Iker Irribarria

Irribarrea galdu ezinda

Buruz buruko txapela inoiz jantzi duen pilotaririk gazteena da. Hala ere, Irribarriak ez dio garrantzi berezirik eman mugarri historikoari. Lainotik jaitsi gabe dago oraindik, finalaren osteko festarekin eta jasotako maitasun keinuekin liluratuta.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Imanol Magro Eizmendi -

2016ko maiatzak 31
Nahikoa lan daukat jaso dudan maitasun guztia bueltatzen. Familiakoak, etxekoak, lagunak... harrigarria izan da azken egunetan bizi izan dudana». Iker Irribarria laino batera igo zen herenegun, Bilbon, buruz buruko txapela jantzi zu

Egun gozoa izan zen atzokoa Araman. Kazetariei kasu egitearekin nekatuta egon arren, irribarrea galdu ezinik ibili zen Irribarria. Arratsaldean, oraindik egunkariak begiratzeke zituen, eta sakelako telefonoa mezuz josita. Argazkilariek hala eskatuta, txapela besapean hartuta irten zen kalera, eta paretik pasatutako bizilagun guztiek agurtu zuten. Bezperako festaren jarraipena izan zen, Ordiziako sagardotegi batean hasi zena. «Une hunkigarri asko egon ziren: lagunek kantxan besotan hartu nindutenean, gurasoak pozik ikustean, arrebak dantza egin zuenean...».

Ezusteko festa gogoratu, eta esker on hitzak irten zitzaizkion etengabe. «Txapelaren ostekoak ondo pentsaturiko eskaintzak izan ziren, eta horiekin oroitu nintzen. Etxekoak, lagunak, Garazi eta Ioritz bereziki, eta nire arreba. Nire alboan egon direnak dira». Festa pixka bat luzatu zen, baina parranda ostean ondo lo egiteko aukera eduki zuen, eta ahotsak eta gorputzak ez zuen atzeman. Hori du gaztea izateak, eta, tira, bazkariko ziza tortilla gutiziak lagunduko zion suspertzen. «Aitonak jasotakoak, halakorik ez dago munduan». Herenegungo sufrikarioarekin alderatuta, aitonak ere egun gozoa izan zuen atzo. Hark esan zuenez, gauean esnatu, eta espresuki txapela etxean zegoen begiratzera joan zen guztia egia zela baieztatzeko.

Ondo esna zegoen Irribarria, baina egunez ere ez zion utzi amets egiteari. «Buruz burukoa irabaztea betiko ametsa izan da. Duela urtebete esan izan balidate...? Ufa! Duela urtebete hau gerta zitekeela ere pentsaezina zen». Izan ere, Iker Irribarria pilotazaleek gogoratuko duten izen zerrendara batu zen herenegun. Inoizko buruz buruko txapeldunik gazteena da, 19 urte eta 326 egunekin jantzi baitu txapela. «Tira, datu bat da, baina niri ez dit axola gazteena edo zaharrena naizen, niretzat garrantzitsuena irabazi egin dudala da. Orain lanean jarraitu beharra dago azkena izan ez dadin». Txapelketa handia egin du, baina inoiz ez du txapela gertu ikusi. «Aurkari guztiak oso handiak izan dira [hiru txapeldun kanporatu ditu], eta inoiz ez dut pentsatu txapelan. Txapelketa esperientzia bikaina izan da, bai niretzat eta bai etxekoentzat». Aramakoa Lehen Mailako buruz burukoa jokatu duen aurreneko aldian izan da txapeldun, bere garaian Ogetak, Garcia Ariño I.ak eta Irujok egin bezala.

Giroarekin harrituta

Finalean pentsatzen hasi, eta irudi bat du iltzatuta ?22-13 irabazi zuen?: «Azken tantoa. Hori dut buruan. Urrutik huts egin zuen, nola begiratu nion, eta orduko poza». Finaleko giroak harritu egin zuen, eta berotzera irten zen unetik bertatik sumatu zuen bere zaleen babesa. Partida aztertzen hasita, bere mailarekin gustura gelditu zen, eta, nekea sumatu arren, botileroaren laguntzarekin eman zion buelta. «Inoiz ez nuen ikusi partida galduta edo irabazita. Urruti gerturatu zenean, ez nintzen urduritu, eta Apezetxeak une egokian eskatu zituen atsedenak. Irabazita, berriz, azken tantora arte ez. Urruti pilotari handia da, eta aurkako emaitzei buelta emateko ahala badu».

Makina bat lore entzun du, baina, dioenez, bera ez da aldatu. Orain elastiko gorria eramango du, eta ez du espero presio berezirik. «Azken egunetan esan dut: 20 urteko ume bat naiz, eta hala bizi dut. Finala partida bat da, baina lanean jarraitu behar da. Txapelduna izanda ere, asko dut hobetzeko». Ostiralean estreinatuko du elastikoa, etxean gainera, Araman bertan jarri diotelako partida. «Udalari eskertu nahi diot jaialdia erosteko ahalegin handia». Lainoan dago, baina oraingoz ospakizunak alboratu beharko ditu. Ingeniaritza mekanikoa ikasten ari da, eta, txapelketaren eraginez azterketak nahi bezain ondo irten ez zirenez, ez-ohiko azterketak ditu orain. Batzuk aste honetan bertan ditu, beraz, liburuak hartu behar. Aurretik, dena den, harrera egingo diote gaur Gipuzkoako Aldundian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna