Kardiografia demokrazia eri bati

Kolonbiako bake akordioaren osteko lehen bozek herrialdearen zatiketa bistaratu dute berriro. FARCek estreinakoz hartuko du parte, eta emaitza txarrak espero ditu. Legebiltzarrerakoak dira biharkoak, baina presidentetzarakoak daude denen gogoan.
Alvaro Uribe presidente ohia (eskuinean), haren alderdiko presidentegai Ivan Duqueri eskua ematea.
Alvaro Uribe presidente ohia (eskuinean), haren alderdiko presidentegai Ivan Duqueri eskua ematea. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE

Jon Artano Izeta -

2018ko martxoak 10
Kongresua berritzeko hauteskundeek ekarri dute FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailearen hauteskunde debuta. 100.000-150.000 boto aterako dituztela diote inkestek; haiek milioi bat gainditzea espero zuten. Sasitik ateratzeko bidea malkarra izaten ari da, eta buruzagia erori egin zaie, gainera. Rodrigo Londoño Timochenko-ri bihotz irekiko ebakuntza bat egin zioten asteazkenean. Osatze prozesuak luze joko du. Espainiako gerran girotutako nobelak irakurtzeari emana dago orain komandante ohia, klinikan, eta alderdiak presidente hauteskundeetarako hautagaia galdu du.

«Presidentetzarako lehia erabat baldintzatuko duelako da garrantzitsua biharkoa», dio Egoitz Gago politologoak. Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeek hiru itzuli izan ohi dituztela diote sarri Bogotako kazetariek. Eta lehen itzulia, estraofiziala, kongresurako hauteskundeetakoa izaten da. Herritarrek, izan ere, kongresukideak aukeratzeaz gain, presidentegaien entresaka egiteko aukera dute bihar. «Bai eskuineko eta bai ezkerreko indarrek presidentegai bana aukeratzeko barne galdeketak antolatu dituzte», azaldu du Gagok. «Barne lehia horiek legebiltzarrekoak baino ikusmin handiagoa piztu dute». Bake ikasketetako doktorea da Gago santurtziarra, eta urteak daramatza Kolonbiako prozesua ikertzen, Bogotako Jorge Tadeo unibertsitatean. Biharko barne galdeketen emaitzaz zalantza gutxi du: «Eskuinekoa [Ivan] Duquek irabaziko du; eta ezkerrekoa, [Gustavo] Petrok».

Uriberen ahala

Behin betiko akordioa sinatu eta, ohartzerako, abiatua zen hauteskunde kanpaina Kolonbian. Inkestak argitaratzeari ekin zioten. Faboritoen artean, hainbat abizen: Petro, Fajardo, Vargas… Eta idazpuru hauxe: «El que diga Uribe» (Uribek proposatzen duena). Hara hor presidente ohiaren ahala zer den: bere onespena izango zuen hautagaia faboritoen artean zen, nor izango zen jakin aurretik ere. Azkenik, Ivan Duque gaztea aukeratu du Uribek. Eta Duquek hurrengo presidentea izateko abagune ederra du.

Nariño jauregiko giltza eskuratzeko borrokan gandorra erakutsi duten beste hirurak beteranoak dira. German Vargas Lleras da bat, Santosekin presidenteorde izandakoa. Sergio Fajardo da bestea, bere burua «ideologietatik at» kokatzen duena, Medellingo alkate ohia. Eta hirugarrena, berriz, Gustavo Petro, M-19 gerrillan ibilitakoa —1990ean desmobilizatu zen—. Whatsappez bolo-bolo dabilen meme batean Kolonbiako historiako lider miretsienetako biren ondoan ageri da Petro, «Berak lortuko du» esaldia azpian duela. Beste bi politikariak Gaitan eta Galan dira; presidente izateko bidean zirela hil zituzten biak, 1948an Gaitan eta 1989an Galan. Beste magnizidio bat probablea denik ez zuen inork uste, joan den astera arte… Ultraeskuindar talde batek Petro zihoan autoa inguratu zuen Cucuta hirian, atzo zortzi. Auto barruan Petrorekin zihoazenek, mugikor bat erabiliz, zuzenean erakutsi zuten erasoa sare sozialetan. Hainbat inpaktu izan ziren Petroren pareko leihoan. Gisa horretako erasoak eskuin muturreko politikariek antolatu dituztela salatu dute. Eta Barne ministroak ere onartu du «hautagaiak ere badirela bultzatzaileen artean». Petroren etorriak jende gaztea erakarri du, eta boto asmoan nagusi izan da hainbat astez. Eta, hala eta guztiz ere, analista gehienen ustez, «ezinezkoa» du irabaztea, herrialdeko eliteek baliabide oro erabiliko dutelako hori eragozteko.

Muturreko joerak

Petroren aurkakoa ez da izan segada bakarra. FARCeko hautagaiak behin baino gehiagotan hartu zituzten harrika, harik eta estatuak beren «segurtasuna» bermatzen ez zuela-eta kanpaina aldi baterako eten zuten arte. Gago irakasleari nabarmena iruditzen zaio, dena den, «polarizazioa handitu» egingo dela presidente hauteskundeak gerturatu ahala. Esan ohi da plebiszituak bitan zatitu zuela herrialdea. Izatez, ordea, arrakala bat baino gehiago eragin zituen erreferendum hark: baiezkoa eta ezezkoa parean geratu ziren, bai, baina bi multzo horien batura gainditu zuten bozkatu ez zutenek. Eta arrakala hori bestea bezain sakona da… Etsipenak eta eszeptizismoak mendean dituzte kolonbiar gehienak. Bihar ere, abstentzioa %60 ingurukoa izango da, ohi bezala. Joko politikoaren gaineko indiferentzia larri hori ez da, ordea, hautazkoa bakarrik…

«Botoa eman ezin duen ehunka mila lagun dago landa eremuan», Externado Unibertsitateko Laura Rincon ikerlariaren arabera. «Ez dute hauteslekuetaraino joaterik, urrunegi dituztelako, edo ezin dute bidaiaren kostua ordaindu». Kolonbiako landaguneetan hautesleku bakarra jarri ohi dute 2.148 kilometro karratuan; ia Bizkaiaren azalera da hori. Horrelako egoerak zuzendu eta parte hartze politikoa zabaltzeko neurri zehatzak ditu Habanako akordioaren bigarren puntuak. Klientelismoa, boto salerosketa eta beste arazo endemiko batzuk leuntzeko erabakiak ere adostu zituzten hitzarmenean, baina ez dituzte bete. Alderdi politiko tradizionalek eragotzi dute erreforma, «castrochavismoa» lekarkeela argudiatuz.

Horizonte desberdinak

Ondoezak jota ospitaleratua izan baino bi egun lehenago, Timochenkok berak aitortu zuen «emaitza kaskarrak» espero dituztela biharko hauteskundeetan. «Boikot finantzarioa eta mediatikoa» egin dietela azpimarratu zuen. Egia da estatuak ez diola alderdiari kanpainarako dagokion dirurik eman duela egun batzuk arte. Alabaina, boto kopurua zeinahi dela ere, farianoek gutxienez hamar eserleku izango dituzte kongresuan, bake itunak kuota hori bermatzen dielako datozen bi legegintzaldietarako.

FARCeko zerrendak gerrillari ohiek eta zibilek —sindikalistak, giza eskubideen aldeko ekintzaileak, unibertsitateko irakasleak…— osatu dituzte; eserlekua bermatua dutenak, ordea, denak dira armak utzitakoak. Gagoren arabera, zibilen eta militarren arteko banaketa hori «agerikoa eta normala» da, eta «borroka armatutik borroka politiko hutsera igarotzen diren talde guztiei gertatzen zaie». Gagoren iritziz, hauteskunde ondorenean buruzagitza finkatuko dute, eta hor «politikari izateko trantsizioa burutu duten gerrillariak» egongo dira. «Baina orain itzal txikiagoa duten zibil batzuk ere sartuko dira gidaritzan».

FARCeko kideek sarri esaten dute hauteskunde hauek —eta maiatzekoak— lehendabiziko urratsa baino ez direla. Eta urratsa txikia izanik ere, egitea dela garrantzitsuena; bide berri baten hasiera delako. Gainontzeko alderdi eta hautagaientzat, berriz, bihar hasiko da azken esprinta, Nariño jauregira lehendabizi iristeko. Eta, inkestek asmatzen badute, lasterketa horretan eskuinetik doazenek haizea alde izango dute, hiru alderdi kontserbadore nagusiek kongresuaren gehiengoa lortuko baitute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna