Isiltasunaren osteko isiltasuna

Mendebaldeko Sahara munduan mina gehien dituen eremuetako bat da. Hamar milioi mina daude herri sahararra bitan banatzen duen 2.700 kilometroko harresiaren bi aldeetan. Marokok 1975ean herrialdea okupatu zuenetik, 3.949 biktima eragin dituzte. Liburu batean jaso dituzte lekukotzak.

Mendebaldeko Saharan dauden mina mota ezberdinak. DALES VOZ A LAS VICTIMAS.
Kristina Berasain Tristan.
2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Eztandaren ostean sortzen den isiltasuna da lehena. Bat-bateko isiltasuna da. Erabatekoa. Itzela. Gero, baina, hasierako izuaren ostean, beste isiltasun bat dator. Luzeagoa. Betierekoa. Etengabea. Isiltasunaren osteko isiltasuna. Minen biktimak isiltasun bikoitz baten biktima dira; mina zartatu ostean sortzen denarena, heriotzak edo konortearen galerak dakarrena; eta gerora biziko dutenarena, ahazturarena, bazterketarena, betiko urratuko den bizimoduarena. El fuego escondido. Las víctimas de minas en el Sáhara Occidental (Ezkutuko sua. Minen biktimak Mendebaldeko Saharan) liburuaren sarreran jasotzen den hausnarketa da isiltasunarena, liburuaren abiapuntua; ondoren, 271 orrialdetan zehar, isiltasun horren lekuko izan diren dozenaka testigantzak datoz, isiltasunari ahotsa emateko liburua ere badelako.

Carlos Martin Beristain, Gisela Sepulveda eta Edi Escobar ikerlariek lan zorrotza egin dute minen auzia ikuspuntu ezberdinetatik aztertuz; lekukotzak bilduz, bai, baina, aldi berean, datuak emanez, estatistikak jasoz, biktimak dokumentatuz, euren egoera eta bizimoduaz ohartaraziz, kanpainak azalduz eta ondorioak aletuz, ahaztu gabe minak gatazka politiko batengatik daudela desertuan, okupazioaren beste ondorio bat direla, alegia.

Beristainek dio minen auzia irakurketa politiko baten testuinguruan ulertu behar dela: «Minak gatazka baten ondorio dira, eta liburu hau beste tresna bat izango da ahaztutako gatazka hau nazioarteko agendan kokatzeko, eta auziari irtenbide politiko bat ematen laguntzeko. Erantzuleak zeintzuk diren esan beharra dago».

Ez litzateke lehen aldia izango ikerlariaren lan batek ondorio politikoak dituena. El Oasis de la Memoria liburuan (Memoriaren Oasia) desagertuta egon ziren 261 sahararren lekukotasunak jaso zituen, eta, lan horretatik tiraka, hobi komunetan lurperatutakosahararrak identifikatu zituzten lehen aldiz. Meheris, la esperanza posible liburuan (Meheris, izan daitekeen itxaropena) argitaratu zuten hobi komunen inguruko ikerketa, eta lan horrek ondorio juridiko zuzenak izan zituen; Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2015eko apirilean, 11 goi kargudun eta militar marokoar auzipetu zituen, genozidioagatik.

Euskal Herriko Unibertsitateak, Hegoa Institutuak eta Aranzadi Fundazioak Los otros vuelos de la muerte (Heriotzaren beste hegaldiak) argitaratuko zuten gerora, bonbardeketen biktimen ingurukoa, eta ikerketa bildumaren azken liburua da El fuego escondido (Ezkutatutako sua). Beristainek azaldu duenez, hain zuzen, hobi komun batean lanean aritu ostean, zuhaitz baten gerizpean atseden hartzen ari zirela, mina bat aurkitu zuten, eta orduan erabaki zuten ezkutuan zegoen tragedia dokumentatzea: «Minak ezkutuan zegoen su bat zela ohartu ginen. 1991n sinatu zuten su-etena, baina minek aktibo jarraitzen dute, eta inoiz ez diote hiltzeari uzten».

Ehun sahararretik bat

Minek eragindako bost biktimetatik lau dira su-etenaren ostekoak. Datu hori da ikerketak jaso duenetako bat. 1975ean Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik 3.949 biktima eragin dituzte minek; 1.300 hildako eta 2.600 zauritu. Ehun sahararretik bat izan da minen biktima. Eta arreta deitzen duen beste datu bat ere azaleratu du ikerketak: Marokoren esku dagoen lur eremuan izaten dira biktima gehienak; %70. Fronte Polisarioaren esku dagoen eremuan, berriz, lurralde liberatuetan, urtero 20 eta 30 biktima artean eragiten dituzte minek, nahiz eta urtetik urtera murrizten ari den biktima kopurua, besteak beste, sahararren esku dagoen eremu idorrean sentsibilizazio kanpainak egiten direlako eta minak kentzen direlako.

Mina gehien dituzten munduko hamar eta hamabost herrialdeen artean dago Mendebaldeko Sahara. Iparraldetik hegoaldera, 2.700 kilometro luze dituen harresiaren bi aldetan, milaka eta milaka mina daude, munduko eremu minatuenetako bat izateraino; Nazio Batuen Erakundeko Minen Behategiak egindako azken txostenaren arabera, hamar milioi mina daude desertuko harearen azpian, 100.000 kilometroko eremuan.

Buffer eremua bezala ezaguna den zatian daude mina gehien, harresitik bost kilometroko eremuan. Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioaren esku dago mina kopuru handiena duen eremu arriskutsu hori. Beristainek dioenez, debekatuta dago han sartzea, baina sahararrak, nomadak diren heinean, gameluekin sartzen dira: «Biktima gehienak zibilak dira, beduinoak edo nomadak, gameluekin eta ahuntzekin bazka bila ibiltzen direnak, eta euren familiak, emakumeak eta haurrak».

Bada beduinoak dira biktima asko eta asko. Alaiza Mohamed Salek Mohamed da horietako bat. Meheris inguruan zegoen mina bat lehertu zitzaionean: «Seme-alabekin nintzen. Ahuntzen atzetik gindoazen, bailara batean barrena, eta zuhaitz baten azpian geundenean zartatu zen mina. Egurra biltzen ari nintzen eta metal batzuk ikusi nituen. Hori da oroitzen dudan bakarra».

Salek Mohamedek erreduraz beteta dauka gorputza. Liburuan jaso diren 154 biktimen testigantzetako bat da berea. Sahara banatuta dagoen bi lurraldetan bizi diren sahararren lekukotzak dira; Tindufeko errefuxiatu guneetan bizi direnenak, Aljerian, eta Marokok okupatutako lurraldean bizi direnenak, Mendebaldeko Saharan.

Hodeien seme-alabak deitzen diete sahararrei, euriaren atzetik ibiltzen baitira, batetik bestera, askatasunean, haimetan, bizimodu nomada baita herri honenidentitatearen ezaugarri nabarmenetako bat, baina, basamortua minaz josita dago, eta hondar ekaitzek eta euriak minak sakabanatu egiten dituzte, eta horrek are handiagoa egiten du arriskua. Beduinoek harriekin inguratzen dituzte minak, baina, basamortu zabalean batetik bestera mugitzen dira.

Mota guztietako minak aurki daitezke harresiaren bi aldetan eta guztiek eragiten dituzte biktimak; tankeen kontrako minak (%52), pertsonen kontrakoak (%18,3), luku bonbak (%11,7), gerra lehergailuak (%7,1)...

Jostailuak direlakoan

Haurrentzako ere arrisku itzela dira minak. Distirak eta koloreak erakarrita jostailuak direlakoan hartzen dituzte. Nafee Mohamedek ezker eskuko lau behatz galdu zituen 11 urterekin: «Orain ez naiz ezertan jolasten», dio. Fatma Omarrek 7 urte baino ez zituen mina bat zartatu zitzaionean: «Lagunekin jolasten ari nintzen, haimatik ez oso urrun, eta ez dut beste ezer gogoratzen, soilik oina ezin nuela mugitu, eta ama etorri zela, besoetan hartu ninduela eta oihuka hasi zela».

Tifariti inguruan lehertu zitzaion mina. Eskoletan minen arriskuez ohartarazten zaie haurrei, sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte ere, eta artatuak izateko baliabideak dituzte kanpalekuetan, eskasak badira ere.

Harresiaren beste aldean zeharo ezberdina da. Sahara okupatuan jazartuta bizi diren sahararrek ez dute ez baliabiderik ez eta kalte-ordainik jasotzen mina baten biktima direnean. Sahel Brahimen kasua da horren erakusle. 2005ean, Aaiundik Izikera zihoan autoan aitona ikustera, baina bidean mina bat lehertu eta bi hankak galdu zituen. Sidahmed Babet, alboan zihoan laguna, momentuan bertan hil zen. Brahimek herrialde osoa zeharkatu zuen, Mauritaniaraino. Handik errefuxiatu guneetara joan zen eta handik Aljerrera. Han egin zioten ebakuntza.

Marokok, gainera, ez du minen arriskuez ohartarazteko kanpainarik egiten, ez eta minak kentzeko eta indargabetzeko ekintzarik.

SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak Otawako Itunarekin bat egiten duen konpromiso idazkia sinatu zuen 2005ean, estatu gisa aitortuta ez dagoen heinean, ezin baitu zuzenean hitzarmena sinatu. Otawako Itunaren xedeak, hala ere, bere egin ditu, eta minak erabiltzea debekatzeaz gain, honezkero milaka mina suntsitu ditu.

Fronte Polisarioak iragan azaroaren 4an egin zuten minak indargabetzeko azken ekintza; 2.500 mina suntsitu zituen lurralde liberatuetan, Tifaritin. Polisarioak, 2006. urtetik, 15.508 mina suntsitu ditu, eta datorren urterako beste 4.985 indargabetukodituela iragarri du.

Marokoren jarrera, baina, oso bestelakoa da. Rabatek ez du minen kontrako nazioarteko hitzarmena sinatu, eta urteotan ez du mina bakar bat ere kendu edo desaktibatu.

Minursok ere badu minak non dauden zehazteko, mapak egiteko, pista seguruak markatzeko, eta minak indargabetzeko zeregina. 2008tik, 125.735 metro koadro garbitu dira, pertsonen kontrako 6.572 mina eta 1.151 mina antitanke indargabetu dira, hala nola, 7.898 munizio eta 20.809 submunizio.

Lana, baina, motela da, izan ere, egunean 20 eta 50 metro arteko eremuan baino ezin dira kendu minak, eskuz, eta martxa horretan mendeak beharko dira eremua garbitzeko. Hondarraren azpian, bien bitartean, luzaroan egongo da bizirik sua. Mina klasiko batek, altzairuzko 700 bola jaurti ditzake, ehun metroko erradio batean.

Sidahmed Bulahi ederki asko akordatzen da nola erortzen ziren bonbak zerutik gerra garaian: «Marokoko hegazkinek gau eta egun bonbardatzen zuten gure lurraldea, bereziki 1980 eta 1982 urteen bitartean. Mota guztietako munizioak bota zituzten hiru urtez jarraian. Harresia eraikitzen zazpi urte eman zituzten eta tarte horretan guztian egon ziren erasoak eta bonbardaketak egiten, egunero-egunero». Bulahik begi bat galdu zuen eremu batetik minak kentzen ari zela, Tifaritin. Egun Martir Cherif Zentroan egiten du lan, minen biktimak laguntzen, isiltasunari aurre egiten, isiltasunaren osteko isiltasunari, eta herri oso batek bizi duen isiltasunari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.