Batean errefuxiatuei ongietorria, eta bestean 'Agur jaunak' kantua

Bi irekitze izan dituzte Baionako bestek: alternatiboan, euskara nagusi izan da, eta Mohamed Bashir errefuxiatuak bota du suziria; herriko etxean, bertsoaren ordez 'Agur jaunak' kantatu dute

Baionako karriketan milaka herritar bildu ziren atzo, bestei hasiera emateko. ISABELE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2017ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
«Bizi osoan gerla baizik ez dut ezagutu. Hori ez da normala. Nik denek bezala bizi nahi dut. Ez ote dut horretarako eskubiderik?». Mohamed Bashirren galderak gordetzen duen sufrimenduak oihartzun berezia sortzen du Baionako besten lehen egunean. Inguruan mundu bat dauka zuriz eta gorriz jantzia. Jadanik alkohola nahaski isurtzen hasia da basoetan. Besten irekitzearen zain egon gabe, hasia da besta. Bashir bera Sudan hegoaldekoa da, Kaduqli herrian sortua. Laster 24 urte betetzekoak dituela, iazko apirilean egin zuen ihes handik. Orduz geroztik, torturak, atxiloaldiak, Mediterraneoko itsasoko uren lanjerra —140 lagun «baloi bat» zen ontzi baten gainean metatuak—, ohointzak eta zanpaldiak ezagutu ditu. Sudandik Libiara, hortik Italiara, Italiako Ventimigliatik Parisera, eta, azkenean, Baionara.

Joan den martxotik Baionan bizi da. Asilo politiko eskaera aztertzen ari zaio Frantziako estatuko administrazioa. Bitartean, errefuxiatuen laguntza lanetan ari den Atherbea elkarteak eskaintzen dio gela. Babesa aurkitu du hor. Baina aitortu du doi bat enoatzen dela bertan, eta ahal den guztiz handik eskapatu nahi duela.

Bashirrek irriz begiratzen dio Baionako besten giroari. «Lehendabiziko bestak ditut». Gonbidatu berezia du Baionako gazte asanbladak. Besten irekitze alternatiboen hasierako lehen suziria piztea galdetu diote. Eta hark kontent bete du lan hori. Pozik da baita jende berria ezagutzeaz. Frantsesa ikasi nahi du —euskararentzat ere motibatua da, nahiz eta «zailago» ikusi—. Ulertua du hizkuntzen ikasteko, praktikatzeko eta lana aurkitzeko jendea ezagutzea baino gauza hoberik ez duela. Sareak nola osatzen diren laster ikasi du. EHZ jaialdian ezagutu ditu Baionako gazteak. Laguntzaile gisa joana zen Lekorneko jaialdiko muntaketara. Triste jakin zuen azkenean ezeztatu behar izan zutela jaialdia. Besta egiteko gogoz zegoen.

Egin ez zuen besta hura, orain, Baionan egiteko aukera duela ohartu da laster. Baionan ditu orain EHZn ezagutuak. Laster garagarno proposamenak metatu zaizkio. Baina hark zehaztua du ez duela alkoholik edaten. Jadanik edan izana duela Parisen, baina buruko minarekin segituan ohera joan zela justifikatu da. Baina ingurukoek edatea ez zaio traba. Alderantziz. Hark tabakoarekin konpentsatzen du. Erretzeari gustua hartua dio bidaian. Horrekin, buruko minik ez. Denak erretzen ikusi nahi lituzke. Umorerik ez du eskas Sudango gazteak.

Gaztetxekoei garrantzitsua zitzaien Bashirren presentzia, errefuxiatuei ongi etorria egiten dietela aldarrikatzeko. «Euskal Herria izan da eta izango da dena galdu dutenen, inorentzat ezer ez direnen babes herria. Gu ere iheslari izan ginen eta inoiz ez ditugu ahantziko haien herrietan hartu gintuztenak», azaldu du Lili Iriartek gaztetxekoen izenean egin hitzartzean.

Bashir ez da izan eguneko gomita bakarra. Bere ondoan Departamendu kontseiluaren partetik diru murrizketak jasan dituzten Baionako karrikako hezitzaileak izan ditu eta baita Les Bascos LGTBI elkarteko Beñat Gachen ere. Hiruekin batera «amesten dugun Baiona eta Euskal Herria» irudikatu nahi dute gaztetxekoek. «Diskriminazio guztietatik aske den Baiona bat amesten dugu, euskalduna, ezkertiarra, feminista». Banako kolektibo batekin borobildu dute hitzordua.

Duela hamar urte Patxa plaza abandonatuari bizi berri bat emateko parioa egin zutela gaztetxekoek, hamar urtez garatuz joan da proposamena. San Andres plazari begira dagoen Pyrenees ostatu gainetik egin irekitze alternatiba hori da horren adibideetako bat.

Bigarren urtea du irekitze alternatiboak. Iaz irekitze bakarra izan zen, ofiziala ezeztatu baitzuten, Nizako (Okzitania) atentatuen ondorioz, larrialdi egoeragatik.

Aurten irekitze ofiziala iragan da. Baina hala ere, beste ahots baten beharra sentitu da laster. Bertsoa horren lekuko. Bertsoa kentzea erabaki baitzuten Baionako irekitze ofizialetik agintariek iaztik, aitzineko urtean Gillen Hiribarrenek kantatu bertsoa ez bait zitzaien gustatu. Xina Dulong Pyrenees ostatuko jabearen eta Herriko Etxearen artean zen gatazka aipatu zuen bertsoan, polemikaren erdian zen Kontrapas basoarekin topa egin.

Barda, irekitze alternatiboan bertsoa Gillen Hiribarrenek berak du bota du, hain zuzen ere. Oihartzun berezi bat sortuz Baionako Yves Ugalde Baionako auzapezordeak bertsoa zentsuratzeko erabili justifikazioei. Horrek bertsoa «besten izpirituarekin» ez zetorrela bat azaldu zuen. Zein izpirituz ari den agian, hori gakoa. «Besta giroko irekitze bat behar dugu, azpian den zalaparta eta erantzuteko gogoarekin bat egiten duena, eta ez ikuslea pasibo uzten duena». Atzoko Hiribarren bertsoak ez du entzulea pasibo utzi. Baina, kontua da hizkuntza bat egina dela hitz egiteko eta konprenitzeko, eta bertsoan erran duenaren haritik, «ez da folklore» hutsa.

Bertsoaren ordez, Agur jaunak kantatzea izan da Herriko Etxekoen hautua aurten. Adierazgarria, agian, ikustea Akizeko (Landak) bestetan ere Agur jaunak kantua memento garrantzitsuenetako bat dela besten bukaera markatzeko.

Gorka Robles deitu zuten Herriko Etxetik ea kantu hori kantatzen ahal zuen balkoitik galdeginez. Baionakoa sortzez, kantaria, Baionako elkarte munduan aspalditik murgildua, kontent eman dio baiezkoa gonbidapenari. Horren ondoan, gaskoinez Caroline Larbere torera mintzatu da, toreroz jantzia.

Or Konpon, La Nautique kirol elkartea eta Gurutze Gorria elkarteak leku berezi bat izan dute, baita Baionako ASB nesken errugbi taldeak ere. Izan ere, errugbi taldea bigarren mailako txapelduna izan da aurten. Nesken errugbiarentzat hazten ari den zaletasunaren adierazle dela, gonbidapen berezi hori poztu dira taldekoak.

Baina ez dute errugbilariek bota herriko giltza sinbolikorik, haatik. Izan ere, hiru pertsona ezagunek bota ohi dute hiriko giltza balkoitik besten hasiera markatzeko. Aurten, Christian Etxebest sukaldariak, Anne-Sophie Lapix France5 kateko kazetariak eta Celine Dumerce saskibaloi jokalariak bota dituzte. Igandera arte iraungo dute bestek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.