Beste hainbeste bizi nahi dute

Ehun urte bete dira ume batzuek Santimamiñeko koban (Kortezubi, Bizkaia) 14.000 urteko margolanak aurkitu zituztela. Aurkikuntzak hautsak harrotu zituen, eta Euskal Herriko historiaren mugarri bilakatu zen aztarnategia. Gaurko egunez, publikoari itxita dago.

Santimamiñeko margolanak Goi Paleolito arokoak dira; irudian, zaldi bat eta sei bisonte antzeman daitezke —ezkerrekoak, bertikalean—. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.
2016ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Hamalau mila urtetik gora zeramaten han,eta duela ehun urte kasualitatez aurkitu zituzten. Polita da Santimamiñeko pinturen aurkikuntzaren pasadizoa: 1916an, ume batzuk iturri antzeko bat egiteko asmoz sartu ziren kobazulora. Barruan, estalaktitak apurtzen eta hartzen zebiltzala, horien atzean zegoen barrunbe ezezagun bat aurkitu zuten. Eta barrunbe horretako paretetan zer, eta animalia itxuradun margolanak antzeman zituzten. Eta aho zabalik gelditu ziren. Ordutik aurrera, Euskal Herriko zein nazioarteko historialari eta arkeologoen arreta guztia bereganatu zuen Ereñozar mendiaren magalean dagoen «historiaurreko santutegiak».

1916ko irailean Henri Breuil arkeologoak pinturen autentikotasuna baieztatu zuen. Paleolitoko artearen ikerketan aditua zen Breuil, eta figura haiek guztiak kontu handiz aztertu zituen: 32 bisonte, zazpi ahuntz, sei zaldi, hartz bat, orein bat eta ikatzez margotutako edo zizelkatutako beste irudi batzuen hondarrak. Denak Madeleine aldikoak, Goi Paleolitoaren azken kulturetako bat. Aldi horren hasiera duela 15.000 urte inguru koka daiteke, baina, tokiaren arabera, lehenago edo geroago gertatu zen. Santimamiñekoak, zehazki, Erdi Madeleine aldikoak dira. Halere, haitzuloan hedatzen den sekuentzia kulturala Goi Paleolitoaren hasieratik erromatarren garaietara (Kristo ondorengo V. mendera) hedatzen da.

Bizkaiko Foru Aldundiak erosi zituen koba eta haren inguruak, eta kobaren ahoan burdinazko hesia jarri zuten, barruan gordetzen zuen «altxor geologiko, artistiko eta arkeologikoa» babesteko asmoz. 250 pezeta ordaindu zituzten.

Telesforo Aranzadi, Jose Miguel Barandiaran eta Enrique Egurenek sortutako taldeak egin zituen lehenengo indusketak 1928. eta 1962. urteen artean. Aranzadik giza aztarnak aztertzen zituen, Barandiaran arkeologiaz eta etnografiaz arduratzen zen, eta Eguren natura zientzietan aditua zen. Lan zehatz eta zorrotza egin zuten garaiko baliabide teknologikoak zeintzuk ziren kontuan izanda.

Tarte horretan, igarobideak eta eskailerak jarri zituzten leize barruan. Eta behin argiztapena ere instalatu zutenean, 1969an, jende guztiarentzat zabaldu zuten. Santimamiñe turismo amu indartsua izan zen, eta zabalik iraun zuen 90 urteetan miloi bat pertsona inguruk bisitatu zutela kalkulatzen da.

Baina jende horren guztiaren joan-etorriek eta argiztapen sistemak ematen zuen argiak eta beroak kalte handia eragin zieten margolanei, baita haitzuloko ekosistemari ere. Hori ikusirik, aldundiak partzialki ixteko erabakia hartu zuen, 1996an. Konturatu ziren beste modu batera kudeatu behar zela, eta garbitze, zaintze eta kontserbatze lanak hasi zituzten. 2006an, igarobideak, eskailerak eta argiztapena kendu zituzten, kobari bere berezko itxura emateko asmoz, eta, handik bi urtera, Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen. Era berean, Aldundiak Santimamiñe proiektuaren hiru zutabeak ezarri zituen: ikerketa, kontserbazioa eta kobazuloaren kultur balioaren zabalkundea.

Hiru dimentsioko leizea

Proiektu horren barruan, pinturak ikusteko beste aukera batzuen bila hasi zen Aldundia, eta leizearen hiru dimentsioko proiekzioa garatu zuten. Aitzindaria izan zen eredua; izan ere, ordura arte ez zegoen antzekorik. Egindako lanaz harro agertu da Andoni Iturbe, Bizkaiko Ondare Zerbitzuko arduraduna: «Erabaki oso ausarta izan zen koba ixtea, eta halako eredu berritzaile baten alde egitea. Erronka bat izan zen, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Kalitate eta xehetasun handiko proiekzioa da. Erabatekoa da benetako koban zehar oinez bisita erreal bat egiten ari zaren sentsazioa. Bisitarien balorazioa oso ona da». Hori horrela, eredu horretan oinarrituz, Bizkaiko beste leize batzuen 3D proiekzioak egiteko plana jarri zuen abian aldundiak: Karrantzako Ventalaperra eta El Rincon, Galdamesko Arenatza, Mañariko Askondo, Kortezubiko Morgota eta Lekeitioko Lumentza, beste batzuen artean. Iturbek egin du balorazioa: «Atapuercak erreferente gisa hartu du eredu hori, Japoniatik ere etorri dira... hobetu daitekeen eredua da, baina oso eredu ona da».

2004tik 2014ra jakintza arlo askotako hogei adituk baino gehiagok osatutako lantaldeak jarraitu zuen ikerketan, eta, 2014an, Santimamiñe publikoarentzat guztiz itxi zuten. Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek bere garaian egindakoak berriz aztertu zituzten bitarteko teknologiko eta metodologiko berriak erabiliz. Juan Carlos Lopez Quintana arkeologoa izan zen talde horren zuzendaria.

Gaur-gaurkoz, behatoki txiki bat dago haitzuloan, eta hiru hilean behin sartzen dira ikerlariak datuak biltzera. Iturberen esanetan, marrazkiak ondo kontserbatzen dira, eta kobaren osasunak onera egin du nabarmen. «Ondare hau zaindu eta errespetatu egin behar dugu, hurrengo belaunaldietara ere iritsi dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.