Tren hegalaria, Gasteizen garatua

Etorkizuneko garraioa izango den Hyperloop proiektuan buru-belarri dabil lanean Arabako Teknologia Parkean egoitza duen Altran enpresa. Hyperloop «trenaren eta hegazkinaren» arteko fusioa da: hodi huts batzuetatik imanen bidez lebitatzen, orduko 1.200 kilometroko abiaduran mugituko da.

Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Hyperloop etorkizuneko bosgarren garraioa izango da», baieztatu zuen irmoki Elon Musk asmatzaile eta enpresa gizon hegoafrikarrak 2012. urtean. Bost urteren buruan, lehen prototipoak probatzen dabiltza, eta aurreneko lineak eraikitzen hasteko asmoa iragarri dute zenbait hirik. Etorkizun hori oraina bilakatzear da, hein handi batean, Altran enpresari esker. Gasteizen du bere egoitza, Arabako Teknologia Parkean.

«Gure lana gure sektoreen etorkizuna iragartzea da: non egongo den automobilgintza etorkizunean, non aeronautika, non burdinbideak... Hala, biharko eguna iristean, gure bezeroak aurre egiteko prest egongo dira. Horixe da Hyperloop proiektua. Askorentzat zientzia fikzioa dirudi, baina iritsiko da errealitatea den eguna», laburbildu du Iñigo Ezkerrak, Altran enpresako aeronautika, espazio eta defentsa arloko ikerketa eta garapeneko zuzendariak.

Hyperloop «trenaren eta hegazkinaren arteko nahasketa da», Ezkerraren esanetan. Hau da, hutsezko hodi batzuen barnean, imanen bidez lebitatzen, bidaiariak garraiatzeko kapaza den bagoneta bat doa. Airean dagoenez, ez du marruskadurarik, eta, hodiak barnetik erabat hutsik daudenez, ezerk ez du frenarazten. Orduko mila berrehun kilometroko abiadura hartzeko gai izango da Hyperloop, eta bidaiak era azkarrago eta efizienteagoan egingo dira.

Altranek ideia horren garapenean egiten du lan. «Guk, nagusiki, garapen prozesuan egiten dugu lan: auto berri bat, hegazkin berri bat, energia sorgailu berri bat... ingeniaritza lan asko egin behar da ideia baten lehen fasean, eta hor eskaintzen dugu gure zerbitzua. Hala, gure lantaldearen %90 ingeniariak dira. Gure bulegoetan ez dago txiribilik edo txaparik, kalkuluak eta ordenagailuak baizik», azaldu du Ezkerrak. Zehatzago esanda, Altran Hyperloop proiektuan, «kabinaren lebitazioarekin eta propultsioarekin zerikusia duten alderdiez» arduratzen da.

Kabina hutsezko hodi batzuen barnean mugituko da, lebitatzen. Altraneko ingeniariek hodiaren goiko aldean jarri dituzte imanak: «Ezagunak dira Japoniako tren hegalariak, baina horiek imanak beheko aldean dituzte. Guk goitik jarri ditugu inertzia, trenaren dinamika eta bidaiarien erosotasuna hobetzen dituelako». Propultsiorako, berriz, hegazkinen turbinetan oinarritu dira. «Kabinak aurretik hartzen du airea, konpresioko motor baten bidez konprimatu egiten du, eta indartsu irteten da atzeko aldetik». Gainera, eguzki plaken eta mugimenduko eta geldialdiko energia ere aprobetxatuko du Hyperloopek.

Distantzia txikiagoak

«Oso indar gutxi beharko du Hyperloopek. Kontuan izan ezerk ez duela geldiarazten, ia-ia espazioan dagoen suziri baten moduan egongo da», gaineratu du Ezkerrak. Marruskadura indarrik gabe, erraz hartzen du abiadura bagonetak. Elon Musken asmoa orduko 1.200 kilometroko abiaduran bidaiatzea da, gaur egungo abiadura handiko trenak baino hiru bider azkarrago. Lehen probetan, ordea, kabinak orduko 324 kilometroko abiadura besterik ez du hartu—probak egiteko hutsezko hodia kilometro pasatxokoa besterik ez da, eta zaila da abiadura supersonikoak lortzea—.

Halako abiaduran, ziztu batean lotuko dira munduko tokirik aldenduenak ere. Abu Dhabi eta Dubai ordu laurdenean (140 km), San Frantzisko eta Los Angeles (615 km) ordu erdi baino gutxiagoan, eta Sydney eta Canberra ordubete baino gutxiagoan (286 km). Oraingoz, hiri horiek aurkeztu dute benetako interesa Hyperloop sistema bertan jartzeko. «Europan ikusteko gehiago itxaron beharko dugu. Kontinente zaharreko arautegia gogorragoa da, eta inbertsioak egiteko garaian gehiago kostatzen zaigu», azaldu du Ezkerrak.

Euskal Herrira Hyperloop iristeko ere urte batzuk gehiago igaro beharko dira. «Pentsa, Espainiako Estatuan abiadura handiko trena 1992. urtean jarri zen, eta oraindik Euskal Herrira ez da heldu», aipatu du Ezkerrak. «Baina garraioak ez ditugu nahastu behar. Abiadura handiko trenaren lanak oraindik bukatuta ez egoteak ez dio mesede ez kalterik egiten Hyperloopi», gaineratu du.

Orduko mila kilometroko abiaduran lebitatzen dagoen bagoneta batek edonor izutu dezake, «segurtasuna da proiektuaren erronkarik handienetako bat», azaldu du Ezkerrak. Nabarmendu du, hegazkinaren aldean, Hyperloop matxuratuz gero gelditu egingo litzatekeela, baina ez litzatekeela lurrera eroriko, eta imanen eremu magnetikotik irtetea ia ezinezkoa dela. Hodian zuloren bat gertatuz gero, haizea sartuko litzateke eta polikiago joango litzateke, «besterik ez», esan du Ezkerrak.

Kostuei dagokienez, «espero daitezkeenak baino txikiagoak izango dira», nabarmendu du Altraneko arduradunak. «Trenak edo errepideak ez bezala, Hyperloopen hodiak lurzorua baino gorago egongo dira, goi tentsioko lineak bezala. Horri esker, ez da tunelik egin behar, ez eta jendearen lurrak desjabetu ere». Energia behar askorik ere ez duenez, Muskek adierazi zuen 30 dolar 25,5 euro balioko duela bidaiak.

Kristalezko bola du

Elon Musk asmatzailea 1971. urtean jaio zen, baina beste garai batekoa dirudi. Haren asmakizunek mundua aldatu dute, eta zientzia fikzioa diruditen ideiekin sekulako aberastasunak pilatu ditu.

Hegoafrikan jaio zen, eta 18 urterekin Ameriketako Estatu Batuetara joan zen enpresa zuzendaritza eta fisika ikasketak egitera. Behin graduatuta, Interneten, energia berriztagarrien eta espazioaren munduan sakontzen hasi zen. Eta aurrerapen ikaragarriak lortu ditu.

Muskena da sarean egindako erosketak ordaintzeko Paypal sistema. Tesla auto elektrikoak ere zuzentzen ditu, eta Martera gizakia bidali nahi du 2024. urterako. Milioika dolar inbertitu ditu SpaceX enpresan helburu hori lortzeko, eta dagoeneko oso aurreratuak ditu Falcon 9 suziri berrerabilgarriak.

Argi dago garraioen munduan interes berezia duela asmatzaile eta enpresa gizon horrek. Lurrerako, garraiorik azkarrena ere motela iruditzen zitzaion, eta gizarteari erronka bota zion: ea nork egiten zuen orduko 1.200 kilometroko abiadura har zezakeen garraio jasangarri bat.

«Lehiaketa bat proposatu zuen Muskek, eta edonork parte har zezakeen. Lehiaketak hiru fase zituen: lehendabizi, diseinu onenaren saria; ondoren, eskalara eginiko prototipoena; eta, azkenik, tamaina errealera eramatea», argitu du Ezkerrak.

Mundu guztiko unibertsitateek jaso zuten erronka, tartean Valentziako Unibertsitate Politeknikoko bost gazte (Herrialde Katalanak). «Altranentzat oso garrantzitsua da goi mailako langile gazteak izatea, eta horregatik harreman ona dugu unibertsitateekin. Proiektuaren berri izan genuen, eta beraien taldea babestea erabaki genuen, gure enpresaren ezaugarriekin bat datorrelako», aipatu du Ezkerrak.

Bi bide ezberdinetatik babesten dute ikasle taldea: «Alde batetik, babes ekonomikoa ematen diegu, eta, bestetik, garapen teknologikoan laguntzen diegu», azaldu du gasteiztarrak. Ongi lagundu ere, Space X Hyperloop Pod Competition saria bereganatu baitu taldeak.

Uda honetan Ameriketako Estatu Batuetan izan dira Elon Muskekin berarekin, euren prototipoa probatzen. SpaceX enpresaren alboan, Nevadako basamortuan, kilometro pasako hodi bat prest dago jada, eta bertan ibili dira probak egiten mundu osoko ikasleak. «Dena oso ongi joan zen, eta itxaropentsu itzuli gara», azaldu du Ezkerrak.

Etorkizuneko garraioa, hortaz, ez dago askok pentsatu bezain urruti. «Hyperloopen erabiltzen den teknologia guztia asmatuta dago. Dagoeneko Japonian martxan daude iman bidezko tren hegalariak. Hutsezko hodiak ere erabiltzen dira, saltoki handietan, esaterako, eta zer esanik ez eguzki plakak, hodiak lurzorutik gora...», dio Ezkerrak. «Futurista ez da Hyperloopen teknologia, hori guztia proiektu bakarrean uztartzea baizik», gaineratu du. «Altranek, adibidez, aeronautikan esperientzia handia du, eta imanak ere ongi ezagutzen ditugu. Baina guretzat ere berria da dena uztartzea, horrelako proiektu bat egiten dugun lehen aldia delako», borobildu du Ezkerrak.

Halaber, proiektuaren arduradunak azpimarratu du bidaiariak ere ohituta daudela hodien barnean bidaiatzea: «Metroan bidaiatzea bezalakoxea izango da: azken finean, metroa hodi baten barnean doa. Jendea erraz ohituko da».

Etorkizunean auto hegalariak imajinatu izan dira, baina trenak izango dira hegan egingo dutenak. Horren azkar joango dira, ikusi ere ezingo dira egin. Gainera, hodi baten barnean joango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.