Demokraziaren erronka

Joan den abenduaren 31n manifestazio jendetsuak egin zituzten Kinshasan, 2016ko Urtezahar egunean Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak eta oposizioak egin zuten akordioa bete dadila eskatzeko. Poliziak gogor zanpatu zituen protestak, eta akordioa ia huts eginda dagoela bistaratu zen.

Demokraziaren erronka.
Oskar Epelde Juldain.
Kinshasa
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Kinshasan abenduaren 31n Eliza katolikoaren laikoekmartxa batera deitu zuten, 2016ko Urtezahar egunean klase politiko osoak sinaturiko akordioa errespetatzea eskatzeko. Aldarrikapen erabat baketsua egitea zen asmoa, baina manifestazioak gogor zanpatu zituzten. Segurtasun indarrek meza osteko auzo elkarretaratze guztiak leherrarazi zituzten ahal izan zuten neurrian, eta hainbat manifestari zauritu zituzten, baita zenbait hil ere —bost, Elizak bildutako datuen arabera; zazpi, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera—. Urtarrilaren 4a, urtero bezala, Independentziaren Martirien Eguna izan zen Kongoko Errepublika Demokratikoan —egun horretan gertatu ziren independentzia prozesua bizkortu zuten manifestazio erabakigarriak, 1959an—; aurten, gainera, demokraziaren martirien eguna ere bihurtu zuen abenduaren 31ko martxan parte hartu zutenen espirituak. Eliza katolikoaren apaiz eta gotzainek, Monsengwo kardinalarekin batera, Kinshasako Notre Dame katedralaren hesien barruan elkartu zituzten kristauak, gizarte zibileko ordezkariak eta politikariak, abenduaren 31ko hildakoak ez dituztela ahaztuko aldarrikatzeko, eta bakea eta justizia bermatzeko engaiamendua indartuko dutela adierazteko. Urte zaharrak eta urte berriak oroitarazi dute demokrazia egonkortzeko prozesua amaitu gabe dagoela, Mobuturen diktadura bukatu eta hogei urte baino gehiagora.

«Ez zaitezte harresian ezarri, erori egingo baita; ez jarri diruan itxaropen guztia, bukatu egingo baita; ez sostengatu emakumearengan, bere buruaren jabea baita...», esan zuen apaizak pulpitutik hilaren 4ko hitzaldian. «Benetako arrakasta lortuko dugu oztopo guztien gainetik aurrera egiten jarraitzeko gai zen Jesu Kristoren eredua hartuta, eta beldurrak zentzurik ez duela sinetsita. Vanitas vanitatum, omnia vanitas! [Harrotasunen harrotasuna, eta guztia harrotasun hutsa]», halaxe oihukatu zuen katedralen harresietan eztanda egin zuten txaloen artean.

Abenduaren 31ko istiluen ondoren, apaizek erakutsitako jarrerari buruzko hamaika mito entzun dira. Polizien eta militarren armei beldurrik gabe, mezaren ondoren manifestazioen aurrean jarri ziren, batzuk belauniko otoi eginez Polizia tiroka hasi eta gero. Apaizetako batzuk aztiak ez ote diren galdetzen hasiak dira gazte batzuk, diotenez, ikusi zutelako poliziek jaurti zituzten negarra eragiteko granadek eztanda egin ondoren kerik ez zutela botatzen. Kanoien aurrean jarri ziren Saint Dominique, Sainte Loi eta beste eliza batzuetako abade taldeak. Baina ez apaizak bakarrik. Kristau xumeak eta manifestazioak antolatu zituzten laikoen kontseiluko kideak ere beldurra gainditzen hasi dira, pulpitutik apaizek esandakoek adoretuta. Kinshasako Lemba komunako emakume batek esan zuen moduan, «herri honi argia emateko».

Katedrala bilgune

Notre Dame katedralean askotariko jendea elkartu zen hilaren 4an. Han ziren Urtezahar eguneko manifestazioan hildakoen lagun eta senide taldeak, eta manifestazioan zauritu zituzten bakan batzuk, baita gazte mugimenduetako kideak ere. «Beldurrak gainditzeko» deia egin zuten azken horiek. «Herria bezain indartsua izan daitekeen armadarik ez da existitzen», esan zuen Lucha Aldaketaren aldeko Borrokako kide Gloria Sengak. Horiekin batera, Notre Damen zeuden oposizioko buruzagi nagusiak: Felix Tshisekedi, Vital Kamerhe eta beste hainbat.

2016ko Urtezahar eguneko akordio politikoan itundu zen Joseph Kabila ez zela berriz saiatuko botereari eusten. Bestalde, samindura gutxitzeko neurriak hartu behar ziren joan den urtean, baina politikari batzuek kartzelan jarraitzen dute, beste askok erbestean, eta Kongon irauten dutenek errepresioa jasan behar izan dute elkarretaratzen saiatu direnean.

Iazko otsailean, Etienne Tshisekedi hil zen, 84 urterekin, UDPS Demokrazia eta Aurrerapen Sozialerako Alderdiko buruzagia, oposizioko indar nagusikoa —eta Felix Tshisekediren aita—. Horren ondotik, gobernuak oposizioko ordezkari batzuk bere zerbitzura lanean jarri zituen, oposizioaren batasuna birrintzeko helburuarekin. Bruno Tshibala UDPSko kidea 2016ko udazkenean hilabete baino gehiagoan espetxean eduki zuten, baina iazko apirilaz geroztik Kabilaren lehen ministroa da.

2016ko Urtezahar eguneko akordioan erabaki zuten lehen ministroak oposiziokoa izan behar zuela, eta oposizioak aho batez Felix Tshisekedi hautatu zuen. Kabilak Tshibala izendatu zuen, ordea. UDPSk kanporatu egin zuen, eta ordutik beste alderdi bat sortu nahian ari da, lanpostuak eta dirua aginduz bere jarraitzaile izatea onartuko dutenei. Egoera bertsuan dago Joseph Olenghankoy lider eroria —Mobuturen eta Laurent Kabilaren agintaldietan espetxea ezagututakoa—. Emery Okundji anaia gazteari Posta, Telekomunikazio eta Teknologia berrien informazioen Ministerioa eman zion, eta ministerio hori arduratu zen iragan abenduaren 30eko iluntzetik 2018ko urtarrilaren 1eko 23:00 arte Internet eta SMS zerbitzu guztiak eteteaz herrialde osoan, Urtezahar eguneko manifestazioaren garapenaren eta errepresioaren berriak isilarazteko.

Hauteskundeen oztopoak

2016ko itunean hauteskundeak egitea zen hitzartu zuten pauso erabakigarrietako bat, baina ipar-ekialdeko Beni-Butembo lurraldean bizi den egoera oztopo handia izan liteke egutegiarentzat. Boterean dauden konpainiek «balkanizazioaren» eta «terrorismoaren» beldur-mehatxuak erabili ohi dituzte salbuespen egoerak justifikatzeko. Jean-Pierre Mpandi Kamuina Nsapu hegoaldeko Kasai eskualdeko buruzagiaren erreboltak eta hilketak sortu zuen nahasmenaren aitzakiaz, Kasaiko hautesle errolda ez dago eginda, eta bozak ia urtebetez atzeratu dituzte. Data berria 2018ko abenduaren 23a da, baina jadanik hiruzpalau data argitaratu dituzte, eta zalantzan dago egingo ote dituzten ere.

Ipar Kivu probintziako Iparralde Handian, Beni-Butembon, operazio militarrek klientelismo berri bat sortu dute, eta era guztietako matxino taldeak eta miliziak —mai-mai izenez ezagunak— basoetan ezkutatzen dira. Horregatik, hauteskunde prozesuaren bideragarritasuna kolokan dago.

Ugandako matxinoak

Afrikako Laku Handietako gerren atarian, 1980ko hamarkadaren bukaeran, Mobutuk Ugandako matxinoak babestu zituen Ipar Kivun, Yoweri Museveni Ugandako presidentearen aurka egiteko. 1990eko hamarkadan, ADF-NALU Indar Demokratikoen Aliantza-Uganda Askatzeko Armada Nazionaleko matxinoak, itxura bateko bakearekin, Benikonande etniako jendeekin tokian tokiko harreman ekonomiko eta sozialak garatuz egokitu ziren, armak erabiltzeko beharrik gabe, Museveniren aurkako matxinada ahaztu balute bezala.

Hamarkada honetan, ordea, ADF berpiztu egin da. Beniko laborarien aurkako sarraskiak 2013 abenduan hasi ziren, eta armadak operazio militar bati ekin zion. Ordutik 2016ko bukaerara arte, 1.417 pertsona bahitu dituzte inguru hartan, eta 1.351 exekutatzea leporatu diote ADFri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.