Peter Sagan

Saga bilakatu da

Saganek hirugarrenez jarraian irabazi du Munduko Errepide Txapelketa. 27 urte ditu, eta 104 garaipen lortu ditu jada. Txirrindularitzaren historia da dagoeneko, baina atal asko gelditzen zaizkio oraindik idazteko.

CORNELIUS POPPE / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Haren epopeia bertso batzuk luzeagoa da orain. Herenegunez geroztik, Peter Sagan lehiatzen ikusi zutenek beste istorio bat izango dute kontatzeko belaunaldi gazteei. Bakarka borrokatu eta tropel guztiaren begiak gainean izan arren ia beti irabazten zuen txirrindulari tximadun haren balentriak gogoratuko dituzte. Tira, moztu du ilea, baina lizentzia poetikoak onartuko dira. Izan ere, herenegun hirugarrenez jarraian irabazi zuen munduko errepide txapelketa. 27 urte baino ez ditu, eta, urtez urte, lasterketaz lasterketa, txirrindularitzaren historia idazten ari da. Dagoeneko saga bilakatu da.

Saganek hiru urte egingo ditu gutxienez elastiko berdinarekin. Bularra gurutzatzen dion ortzadarra ikusteaz ez da nekatu. Hiru aldiz munduko txapeldun izandakoen kluba txikia da: Alfredo Binda Giocconda italiarra (1927, 1930 eta 1932), Rik Van Steenbergen (1949, 1956 eta 1957) eta Eddy Merckx flandriarrak (1967, 1971 eta 1974), eta Oscar Freire (1999, 2001 eta 2004) espainiarra dira kide Saganekin batera. Eslovakiarra, baina, jarraian lortu dituen bakarra da, hirugarrena gazteen irabazi duena, hiru kontinente ezberdinetan, eta, haren sasoia ikusita, ez litzateke harritzekoa laugarrena lortzea.

Sagan aukeraturikoetako bat da. Talentuak, genetikak eta lanak bat egiten dute harengan, eta txirrindularitzaren izar handiena bilakatu dute. Profesionaletan debutatu zuenetik —19 urte zituen—, 104 garaipen lortu ditu. Gaur egun, Alejandro Valverde da 100 garaipen baino gehiago dituen beste profesional bakarra; hura, baina, 37 urte betetzear zegoela iritsi da kopuru horretara. Izarrik mediatikoena da, eta hark du soldatarik handiena. Kopuruak ez dira jakinarazten txirrindularitzan, baina, nazioarteko hedabideetan publikaturiko artikuluen arabera, 6 milioi euro irabazten ditu urtean, Chris Froomek berak baino gehiago. Bora taldearen eta Specializen bizikleta etxearen artean ordaintzen dute soldata. Munduko txapelduna Monacon bizi da, errentaren gaineko zergarik ez duen herrialde batean.

Soldata handia da, baina ondo merezia du azken euroraino. Herenegungo lasterketa berak ia proba guztietanjasaten duen egoeraren eredu izan zen. Eslovakiak sei kideko taldea eraman zuen Bergenera, eta bik bakarrik bukatu zuten: Peter Saganek eta Juraj haren anaia zaharrak. Juraj anaiaren bizkartzaina da, ondo elikatu dadin eta babesean joaten laguntzen dio errepidean. Garaipenak erabakitzen diren unean, baina, txapeldun berria bakarrik gelditu zen—haren taldekidea ere bada Boran, eta, Alemanian argitaratu zenez, Borara joan zenean Saganek hamalau pertsonako multzoa eraman zuen talde berrira—. Beste talde batzuetako txirrindularien errobera zaintzen jardun zuen. «Nire selekziokideei eta beste selekzio batzuetan ditudan lagunei eskerrak eman nahi dizkiet», adierazi zuen lasterketaren ondoren, aliatu horiek nortzuk ziren argitu gabe.

Saganek gainean izan zituen begi guztiak. Helmugarako bost kilometro falta zirela, une larria pasatu zuen, baina tropelaren barruan heldu zen azken kilometroetara. Ordura arte ezkutu antzean ibili zen, baina hura noiz mugitu zain zeuden denak, eta galga handia da hori. Milan-San Remon gertatu zitzaion aurten, Michal Kwiatkowskik (Sky) bere jarduna baliatu zuenean azken unean hura pasatzeko. Saganek faborito izatearen zama pairatzen du amaieran, eta hor datza haren meriturik handiena. Tropel guztiak daki lehenago edo geroago erasoa joko duela, tropel osoa du zain, eta, hala ere, irabazi egiten du. Herenegun, Alexander Kristoffek (Katuxa) oso gutxigatik ez zion aurrea hartu azken metroetan. Halere, Sagan hain da txirrindularimediatikoa, norvegiar bat esprintean garaituta ere Bergeneko ikusleak alai ageri baitziren. Michele Scarponi zenari eskaini zion garaipena: lagunak ziren.

Tourreko arantza

Saganek, horrela, Frantziako Tourreko arantza atera du Bergenen. Aurten, kanporatua izan zen esprint batean ukondoa atera eta Mark Cavendish (Dimension) lurrera botatzeagatik. Erabakiak zalaparta sortu zuen, baina Tourreko zuzendaritzak zorrotz jokatu zuen harekin. Bost aldiz izan da erregulartasunaren irabazle Tourrean. Saganek aurten hamabi garaipen lortu ditu bakarrik: bakarra itzuli handietan, eta bat ere ez Munduko Kopan. Gutxi dirudite iaz lorturiko hamaseiekin alderatuta. Iaz, gainera, bi klasiko handi irabazi zituen, eta hiru etapa Frantziako Tourrean. Alderatuta, aurtengo urteak erdipurdikoa irudiko luke, baina, hala ere, Sagan bigarren da UCIko sailkapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.