Aitzol Atutxa

Txapelik sufrituena

Euskal Herriko txapela irabazi du laugarrenez jarraian, eta urte bikaina biribildu. Finala, baina, aurrekoak baino estuagoa izan zen, eta ez zuen gustura bukatu. Orain, atsedena baino ez du nahi, «gainezka» bukatu baitu.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Lanak bukatu, besoak altxa, eta etxekoekin oroitu zen. «Irabazten duzunean, haiekin oroitzen zara. Noski, baita entrenamenduetan laguntzen dizutenekin ere, baina etxekoak daude hor egunero. 'Ezin duzunean, une txarretan, oroitu gurekin' esaten didate. Erraz irabazten dudanean, haiek ere gutxiago sufritzen dute», aitortu du Aitzol Atutxak. Eta herenegun oroituko zen haiekin, Donostian, Euskal Herriko Txapelketako finalean, eta segur aski balioko zion ez zeuden tokitik indarrak ateratzeko. «Txapelik sufrituena izan da hau. Jokatu nuen lehen finalean 5. izan nintzen, sufrituz. Baina irabazitakoen artean, hau izan da gogorrena».

Laugarren txapela du jarraian,tarte txikienarekin irabazitakoa. 18 segundoren aldea atera zion Iker Vicenteri. Atutxak ondo du gogoan zer pairatu zuen finalean. «Ez nintzen gustura gelditu. Mozketetan ez nintzen batere ondo ibili, eta normalean ondo moldatzen naiz horretan.Akats teknikoak izan ziren; aste batzuk neramatzan nekatuta». Finalean indartsu hasi zen, baina ez zuen Vicente askorik aldendu. Seigarren enborrean hamar segundoren aldea zuen bakarrik, baina bigarren oinbikoaren ondoren 51ra igo zuen. «Gero, egur oso gogor bat egokitu zitzaidan; 60 ontzakoetan kateatu nintzen. Vicentek ere pixka bat etsi zuen; ura edaten ikusten nuen. Sufrituz irabazi nuen, abantaila kudeatuz».

Analisi zehatza egin du; argi du finala nolakoa izan zen, baina aste honetan berriz ere ikusiko du telebista emankizunaren grabazioa. Baita aurreko finalak ere. «Haiek birritan, hirutan edo lautan ikusita dauzkat! Beti ikasten da zerbait. Finalean zeure burua ikusten duzu, baina besteak nola dabiltzan ez: zein ohitura dituzten...». Bideo asko dira ikusteko, eta bolada luzeek hori dute: zenbat eta luzeagoa izan, are gertuago dago amaiera.Ez da trauma bat. «Aurten ez da izan, baina baliteke hurrengo urtean izatea, edo bi barru, baina iritsiko da garai bat hor goitik jaitsi beharko naizena. Onartua dut. Aurten hala neukan, eta hurrengo urtean hala izango dut».

Iker Vicente da mehatxu handiena, badaki. «16 urterekin pila bat egiten zuen aizkoran, eta 20rekin, gehiago. Jendeak dio: 'Vicente badator'; eta ez, 'Vicente badago honezkero'. Errealitate bat da. Hemendik aurrera haren bilakaera motelagoa izatea espero dut; bestela, horrela jarraitzen badu, hemendik bost urtera berak oinbikoak moztu beharko ditu, eta guk kana-erdikoak». Vicentez mintzo da, baina beste bi aizkolari harrapatu ditu txapeldunen zerrendan: Patxi Astibia eta Jose Inazio Orbegozo, Arria II.a. Haiek ere lau aldiz jantzi zuten txapela. «Izen handiak dira horiek. Ni Donato Larretxearekin oroitu naiz. Nire lehen bikotekako txapela harekin irabazi nuen, 18 urterekin. Harekin aritzea ohorea zen, bera zen onena, hiru txapel irabazitakoa. Iaz konturatu nintzen hark adina nituela, eta, nire ustez, ez Donatok adina merezita. Orain, aldiz, hark baino gehiago ditut».

Ezta egurretarako ere

Herenegun txapela irabazi, eta atzo lanera, beste astelehen normal batean bezala. Iratzargailuak 06:23an jo zuen, ordurako esna bazegoen ere: «Gaizki egin dut lo, tentsioa-eta...». Baso eta egur salerosketarako enpresa batean egiten du lan Atutxak. «Nire aurpegia eta finaleko besteenak egunkariko azalean ikusita, baten batek pentsatuko zuen: 'Ederki bizi dira hauek!'. Finalean geunden seiak astelehenean lanera joan gara; hori da gure errealitatea». Atutxak urte bikaina egin du, baina, hala ere, txapelketa ere ez da errenta. Txapeldunaren saria 2.000 eurokoa da, eta entrenatzeko erosi zuen egur kamioikadak bakarrik «bi mila pasatxo» balio zuen. «Baina tira, beste txapelketak eta erakustaldiak erabiltzen ditut entrenatzeko».

Aizkoraren errealitatea hori da: ezinezkoa da herri kiroletik bizitzea. «Igandean ospakizun txikia egin genuen. Afari mokadu bat bidean, finalera etorri ginenekin. Xanpainik gabe gainera, luzatu ez zedin; lanera zintzo joan behar». Guztiek aizkora lanarekin uztartzen dutela ikusita, Atutxa oso harro dago dagoen mailaz. «Nik oso argi dut. Finalean egon ginen guztioi hiru hilabeteko oporraldia emango baligute buru-belarri prestatzeko, guztiok %10 hobetuko genituzke gure markak».

Eta orain zer? «Igandean aizkolari ligako finala jokatu, eta atsedena». Oso argi du hori. Neguan, beraz, ez du apustu edo desafio saltsetan sartzeko asmorik: nekatuta dago. «Gainezka egin dut. Ez dakit aurten aizkoran gehiegi ez dudan egin. Urtarrilean hasi ginen, eta luze egiten da. Gorputza eta burua dauzkat nekatuta; aizkora ez den zerbaitetan pentsatu behar dut. Neguan ez dut ezer baztertzen, baina ez dut asmorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.