Sanne Cant

Ortzadar kolorea falta zaio

25 urte bete berritan ziklo-krosean irabaz daitekeen gehiena irabazita, flandriarrak Munduko Txapelketan gailentzeko erronka jarri dio bere buruari. Zilarra kolkoratu zuen iaz, Pauline Ferrand-Prevoten atzetik.

PETER DECONINCK.
unai zubeldia
2016ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Kopeta aldeari begiratu besterik ez zegoen barruan zeukan amorruaz jabetzeko. Segundo bakarra. Esprinta. Munduko txirrindularirik onena atzean utzi ondoren —Marianne Vos—, munduko txirrindularirik onena bihurtu dena ezin menderatu—Pauline Ferrand-Prevot—. 24 urte eskasekin, ederra da Munduko Txapelketan zilarrezko domina kolkoratzea, baina Sanne Cant kopetilun zegoen Taborko podiumean (Txekiar Errepublika). 2015eko urtarrilaren 31 zen. Munduko Kopa, Europako Txapelketa eta Belgikako Txapelketa eskuratuta, herbeheretarren indarra apaltzeko erronka zeukan iaz flandriarrak, baina amore eman behar izan zuen.

2012ko Munduko Txapelketan bezala. Koksijden (Flandria). Etxetik gertu. 21 urte besterik ez zeukan orduan Cantek, eta ia baimenik eskatu gabe igo zen podiumera. Burua makurtu eta brontzezko domina kolkoratu zioten orduan. Ondoan zeukan orduan ere Voss handia, eta koska bat beherago Daphny van den Brand herbeheretarra. Iaz gertatu bezala, lau urte atzera ere segundo bakarrak aldendu zuen lorpen handiagotik. Vossengandik 37 segundora helmugaratu zen Van den Brand, eta 28ra Cant.

Gaztetasunaren amorruari segika, baina buruari bere lekuan eutsita, flandriarra harrigarri hazi da azken urteotan, eta azken bi denboraldiak aztertu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Belgikako Txapelketa, Europakoa eta Munduko Kopa. Bi urtez jarraian. Tartean Munduko Kopako bost proba, Superprestigioko bederatzi eta BPost Bank Sariko sei irabazita. Baietz esan dio bere buruari, lor dezakeela. Bete-betean iritsi da asteburuan Heusden-Zolderren (Flandria) jokatuko den Munduko Txapelketara, eta kirol ibilbide oparoa biribiltzeko azken kolpea eman dezake bertan.

Hori bai, azken hilabeteotako bidea ez da izan oso samurra. Izan ere, istripu larria izan zuen ekainean, entrenatzen ari zela; aita motoan eta Cant bera bizikletan, egurrean zebiltzan biak, eta traktore batek aurrez aurre jo zuen txirrindularia. Ospitaleratu egin zuten aldaka eta besaburua minduta. «Akabo denboraldi hasiera», pentsatuko zuen orduan. Baina podiumera igo zen Munduko Kopako estreinako proban, Las Vegasen (AEB). Gerora onartu izan duen moduan, isileko lana dago Canten arrakastaren oinarrian.

Koska bat atzera egin, eta laugarren amaitu zuen Valkenburgen (Herbehereak), bigarren proban. Baina bi besoak altxatu zituen hirugarrenerako. Koksijden berreskuratu zuen iazko pedal kolpe fina, baina azken hilabeteotan hark nahi baino gorabehera gehiago izan du flandriarraren gorputzak. Behea jo, eta 14. postuan amaitu zuen Namurreko Munduko Kopako proba, eta aspaldiko irribarrerik handienarekin igaro zuen Heusden-Zolderko helmugako marra. «Buruak behar zuen garaipen hau. Namurrekoa ahazteko, eta aurrera begira berrindartzeko».

Zolderrera begira, berriz ere

Burua herrenka hasten denean, zaila izaten da giharrek erantzutea, eta Cantek barrua askatu zuen Munduko Kopako bosgarren proban. Abenduaren 26a zen, eta gainean zeuden denboraldiko erronka handienak. Garaipena Belgikako Txapelketan, garaipena Lignieres en Berryn (Frantzia), Munduko Kopan, eta, bosgarren postuarekin, gozatua herenegun Hoogerheiden (Herbehereak). «Indarra behar zen, eta, argi eta garbi, ez zen niretzat egokiena». Baina, aurkariak zainduz, podiumeko goiko koskan amaitu zuen eguna.

«Poltsikoan daukat Munduko Kopa». Bigarrenez. «Eta, ondo bidean, irabazi egingo ditut Superprestigioa —bi proba falta dira— eta BPost Bank Saria ere —bakarra falta da—. Denboraldi gogor eta zailean, Heusden-Zolderren itzuli zen Canten irribarrea, eta hara begira ari da, berriz ere, lanean. Kolore bakarra falta zaio ibilbide oparoari: ortzadarrarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.