Deskonektatu, konektatzeko

Ipar Euskal Herriko hamabi ikastetxek '10 egunez pantailak utzi' izeneko erronka abiatuko dute, beste hainbatekin batera; egunerokoan pantailekin ditugun ohiturez gogoeta eginaraztea dute xede. Larritasunez hartu ordez hezkuntzako beste alor baten gisa landu behar dela diote.
Urruñako Frantzisko Xabierko ikastetxeko ikasle bat, tabletarekin jolasten.
Urruñako Frantzisko Xabierko ikastetxeko ikasle bat, tabletarekin jolasten. ISABELLE MIQUELESTORENA

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko maiatzak 3
Hamar egun. Denbora hori beharrezkoa omen eten bat sentitzeko. «Batez ere iraunkorra izan behar du, haurrek orokorrean konstantzia bat behar dute», azaldu du Andrea Aranguren psikologoak. Hori horrela, 10 egunez pantailak utzi izeneko desafioa abiatuko dute; Ipar Euskal Herriko 2.181 haurrek parte hartuko dute hilaren 15etik 24ra iraganen den erronkan.

Eneko Jorajuria irakasleak Urruñako Frantzisko Xabierkoa ikastetxean (Lapurdi) lan egiten du; bera izan da proiektuaren bultzatzaileetako bat, eta Euskal Herriko ikastetxeak animatu ditu: «Ipar Euskal Herriko hamabi ikastetxek parte hartuko dute, azkenean. Hego Euskal Herrikoei informazioa helarazi nien, baina ez dugu erantzunik jaso».

Urruñako Lehen Mailako ikastetxeak iaz hartu zuen parte erronka horretan, eta, esperientzia «positiboak» bultzatuta, errepikatzeaz gain besteak animatzea izan du helburu: «Pentsatzen genuen zailtasun handiagoak izanen zirela; erantzun bortitzagoak espero genituen familiengandik, baina ontsa pasatu zen».

Zailtasunak espero zituzten, batik bat pantailen erabilera oso errotuta dagoelako, eta ohitura hori aldatzeak lana dakarrelako. Desafioak, izan ere, helburu argia du: hamar egunez aisiarako pantailak bazter uztea ahalik eta gehien —hau da, eskolak emateko erabil daitezke—. Horrek, bortxaz, etxearen eremura sartzea dakar, eta engaiamendua eskatzen die familiei: «Dena den, hautazkoa da desafioan parte hartu edo ez, eta parte hartuta ere osoki egin daiteke edo ez, nehor ez da behartua sentitu behar; beharbada horregatik-edo, esperientzia interesgarriak izan genituen iaz. Batzuek erran ziguten beraiek pantailak nahi bezala erabiltzen zituztela etxean; familia batek, adibidez, telebista egun guztian piztua izaten zuen, eta erran ziguten hori ez zutela aldatuko. Baina handik denbora batera, pertsona horiek berek aipatu ziguten gehiago hausnartuko zutela pantailekin zuten harremanaz», azaldu du Jorajuriak. Kontzientzia hartze bat nabaritu du, eta ohartuta dago familiek ohitura batzuk aldatu dituztela: «goizetan telebista gutxiago ikusten dutela, adibidez».

Jatorria Quebecen

10 egunez pantailak utzi erronka —10 egunez bertzela ikusi ere deitua— Jacques Brodeur irakasle quebectarrak sortu zuen, 2003an. Orduan, aisialdian pantailen aurrean pasatzen den denbora «elkartze eta deskubritze» jarduerekin ordezkatzea zen proiektuaren oinarria. Aurretik bazituen kezkak gaiaren inguruan, eta telebista arduratsu baten alde lan egin zuen; telebistan agertzen zen bortxaren kontrako kanpaina bat ere egin zuen Montrealen, hainbat mediku, psikiatra, guraso eta pediatrekin batera. Hastapeneko erronka telebista eta bideo jokoetara mugatzen bazen ere, gerora pantaila guztiei egin zien erreferentzia.

Pixkanaka, pantaila berriek egunerokoan tokia hartu dute, ia oharkabean. «2013an erosi genituen tabletak ikastetxean; haurrek ez zituzten ezagutu ere egiten, eta orain denetan dira, erranen nuke badela bat etxe ia guztietan», esan du Jorajuriak. «Azken urteetan iritsi dira, eta oso indartsu. Denok bagenuen aurretik pantaila bat: telebista. Horrekin ere borrokatu behar izan da», adierazi du Arangurenek.

Gaiak duen garrantziaz ohartuta, Sohütako Eperra ikastolak (Zuberoa) lehen aldiz parte hartuko du erronkan. Gainera, herriko eskola publikoak, lizeoak, herriko etxeak eta mediatekak ere bat egin dute proiektuarekin. «Pantailekin ikusten ditugun zailtasunez hausnartu nahi dugu; pantailak denetan daudela ohartzen gara», adierazi du Artzen Letonak, Eperra ikastolako guraso batek. «Parkean gaudelarik, anitzetan ikusten ditugu gurasoak sakelako telefonoarekin, gazteak ere bai... Haurrek hori ikusten dute; ondorioz, haiek ere eskatzen dute, eta guk ere haurrei uzten diegu, bakea emateko».

Bere kasuan, bi sakelako telefono ditu, eta etxean ordenagailua eta tableta; telebistarik ez ordea, nahiz eta «adikzioa» duela onartu. «Pantailak ez ditut ukitzen haurra lokartu arte; gero hartzen dut astia. Haurrarekin ez dugu pantailak denbora luzaz ez ikustearen borroka hori. Hori bai: eguraldi txarra delarik, bizpahiru egunez pantaila ematen diogu; guk ere arnasa hartu behar dugu pixka bat... Erraztasunera jotzea da, baina...», esan du.

Psikologoaren hitzetan, gurasoek argi eduki behar dute noiz utzi behar zaien, eta zertarako: «Egun batean arratsalde oso bat utzi badiegu, eta hurrengo egunean ezer ez, haurrak ez du ezer ulertzen, eta nahastu egiten da».

Erronka haur eta gazteei zuzenduta badago ere, Arangurenek nabarmendu du helduekin ere lana egin beharra dagoela: «Helduak ez gara oso kontziente egiten dugun erabileraz, eta, hortaz, guk ezin diegu ongi irakatsi haurrei. Askotan konturatzen gara gure haurrek asko erabiltzen dituztela, baina ez dugu gure barnera begiratzen. Beste arloetan bezala, haurren eredu gara. Haurrak gure isla dira. Denekin. Oso behatzaileak dira, eta honekin ere bai». «Azkenean, haurraren hezkuntzari buruzko zerbait egiten denean, gurasoen hezkuntzari buruz ere egiten da», gehitu du Jorajuriak.

Aurten, gainera, haurtzaindegiek parte hartuko dute desafio horretan, lehen aldiz, eta horiek bai, gurasoei zuzenduko zaizkie gehiago. «Esperimentazio bat egingo da aurten alde horretatik, gurasoei begirako lana eginen da. Adituek erraten dute kasu eman behar dela haur txikiekin. Adibidez, haurra sortzen delarik, zerbait garrantzitsua sortzen da haurraren eta amaren artean; begiradak daude, besteak beste. Orain, sakelakoekin, amak denbora anitz pasatzen du mezuak igortzen, eta ez du topatzen haurrak xerkatzen duen begirada hori. Gertatu behar diren gauza batzuk ez dira gertatuko, pantailak tartean sartzen direlako», azaldu du Jorajuriak.

Aranguren ados dago horrekin: «Momentua bizi beharrean, argazkiak eta bideoak ateratzen ditugu; burua galdu dugu-edo! Gure haurra garatuz joango da guk ematen diogunaren arabera, batez ere lehenengo hilabetetan». Joan den apiriletik, gainera, Ipar Euskal Herriko haurren osasun kartillan ohartarazten dute haurrak ez direla utzi behar pantailen aurrean 3 urte arte.

Arangurenek kontatu du gurasoek hainbat kezka azaltzen dituztela pantailen inguruan ematen dituen hitzaldietan: «Esate baterako, zenbat denboraz utzi behar zaien ordenagailuaren aurrean. Ez dago pauta bat; familia eta etxe bakoitzean arau eta ohitura batzuk daude. Argi eduki behar dugu zergatik uzten dugun bi ordu edo hiru edo dena delakoa. Pantaila aurrean jartzen ditugunean, haurrak hartzaile sinpleak dira, eta ez daude aktibo; ez dituzte garatzen garatu behar dituzten beste gauzak. Noizean behin ikustea ez dago gaizki, noski, baina betiere mugak jarriz».

Sedentarismoari aurre egitea da erronkaren beste helburu bat. «Sinbolizazioaren garapena gertatzen da lehenengo hiru, lau, bost urteetan. Txikitatik pantaila baten aurrean jartzen baduzu, ez dute ezer egiten; dena emanda ematen zaie, eta estatiko bilakatzen dira. Haiek deskubritu beharrean, mugitu beharrean, ukitu, usaindu... eman egiten zaie, eta ez dute esperientzia propioarekin bizitzen», adierazi du Arangurenek. Hala, horrek pertsonaren animoan eragiten du: «Batez ere hain txikiak direnean. Alde motorra garatzeko, korrika ibili behar dute, mugitu, haien gorputza ezagutzeko; handituz doazen heinean ezagutzen dute, baina horretarako esperimentatu egin behar dute».

Alternatibak

Erronkak iraungo dituen hamar egunetan, parte hartuko duten ikastetxeek hainbat jarduera proposatuko dituzte; adibidez, mendi irteerak, hitzaldiak, surf ikastaroa, tailerrak, zaldi ibilaldiak...

Baina beharrezkoa al da programa bat antolatzea? Jorajuriaren ikastetxean horretaz egin dute gogoeta: «Aurten eztabaida hori ukan dugu, iaz aktibitate anitz antolatu baikenituen. Aspertzeari buruzko lan bat egitea interesgarria da; gaur egun, gurasoek ez dute jasaten haurrak aspertzea. Denbora guztia errentabilizatu behar dela dirudi; haurra aspertzen ikusten badute, denbora galtzen ari dela pentsatzen dute, eta beharbada hor gertatzen dira gauzarik interesgarrienak». Bide horretatik, Arangureni «funtsezkoa» iruditzen zaio aspertzea: «Zein beharrezkoa den aspertzea imajinazioa garatzeko! Askotan, lehenengo joera da haurra gurasoengana joatea, aspertzen ari direla esanez, eta daramagun bizi erritmoarekin ez dugu ondo hartzen. Nahiago dugu haurrak guztiz okupatuak egotea, ez bakarrik gu lasai egoteko, baizik eta egin behar ditugun gauza guztiak egiteko. Gurasoen exijentzia maila gero eta altuagoa da».

«Gauzak ongi joateko, beharrezkoa da komunikazioa lantzea; funtsezkoa da hori babestea», Arangurenen hitzetan. Haur eta gazteei zerbait esan behar zaien garaian eta gurasoek adostasunak bilatzean. Horrez gain, babestu behar diren hiru puntu ikusten ditu: «Ikasteko garaian ezin da sakelakoa eduki; telefonorik gabe ikasi behar da. Otorduetan, pantailek itzalita egon behar dute, eta lotarako telefonoak ezin du nerabeen gelan egon. Askotan, goizeko ordu txikiak arte egoten dira telefonoarekin. Berehalakoan bizi dira; mezuak segundoero jasotzen dituzte, eta ezin dituzte kontrolatu bulkadak».

Arangurenen arabera, pantailen gaia ez da larritasunez hartu behar; beste alor bat bezala jorratu behar dela uste du: «Beste alorretan gogoetak egiten ditugu, eta mugak ezarri. Honetan ere gauza bera egin behar da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria