, itsas mailaren igoerak, muturreko eguraldiak eta ezegonkortasun politikoak talka egiten dute, eta etorkizunean gero eta talka gehiago izango dira gainera».

Talka horiek ekiditeko, NBEren rola defendatu du Oli Brownek, erakunde horretan lanean ari denak. Gatazka eta Hondamendien azpiprogramaren koordinatzailearen esanetan, «behar-beharrezkoa da Parisko goi bileran adostutakoa betetzea; hau da, planeta 1,5 gradu baino gehiago ez berotzea. «Halere, beroketa abian dago jada, eta herrialde askok egoera horretara egokitzeko laguntza behar dute. Batez ere txirotasunak, ahultasunak eta egoera gatazkatsuak jota dauden herrialdeei lagundu behar zaie. Izan ere, herrialde horietan klima aldaketak arriskuak areagotu ditzake». Brownen iritziz, herrialde eta komunitateek gogor lan egin behar dute beren ingurumena eta klima aldatzen ari direla ulertzeko, «tentsio berriak sortu gabe aldaketa horiek kudeatu ahal izateko».

Menderatze politikak

BC3 BasqueCenter for Climate Change erakundeko ikertzaile Unai Pascualek jarrera kritikoa azaldu du gaiaz. Klimak gatazketan duen garrantzia aitortzen badu ere, adituak ohartarazi du bestelako faktoreak ez direla ahaztu behar. «Hau gehiegi sinplifikatzea litzateke, eta haratago joan beharra dago. Egon daitezkeen beste erantzukizun batzuk ahazteko edo ezkutatzeko arriskua dago, nahita edo nahigabean».

Siriako gerraren atzean klima aldaketa egotea hipotesi indartsua dela uste badu ere, hainbat faktore kontuan hartzeko beharra nabarmendu du. «Lehortea aldagai bat izan zitekeen, baina ezin daiteke izan gerra bat pizteko arrazoi bakarra. Errealitatean, gatazketan aldagai asko daude: erlijioa, kokapen geopolitikoa, deskolonizazioaren garaian ezarritako mugak, baliabide energetikoak eta kanpoko potentzien parte hartzea, besteak beste».

Adituaren esanetan, «ekonomia ulertzeko modu batek eragin du klima aldaketa. Erregai fosilen erabilera esponentziala eta hori bermatzeko potentzia handiek erabili dituzten menderatze politikak daude atzean, etengabeko hazkundea bermatu aldera, sistematikoki, gero eta baliabide gehiagoren beharra dutenak».

Afrikaren egoera ekarri du gogora Pascualek. «Bertako herrialdeak gero eta gehiago aldentzen ari dira Ameriketako Estatu Batuetatik eta Munduko Bankutik, eta Txinaren babesa bilatzen ari dira. Txinak baliabideak behar ditu, eta lur eremu handiak ari da erosten Afrikan. Tira, argi dago Txinak ez duela agroekologia sustatuko, nekazaritza industriala baizik. Gurpil zoro horretan, eta nekazaritza industrialak beste sektoreetan eragindako inpaktuak orekatzen ez badira, klima aldaketa handiagoa sortuko da».

Garapen bidean diren herrialde gehienek klima aldaketari aurre egiteko eta egokitzeko baliabiderik ez dutela salatu du adituak. «Gudan dauden herrialdeetan, gainera, bertako zientzialariek alde egin behar dute, eta horrek izugarrizko gabezia sortzen du. Kanpoko agenteen menpe egongo dira berriro, herrialde garatuetatik bidalitako teknologia eta kanpoan sortutako zientzia ezagutzak erabiltzera behartuta».

Ideia bat azpimarratu du Pascualek. «Denok ez gara klima aldaketaren erantzule; gutxienez, ez modu berean. Hori da garapen bidean diren herrialdeek goi mailako bileretan behin eta berriz kosta ahala kosta mantendu nahi duten printzipioa: erantzukizun komun desberdindua. Finean, arazoa guztiona dela baina guztiok ez dugula erantzukizun bera. Horregatik, erantzukizun handiagoa duten herrialde garatuek ahalegin handiagoa egin behar dute; adibidez, herrialde ez garatuetan dauden zientzia sistemei laguntza emanez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.