Mao Zedongen pareko liderra

Txinako Alderdi Komunistaren Batzar Nagusiak hurrengo bost urteetarako agenda ideologikoa ezarri du, baina, ezeren gainetik, presidentearen boterea handitzeko balio izan du. Xi Jinpingen izena konstituzioan idatziko da, eta badirudi presidenteak luzatu egingo duela agintaldia.

Txinako Alderdi Komunistaren harira, hiriburuan nonahi jarri dituzte ikurrak. ROMAN PILIPEY / EFE.
Olatz Urkia
Pekin
2017ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Hiru ordu eta erdiko hitzaldia eta erabateko isiltasuna. Pekingo Herriaren Jauregiko sala ikusgarria da. Alderdi Komunistaren 2.300 ordezkariek aldi berean pasatu dute presidente txinatarraren hitzaldiaren orri bakoitza. Komentariorik ez, kexarik ez. Goiko aretotik, mundu osoko kazetariek ikusi dute aste honetan Xi Jinpingen boterea. Berez, Alderdi Komunistaren Batzarra hurrengo bost urteetarako agenda ideologikoa eta zazpi buruzagi nagusiak aukeratzeko momentua da, baina, azken finean, batzar honetan gizon bat izan da protagonista: Xi Jinping. Bere pertsonalitatearen gurtza eta boterea handitzeko beste aukera bat izan da.

Alderdi Komunistaren XIX. Batzorde Nagusia Txinak azken bost urteetan izan duen gertaera politiko garrantzitsuena da. Aste batez, Pekingo Herriaren Jauregi Gorenean, Tiananmen plazaren parean, Alderdi Komunistaren ia 2.300 delegatuak bilduta egon dira, hurrengo bost urteetan herrialdeak zer bide hartuko duen erabakitzeko. Alderdi Komunista da herrialdean agintzen duen bakarra, eta presidentearen jarraitzaileek esaten duten arren badagoela demokrazia puntu bat alderdi bakarreko sistema horren barnean, adituek dudatan jartzen dute barneko hauteskundeen gardentasuna.

Zazpi gizon boteretsuenak

Asteazkenean izan zen ekitaldiaren itxiera, goizean goiz eman zuten botoa delegatuek, baina, hori bai, kazetari guztiek ate itxien atzean ia bi orduz itxaroten zuten bitartean.

Politburoko kide garrantzitsuen hautaketak ez du sorpresa handirik ekarri. Berez Xi Jinping-ek kargua utzi behar izatea aukera bat zen arren, argi zegoen hori ez zela gertatuko. Adituen ustetan, presidenteak alderdiko beste sei kideak ere aukeratzeko boterea badauka.

Eta alderdiko kargu garrantzitsuetan egongo diren guztiak pertsona erosoak dira Xirentzat: guztiak gertukoak, edo, bestela, ahulak. Eta garrantzitsuena: zazpi kideetako batek ere ez ditu 60 urte baino gutxiago, eta, ondorioz, ezin da hautagai izan Xi Jinpingen kargua hartzeko bost urte barru. Xi Jinpingek karguan beste hamar urtez jarraitzeko intentzioa duen edo ez, hori ezin da ziur jakin, baina badirudi bere agintaldia luzatu nahi duela —aurreko presidenteak hamar urtez egon ziren karguan—.

Txina hurrengo bost urteetan gidatuko duen komunisten taldeak, beraz, ez dakar berrikuntzarik. Sorpresa bakarra da, agian, Wang Qishanek kargua utzi beharko duela: bere adina dela eta, alderdiko arauen arabera erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio, eta agintariak azkenean arau hori errespetatu du. Espekulazio asko izan da gai horren inguruan, ustea baitzegoen Xi Jinpingek adinaren inguruko arauak aldatu eta, horrela, Wang alboan mantenduko zuela. Izan ere, Wang Qishan Xi Jinpingen ezkerreko eskua izan da azken bost urte hauetan, eta ustelkeriaren aurkako kanpainaren arduradun nagusia izan da, presidente txinatarrari bere arerio askoz libratzen lagundu dion bitartean.

Anbizio handi bat

Agian, botere jokoen inguruko espekulazio guztietatik haratago, batzar honetan alderdiak aurkeztu duen ideologiak du garrantzi handiagoa. Xi Jinpingen hiru ordu eta 60 orrialdeko hitzaldiak termino orokorrak erabiltzen dituen arren, erretorika komunista txinatarraren atzean ideia indartsuak ere nabarmen dira.

2050. urterako Txina munduko lehen potentzia egin nahi du Xi Jinpingek. Ez da gutxi, eta ez da irrealista ere, azken urteetan herrialdeak izan duen garapen izugarri azkarra ikusita. Nork esango luke gehien kutsatzen duen herrialdea klima aldaketaren aurkako borrokan lider nagusietako bat izango zela? Edo iragan komunista gogorra duen herria globalizazio eta merkatu irekiaren defendatzaile nagusi bihurtuko zela?

Orain, Txina ez da pobrezia eta askatasunik eza, aspalditik orain dela gutxi arte horiek baziren ere haren ezaugarri nabarmenenak. Ez da merke ekoizteko herria ere. Mendebaldeak ekialdeko herrialdeaz izan dituen ideia horietatik askoz urrunago iritsi da herrialdea: teknologia berritzaileena sortzen ari dena da, espazioan gehien inbertitzen duena… Eta nazioarteko diplomazian ere presentzia izugarria lortu du. Egia da pobreziak eta giza eskubideen urraketek hor jarraitzen dutela, modu apalagoan baina hor daudela, ez direla amaitu; baina, arazo horietatik haratago, ezin da ukatu nazioarteko gaietan zeresan asko duen potentzia bat dela Txina.

Nahiz eta Mendebaldea, paternalismo puntu batekin, oraindik presio egiten ari zaion bere demokrazia eredua onar dezan, Xik bere bideari eutsi dio. Alderdi Komunistaren Batzarrean argi esan du Txinak ez duela Mendebaldeko sistema demokratikoak kopiatzeko beharrik, ez gogorik; bere modelo propioa duela, eta modelo hori perfekzionatzen jarraituko duela. Ezaugarri txinatarrak dituen sozialismoa da modelo alternatibo hori; XXI. mendera eta Txinako errealitatera egokitzen den sozialismoa, hain zuzen.

Xi Jinpingen ikuspuntutik, porrot egin zuen sozialismo sobietarretik eta perfektua ez dela erakutsi duen Mendebaldeko demokraziatik haratago, beste aukera bat dago Txinarentzat. Bere errealitate konplexuari soluzio bat emango dion sozialismo ireki bat, hain zuzen ere.

Xi Jinpingen arabera, hurrengo bost urteetan pobrezia eta klima aldaketaren aurkako borrokak izango dira erronka nagusiak, baita herrialdea munduko ikur egitea ere, beste herrialdeekiko jarrera eta ekonomia gero eta irekiagoa bultzatuz. Hori bai, hori guztia bide zuzenetik eraman ahal izateko, alderdiaren kontrolpean egon behar du guzti-guztiak. Ametsa handia da, eta, hortaz, kontrola eta zentsura areagotzea justifikatutzat hartzen ditu agintari komunistak.

Bere izena konstituzioan

Txinako Errepublikako presidente, Alderdi Komunistaren Ordezkari Nagusi eta Komisio Militarraren burua izatea, antza, nahikoa ez, eta aste honetan, Alderdi Komunistaren Batzar Nagusiaren itxieran, Xi Jinpingek berak jakinarazi du Alderdiaren Konstituzioan sartuko dutela bere pentsaera. Haren izena konstituzioan sartzea oso pauso sinbolikoa da; izan ere, Mao Zedongek berak eta Txinako erreforma ekonomikoaren sortzaile Deng Xiaopingek soilik izan dute aurretik horrelako estatusa. Xi Jinpingen esaldiak, hortaz, Alderdi Komunistaren liburuan idatziko dira, Mao Zedongen izenaren ondo-ondoan, eta eskolan ere ikasi beharko dute haren filosofia. Agintari txinatarra, beraz, aurrerantzean ez da bakarrik presidente bat izango, baizik eta gizartearen ideologoa eta gidaria. Eta ez dirudi azkar batean ordezko bat izango duenik: buruzagi komunistaren itzalean historia egin nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.