Sarako Biltzarra, euskarari so

Euskara gaitzat duten zenbait liburu aurkeztu ditu aurtengo Sarako Idazleen Biltzarrak. Inoizko jendetsuena izan da 35. biltzar hau. 1.200 sartze ordaindurik zenbatu dituzte bi egunetan

Sarako Idazleen Biltzarrean 120 bat idazle elkartu dira, 77 erakusmahaitan. Autoekoizpen andana bat ere bildu da hor, argitaletxeen ondoan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Sara
2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Sarako Idazleen Biltzarraren 35. ekitaldia uzta ederrekoa izan dela poztu dira antolatzaileak. 1.200 sarrera ordaindurik egin dituztela iragarri du Jean-Michel Garat antolatzaileak. Hau da, haurrak eta gonbitak kontuan hartu gabe. Bi egunetara luzatua zutela aurten ere biltzarra, iaz bezala. Igandeko eguna lasaiagoa izan zen (300 bat sartze). Baina oro har, bai igandean, bai astelehenean, denak poztu ziren biltzarraren giro «goxoaz», Garaten hitzetan. Kanpoko karpako haurren txokoa eta hitzaldien txokoaren balorazio positiboa ere egin zuen Garatek. Idazle andana bat ere kontent agertu da ukan harreragatik.

Mami aldetik, azpimarra daiteke euskara gaitzat duten liburuek leku berezia izan dutela aurten. Sarako Idazleen Biltzarraz baliatu baitira agertzeko. Euskara gaur, atzo eta geroan, nolabait laburbiltzeko. Denak hor nonbait korapilatu ziren Sarako Idazleen Biltzarrean.

Hasteko, horra lehen korapiloa. Anekdota bat. Non, eta Sarako kiroldegian sarreran gertatua. Noiz, eta atzo. Biltzarraren bigarren egunaren karietara, bisitari bat biltzarrera sartzeko sarrera ordaintzeko hurbildu zitzaiela sarrerako kutxazainei. Sarrera bat eskatu zuen bisitariak, euskaraz. «Bat» nahi zuela. «Bat», beraz,kutxazainak, frantsesez. 10 euro eman eta kutxazainak, espainol kaskarrean erantzuna, ea bi euro ez ote zituen. Eta erantzuna frantsesez bisitariak, ezetz, ez zuela txanponik. Eta horra nola Sarako Idazleen Biltzarreko sarrerako solas bat bukatu zen. Euskara ez jakin, eta ez barkamenik ez deus, penatu zen bisitaria.

Oihartzun berezia hartzen du anekdota horrek, noiz eta Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa liburua atzo bertan aurkeztu zuela Euskaltzaindiak. Jagon sailean, 2016ko azaroan antolatu 21. jardunaldiak biltzea du helburu liburuak. Euskal Konfederazioarekin antolatu zituen jardunaldiak Euskaltzaindiak, baita Euskararen Erakunde Publikoarekin ere. Euskararen estatusari buruzko gogoeta proposatzen dute hor, besteak beste.

Eta horra hor, beste korapilo bat. Ez dela egun hartako solasaldien araberako akta, horra zer aitzinatu duen Aines Dufau Ikaseko buru eta Euskal Konfederazioko kideak. Jardunaldietan parte hartu zuen, baina liburuan ez du orduko guztia aurkitu: «Irakaskuntzaz adibidez, katalogo bat bezala agertzen da. Baina nik bere garaian aipatu nuen neurgailu bat ez da agertzen hor. Begira zertan garen. %10 baizik ez dira euskal irakaskuntzatik ateratzen diren ikasleak, baxora heldu direnak. Sail elebidunetik eta murgiltze sistematik jalgitzean. Denak barne. %10. Neurgailu interesgarria da hori. Funtsezkoa eta nehon ez da agertzen liburuan». %10 horretatik jalgitzeko zertan gauden, galdera zuzena egin zion atzo Dufauk Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteari, ondoan zuela, liburuaren aurkezpen ofizialean. Horrelako kopuruekin ez delako posible euskara bizirik atxikitzea, gaineratu zion Dufauk. Baina Etxegaraik gaiari ihes egin zion. Ez zion zuzenki ihardetsi. Frantziako legeak sortu eragozpenak aipatu eta «urrats txikiekin egiten den politikan» sinesten zuela gehitu zuen.

Itzaletik baino gehiago, egoera argitik begiratzeko proposamena egin zuen, berriz, Koldo Zuazo ikerlariak. Nondik eta, Saratik bertatik. Sarako Euskara (Euskal Herriko Unibertsitatea) justu Biltzarrerako kaleratu zuten, hain zuzen. Aurkezpenaz baliatu ziren Sarako herriaren saria ere emateko Zuazori. Sarako gaur egungo euskara du hartu oinarri Zuazok bere hiztegian. Saratar andana bat ukan du horretarako lagun, hark «irakasle» izendatu dituenak. 80 urteko ingurukoak zaharrenak, gazteenak 11 urte dituelarik. Liburuak bi parte ditu. Lehenbizikoa gramatikari lotutakoa. Txikia da, «azken batean hemengo euskara ez da oso diferentea, Zuberoakoa edo Bizkaikoa izan daitezkeen bezala». Eta gero bigarren partea hiztegi bat da. «Eta hor bai eman ditugu orduak».

Sara ez du kasualitatez hautatu Zuazok. Lapurdi mendebaldeko euskara aztertu nahi zuela eta horretarako herria hautatzear zegoela ikastolak non zeuden begiratzea erabaki zuen Zuazok. Hor euskarari begira jende «kezkatua» aurkituko zuelakoan. Eta hala gertatu. Badela baikor izatekoa, hortaz. Euskararen gainbehera dela eta, hiztegiak euskararekin lanean ari direnentzat «baduela interesa» pentsatzen du Zuazok. Baita euskara batuari begira ere: «Orain arte, askotan euskara batua eta euskalkiak gauza antagonikoak bezala balira, bata bestearen etsai bezala, aurkeztu ditugu. Baina gauzak ez dira horrela. Biak dira hizkuntzaren zatiak, eta nahi badugu hizkuntza osasuntsua egon dadin, biak behar ditugu osasun oneko». Mugaz bi aldeei begira. Adibide bat. Nola Saran eta oro har Ipar Euskal Herrian erraten den turnabisa, frantsesetik hartua, eta bestaldean, berriz, destornilladorea, espainoletik: «Eta iruditzen zait guretako ere ondo dela jakitea zer den turnabisa, zer den prisa, zer den trikota, zer den asieta». Bost urteko lana eskatu die hiztegia osatzeak. Baditu 4.236 hitz hiztegiak, eta horretaz aparte badira esaera zaharrak, esamoldeak. Horrelako hiztegirik ez da Ipar Euskal Herrian egin orain arte. Sarako euskara literaturaren historian ere sartu zuen, bide batez, Zuazok. «Hemen hasi zen euskal literatura. Lehenbiziko liburua 1617koa dela esaten da. Egin zuena ez zen saratarra. Bera zen frantsesa. Materra deitzen zen, eta etorri zen hona lanera. Aipatu zioten euskara ona Saran egiten zela. Eta hemen ikasi zuen euskara. Eta hemen egin zuen liburu hori». Aipatu zituen baita Axularren Gero (1643) eta Elizanbururen Piarres Adame (1888) ere, horiek ere Saran idatziak.

Horra beraz. Oraina iraganari lotua. Iraganari begira jarri da nolabait Xabier Elosegi idazlea ere. Denborarekin hitzak nola aldatzen diren ere, edo agian galtzen ere, horra Elosegiren oharretako bat. Kontua da Elosegik Senpereko (eta Lapurdiko) euskara XVIII. mendean argitaratu berri duela (Senpere 1609). Saran aurkeztu zuen hark ere. Lapurdiko artxiboetan aurkitu testuak ditu hor biltzen. Bereziki Martin Harizmendi notarioaren agiriak. Senperera 1740an iritsi zen Harizmendi. Eta bide batez euskararen orduko garrantziaz ere ematen du ikastekoa liburuak. Lehen aldiz begi euskaltzale baten bidez aztertuak dira agiriak, azken finean.

Berezia da agian horretan Sarako Idazleen Biltzarra. Han txokoan dago Elosegi. Agian anitzek ez dute ikusi. Baina hor dago, berea egiten. Bere ikerketa lanaren garrantziaz jabetua. Eta ez da bakarra kasu horretan. Beste adibide bat ematearren, horra Eloserengandik ez hain urrun, Henri Duhau. Henri Duhau idazleak Beskoitzeko ur gaziak liburua atera du; autoekoizpena da. Euskaraz eta frantsesez. Frantsesez, beskoiztarren artean euskara anitz galdu baita. Gaia arras Euskal Herriko historian sartzen dela konbentzitua da Duhau. Eta honela laburbildu du horrelako liburuen garrantzia: «Zure herriko gauza bat sentitzen duzunean izugarri inportantea dela eta nehork ez duela ordura arte aipatu, halako errabia bat lotzen zaizu, eta errabia horrek ez zaitu utziko zerbait egin arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.