DISKOGRAFIA HAUTATUA

mikel lizarralde
2016ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Estudioko hamalau disko ia mende erdian. 1967tik 2016ra. Hori Leonard Cohenen ondare diskografikoa zenbaki hutsei begiratuta. Gutxi, ibilbide artistiko konbentzional baten barruan, baina Cohenen ibilbidea eta garapena oso ondo azaldu, kontatu eta narratzen dutenak guztiak. Guztien artean bost aukeratzea ez da erraza, eta hauek bezainbeste konta dezakete Montrealgo kantari eta poetaz Songs from a Room (1969), New Skin for the Old Ceremony (1974), Various Positions (1984) eta The Future-k (1992). Baina, neurri batean bada ere, bost Cohen erakusten dute honako disko hauek. Edo Cohen bakarraren bost alderdi.

'Songs of Leonard Cohen' (1967)

Literaturak ospea emana zion, baina ez jateko askorik, 1966an New Yorkera iritsi zenean. Judy Collinsek bere testu batzuk moldatuak zituen ordurako, eta Bob Dylan nahiz Tim Buckleyren kantaerak erakarrita, bere lehenengo kantu sorta grabatu zuen 33 urterekin. Sentsualtasuna, ikuspegi erromantikoa eta espiritualtasuna uztartuta, herri musikaren poeta liriko bilakatuko zuen kantu sorta bildu zuen diskoan: Sisters of Mercy, So Long, Marianne, Master Song...

Kantu bat:Suzanne.

'Songs of Love and Hate' (1971)

Avalanche kantuak ematen du diskoaren tonua: iluna, sakona, dentsitate ikaragarrikoa. Letania baten parekoa. Depresio garaian egindako piezez osatua, Songs from a Room-ek (1969) borobiltzen duen trilogia soila ixten du. Gitarra akustikoak eta ahotsak gidatzen dute diskoa, eta hari zein haize moldaketa xumeek areagotu egiten dute kantuen dramatismoa. Iluntasunean, argi printzak erakusten dituzte Famous Blue Raincoat eta Joan of Arc-ek, edertasun suminduaren paradigma biak.

Kantu bat:Famous Blue Raincoat.

'Death of a Ladies Man' (1977)

Leonard Cohenen zale askori gustatzen ez zaien diskoa. Phil Spector Wall of Sound ospetsuaren sortzailearekin elkarlanean—edo elkarren kontra— ondutako lanak beste Cohen bat erakusten du. Spectorrek eraikitako moldaketa barrokoek protagonismo ia osoa bereganatzen dute, baina Cohen ahal duen moduan egokitzen da berearekin zerikusi txikia duen lan egiteko modura. Eta, halere, edertasun liluragarri bezain ezberdina darie True Love Leaves, Death of a Ladies' Man eta Memories gailurrari.

Kantu bat.Memories

'I'm Your Man' (1988)

Various Positions-en (1984) ahaire ia klasikoak atzean utzita, tinbre elektronikoak bereganatzen ditu I'm Your Man-en nahiko testu apokaliptikoak janzteko. Muturren artean mugitzen da diskoa, Jazz Police-ren dance doinuen eta Federico Garcia Lorcaren lanean oinarritutako Take This Waltz-en goxotasunaren artean, eta oso bereak eta, aldi berean, ezberdinak diren piezak biltzen ditu: Everybody Knows, Tower Song, Ain't No Cure for Love...

Kantu bat:First We Take Manhattan.

'You Want it Darker' (2016)

Denbora beharko da Cohenen testamentuaren benetako balioa neurtzeko, baina David Bowieren Blackstar-i bezala, Montrealgokoaren azken diskoari iluntasuna dario poro guztietatik. Eta, hala ere, iluntasun horrek ez du ezkutatzen kantu askoren edertasuna.

Kantu bat: Steer your Way
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.