Inurritegia nola eraiki

Euskal kulturaren kontsumoaren datuez aritu dira Gorka Arrese, Joxean Muñoz, Olatz Osa eta Arantxa Iturbe. Jakinek antolatu du 'Zenbat gara? Nondik jo?' jardunaldia, Andoainen. Bideoa albistearen amaieran.
Gorka Arrese, Joxean Muñoz, Olatz Osa eta Arantxa Iturbe, Iñigo Astiz gidari zutela, atzo.
Gorka Arrese, Joxean Muñoz, Olatz Osa eta Arantxa Iturbe, Iñigo Astiz gidari zutela, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko maiatzak 23
Datuak badaude; inurriak ere bai. Bateko eta besteko kultura kontsumo joera eta ohitura kopuruak batuta, 200.000 laguneko kontsumitzaile eta erabiltzaile multzo bat du euskal kulturak; euskaldunak 750.000 inguru izanik, lautik batek kontsumitzen du euskal kultura. Hala islatu zuen Siadeco etxeak Elkar argitaletxearentzat oraintsu egindako ikerketa mardulak. Ez dira asko inurriak, baina izan badira. Datu horiek nola irakurri, eta inurriak nola antolatu; bi ardatz horien inguruan aritu ziren atzo, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa), Gorka Arrese Susa argitaletxeko editore ohia, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendaria, Olatz Osa Elkar argitaletxeko arduraduna eta Arantxa Iturbe Euskadi Irratiko kultur esatari eta idazlea. Jakinek antolatu zuen Zenbat gara? Nondik jo? jardunaldia, eta Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak gidatu zuen.

Datu horiek ez dute inor ezustean harrapatu, inor harritu. Bai kezkatu, ordea. Nork bere talaiatik egiten die so, nork bere begietatik ditu irakurtzen. Gorka Arresek «oso gaizki» ikusten ditu kontuak. Azken hamabost urteotan «inoizko kultur produkziorik ederrena» izan dela uste du, baina sorkuntzarena eta kontsumoarena ez dira parean doazen errealitateak, harentzat: «Gure ekosistema zenbakiek erakusten duten baino are okerragoa da». Arantxa Iturberentzat, «gauzak gaizki ikusten dira merkatuaren parametroei erreparatuz gero», baina, gainerakoan,«errealitate ikaragarri ederra» sumatzen du. «Oso gutxi gara; ez gaitu inork engainatu, baina talentu ikaragarria daukagu herri honetan. Gertatu da dena zenbakitan neurtu beharreko gizarte bat sortu dugula; eta horren arabera hartzen ditugu bide batzuk edo beste batzuk. Zer irakurtzen dute? Zergatik? Hori da inporta zaidana. Akaso oso ikuspegi erromantikoa da nirea, baina txikiak gara, eta badaukagu plus bat txikitasun horretan, harro egotekoa da». Olatz Osak ez luke «merkatua vs sorkuntza» planteamendua egingo. «Merkatu sendoa eta zabala behar dugu, baldin eta ekosistemako gainerako eragileek ere, berdin sortzaileek, baldintza hobeagoetan egongo badira».

«Txikitasunaren eta kalitatearen lilurak» ondo daude, Arreserentzat, baina ez dira nahikoak: «Sortzaile guztiak izugarrizko prekaritatean bizi dira. Prekaritate horri inoiz ez diogu zenbaki nahikorik jarriko. Horrelako azterketarik ez da egin badaezpada ere...».

Profilak, hegemoniak

Joxean Muñozek ere ez lituzke kontrajarriko sortzailearen esperientzia eta zenbakien azterketa. «Nik ere uste dut egungo produkzioa inoizko ederrena dela, baina sorkuntza hori nola egin erabilgarri, jendea nola hurbildu horretara, hor dago giltza». Muñozen ustetan, kontsumo eta bizimodu ohitura aldaketa handiak izan dira azken urteetan, eta horietara egokitzen jakin behar da. «Batetik, egungo gazteen profila oso bestelakoa da, ez dituzte gure motibazio berberak. Pantailetan eta sare sozialetan idatzi eta irakurtzen dute, eta erdaraz egiten dute; arretaren negozio bat sortu da, eta aisialdi ia guztia horretara bideratua dago». Eta segidan dator euskal kultura inguratzen duten kultura hegemonikoen aldagaia; elefante eta inurrien metafora: «Elefante handiak ditugu inguruan; eta horiek denak erraz ikusten ditugu. Gu inurriak gara. Inurritegi hori antolatzea dagokigu».

Kultura eta hizkuntza hegemonikoen datuak hurrena, Osak emanak: euskaraz, urtero, 800 titulu berri inguru ateratzen dira liburuetan. Espainian, urtero, 85.000, eta Frantzian, 75.000. «Horri gehitu ingelesa eta Internet... Euskarazko liburuek horrekin lehiatu behar dute». Zer duda; zail da testuinguru horretan lehiatzea, bizirautea, baina autokritika bat ere egiten du Arresek, euskal kultur komunitate osoaren azken urteetako «joera ageriko» baten kritika. Orain artean gutxitan aipatua: «Kontua da denok konturatu garela negozioaren bolumena erdarazko produkzioak ematen duela, eta horri ez dio inork uko egin, eta ez dio egingo. Negozio bolumen hori ustiatzen jarri gara gu geu, euskaldunok, bete-betean, erdarazko produkzioa ustiatzen, sorkuntza, banaketa, salmenta... Zenbakiek funtsean erakusten dutena hori da». Eta honela sakontzen du argudiobidea: «Utzikeria eta arduragabekeria handiz jokatu dugu urte luzetan, jokatu dugu epel eta apal. Gu denok %100 erdaldunak gara. Eta gero pixka bat euskaldunak. Gu erdaldunona da errua, erdaldun hegemonikoona».

Gudu-zelaia, ohe-zelaia?

Hizkuntzarena «gudu-zelai» modura bizi du Arresek: «Hegemoniek zapaltzen gaituzte. Hobe gudu-zelai bat ez balitz, baina horixe da diglosia». Eta aterabiderako printza gero: «Asumitu behar dugu guztiok konpromiso handi bat hartuko dugula, ez badugu geure burua erdaran itoko; esaterako, konpromiso bat hartu behar genuke izugarrizko euskal alfabetatze kanpaina bat egiteko». Osak ere «epe ertain-luzerako estrategia» baten beharra nabarmentzen du. «Kulturgintzaren eta administrazioen artean pentsatu, diseinatu eta abiatutako kultur politikarik ez da izan orain artean. Ekimenak izan dira, baina ez dira partekatu eta koordinatu». Eta egon direnak herri ekimenetatik ailegatu dira, haren irudiko: «Jalgi, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak bultzatutako protokoloaren Euskal Herriko Garapena programa, Eusko Ikaskuntza azkenaldian egiten ari den foro eta ekimenak...».

Azken urteetan kultura politikarik ez dela izan esatea «eskapismo ariketa» bat da, Joxean Muñozen hitzetan. «Esan liteke zer egin den gaizki, zer egin den ondo, baina egon ez dela esanda, ez diozu zeure buruari obligaziorik jartzen, eta guay geratzen da».

Sektore desberdinekin «etengabe» egoten dela dio Muñozek, eta sektore horien barruko atomizazioa ikusten du eragile guztiak elkartu eta itun bat adosteko «eragozpen» modura. «Dena oso sakabanatua dago. Pentsatu behar dugu nola egin eraginkorrago politika horiek. Trinkotu egin behar dugu harreman hori». Eta, Iturbek bezala, uste du txikitasunaren erakarmena gako bat izan litekeela: «Esaterako, Euskal Herrian ez dago sekulako tomate ekoizpena, baina lortu dute oso tomate berezia ekoiztea, kalitatekoa eta abar... Gure orain arteko estrategiak ez badu balio izan, igual hortik...». Ez du oso urruneko ikuspegia Iturbek ere: «Ni oso eszeptikoa naiz itun eta estrategiekin. Uste dut gehiago arriskatu behar dugula nork bere esparru txikitik; eman dezakegula esparru horretatik gaur egun ematen duguna baino gehiago. Gudu-zelai baino gehiago, bihur dezagun kultura ohe-zelai, amoranteek larrutan egiteko».

Bestelako ikuspegia du Arresek. «Ez badugu neurri drastikorik hartzen, ez badugu itun bat egiten guztion artean, zehatza, zorrotza, kooperazioaren bidez, euskararen alde, itoko gara gure erdaltasunean, inoizko liburu eta diskorik ederrenak eginez, baina itoko gara. Egin dezagun behingoagatik Euskararen Kulturaren Legea. Euskarazko kulturarena, ez kulturarena. Arau batzuk idatzi, onartu eta bete ditzagun».

Datuak badaude. Inurriak ere bai... Inurritegia falta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna