Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro Asko dio ibilitako hizkuntzak

Publizitatea

Bizigiro

Asko dio ibilitako hizkuntzak

Euskaraz ikas daitekeen unibertsitateetan ezinezkoa da bibliografia eta dokumentu guziak euskaraz izatea. Horren ondorioz, batzuek bere eskualdean ere hitz egiten den beste hizkuntzara jotzen dute. Beste batzuen aburuz, ingelesak bete behar luke euskarak uzten duen hutsunea.
Argazkia: BERRIA

2017-10-24 / Iker Tubia

Euskarazko eskolan matrikulatu da. Ikasgelan sartu, eta banatu dute ikasturtean erabiliko duten bibliografia. Gero orri batzuk, ikasgaia menperatzeko baliagarriak diren testuekin. Batzuk gazteleraz daude. Sinaduragatik, ikasleak itzulpena dela igarri du. Ez daki gazteleraz. Hegoaldeko unibertsitate bat da, eta gazteleraren eragina nabarmena da.

Fikziozkoa da paragrafoa, baina antzeko egoerarik gertatu da Euskal Herriko Unibertsitatean. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikasleak joaten direnean, askotan gazteleraz dauden liburuak eta testuak jasotzen dituzte euskarazko irakasgaietan. Izan ere, euskarazko produkzioa ez da beste hizkuntza batzuetakoa bezain handia. Kezka hori, besteak beste, agertu zuten Ipar Euskal Herriko ikasle batzuek Interneten sareratu zuten bideo batean. Han EHUn ikasteko oztopoei buruz aritzen ziren, eta tartean, hizkuntza ere aipatu zuten.

Urtzi Urrutikoetxea kazetariak gaiari heldu zion Zuzeu atariko artikulu batean. Kexu zen bideoan ageri ziren egoerengatik, ikasgaiak gainditzeko gaztelera «ezinbestekoa» zelako. Hizkuntza gutxituen kasuan, maila akademikoan gora egiten den heinean, zailagoa izaten da hizkuntza horretan dagoen bibliografia aurkitzea. Hortaz, Urrutikoetxeak beste herri batzuen bidea proposatu zuen: «Estoniako unibertsitatean ez dizute, autore poloniar baten testua irakurtzeko, errusierazko bertsioa aginduko. Autore frantsesen testuak espainolezko bertsioan banatu izan dituzten irakasleak ezagutuko dituzue, nik bezala, tartean ikasle lapurtarrak egonda ere».

Hori bakarrik ez, Ipar Euskal Herriko ikaslerik ezean, gazteleraren erabilera naturaltzat hartzen dela ere salatu zuen. «Bi aukera ditugu: hizkuntza txiki normalizatuek egiten duten bezala egin, eta beren hizkuntzan ez dutena mundu osoko hizkuntza hegemonikoan eman, edo hizkuntza gutxitu bezala funtzionatu eta gurean ez dagoena metropoliaren hizkuntzan erabili».

Baina karrerak euskaraz eskaintzen dituzten unibertsitate publikoek euskaraz eta gazteleraz egiten dute. «Behartuta gaude bi hizkuntza ofizialetan funtzionatzera, publikoa garelako», azaldu du Jon Zarate EHUko Euskara errektoreordeak. Esan duenez, publikoari ematen zaion arretan euskara bermatzen da, baina uste du lanerako hizkuntzan hobetzeko asko dutela. Barneko hizkuntza askotan gaztelera dela onartu du, baina, hala ere, neurketa egin gabe dute oraindik. «Orain neurtu behar dugu; horretan sartu nahiko genuke, eta ari gara».

EHUk euskarazko bibliografia eta ikasmateriala bultzatzeko hainbat programa dituela gogorarazi du Zaratek. Alde batetik, erreferentziazko eskuliburuak itzultzeko deialdia egiten dute bi urtean behin, eta irakasleen proposamenei jarraikiz egiten dute, lehentasunak markatuta. «Diru sail potoloa dugu horretarako», dio Zaratek. Lan horretarako, itzulpen zerbitzua eta kanpoko itzultzaileak erabiltzen dituzte. Hiru hankako mahaia da: begirale teknikoa —hizkuntza teknikoa erabili behar baita—, euskara zerbitzua eta kanpoko itzultzaileak.

Horretaz gainera, urtero deialdi bat egiten dute irakasleek euskaraz ez duten ikasmateriala bidali eta itzultzeko. Bi esparru aipatu ditu: argitalpen zerbitzuaren bidez kaleratzen den materiala, ikasliburuak izaten ahal direnak; eta itzultzeko ikas materiala, hori ere sarean jartzen baitute. «Bi bide ofizial horiek baditugu, baina parte hartzea batzuetan ez da nahi bezalakoa izaten», onartu du Zaratek. Deialdi ofizialez gainera, euskarazko materiala itzultzen dute, adibidez, irakasle berriei lagundu eta haiek materiala izan dezaten. «Sarritan irakasleen esku dago euskarazko bibliografia erabiltzea, eta ez dugu diagnostiko sakonago bat eginda: bai, materiala sortzen dugu, baina nola erabiltzen da?». Diagnostiko horren beharra ikusi du Zaratek.

Gaztelera guztientzat

Nafarroan bestelakoa da egoera. NUPen EHUn baino askoz ere aukera gutxiago daude euskaraz ikasteko. Itzulpenei dagokienez ere, aukera eta baliabide gutxiago dituzte. Urtean behin euskara zerbitzuak deialdia egiten du ikasmaterialak euskaratzeko, baina eguneroko komunikazioez arduratzen diren itzultzaile berak dira, ez teknikoak. «Irakasleak errebisatu behar du, itzulpena ez duelako egin arlo horretan espezialista den inork», azaldu du Aitzol Lasa NUPeko irakasleak. «Baliagarria da, baina oso mugatua».

UEUren kasuan, euskarazko bibliografia lehenesten dute, baina gainerako unibertsitateetan bezala, irakasle eta batzorde akademikoen esku geratzen da gainerakoak jatorrizko hizkuntzan edo gaztelera edo frantseseko itzulpenetan erabiltzea. Aldizkariak, liburuak eta materialak ere argitaratzen ditu gabeziak murriztu nahian, baina ez da aski Iñaki Alegria UEUko zuzendariaren aburuz: «Zoritxarrez Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dago deialdi berezirik horretarako. Garai batean bazegoen».

Bibliografiaren aferak zuzenean eragiten die Ipar Euskal Herritik Hegoaldera joaten diren ikasleei. Etxahun Aurkenerenak Historia ikasi zuen EHUn. Gurasoak Hegoaldekoak izanda, gazteleraz moldatzen da, baina Nafarroa Behereko lagunak ditu egoera horretan larri ibili direnak. «Irakasle batzuek indar egiten zuten euskarazko liburuak erabiltzeko, gaztelerazko baten bat baldin bazen, guri frantsesez ziren batzuk proposatzen zizkiguten». Ikasmateriala jatorrizko hizkuntzan banatu beharrean gazteleraz banatzea askotan gertatzen dela aitortu du Aurkenerenak. «Eskolan denak Hegoaldekoak ziren, beraz, Max Weberren testua gazteleraz jaso genuen». Askotan, gaztelerara itzulitako testuen beste itzulpen batzuk bilatu izan ditu Aurkenerenak bere kabuz.

Euskaraz ez dagoenean ingelesa erabiltzeari buruz, Aurkenerenak argi du: «Euskaldun ikuspegi batetik koherentea da ingelesa bigarren hizkuntza izatea, eta, egia da ere horrek ingeles maila hobetzera eraman ditzakeela ikasleak. Baina bizitza praktikoa da: Hegoaldean anitz aritzen dira espainolez, eta ezagutza hobea dute ingelesez baino». Gainera, bigarren hizkuntza ingelesa izanda baliteke arazo hori ez konpontzea. Aurkenerenak azaldu duenez, Iparraldeko hezkuntza sisteman ez dute denek ingelesa menperatzen: batzuek gaztelera ikasten dute, eta besteek, ingelesa. Hala, Hegoaldera joaten direnak gaztelera hautatu dutenak izaten direla nabarmendu du.

Irakasleen artean iritziak denetarikoak dira. Lasak onartu du euskara ez dagoenean gaztelera erabiltzeak erakusten duela «nolabaiteko kolonialismo linguistikoa» badagoela. «Badago horrelako joera bat, batez ere irakasle beteranoen partetik, beren burua bere garaian birziklatu zutenak, eta euskara teknikoa gerora ikasi dutenak». Hala ere, ez du hain argi ingelesa izan behar duenik komunikazio lengoaia euskararen ondotik. «Ingelesak bete du garai historiko bat, baina ezin gara inertzian erori. Brexit-a ere hor dago, eta zalantzan jarri behar dugu ea interesatzen zaigun ingelesari horrenbesteko garrantzia ematea Europan».

Lourdes Oñederra EHUko irakaslea da Letren Fakultatean. Hark gehien erabiltzen dituen hizkuntzak ingelesa eta euskara dira; euskaraz berak egindako materiala, batik bat. Linguistikan ingelesa ezinbestekoa baita. «Oso ondo dator batzuetan gazteleraren eragina pixka bat apaltzeko», onartu du. Marian Iriarte ere EHUko irakaslea da, zientzia alorrean. Hark dokumentazio guzia eta apunteak euskaraturik ditu, baina bibliografian txertatu dituen liburu eta entziklopediak ez daude euskaraturik. «Denak gazteleraz daude, baina ingelesez direlako», azaldu du. Iriarteren aburuz, errealitateari ezin zaio izkin egin: «Bizi garen munduan bizi gara, gure herriaren diglosi egoera horrelakoa da: elebidunak gara, baina bi hizkuntzak ez dira berdinak. Denek ulertzen dugu gaztelera Hegoaldean eta denek frantsesa Iparraldean». Horregatik, ulertzen du printzipioengatik euskararen ondoren ingelesa proposatzea, baina bestela litzateke horrek aurrera eginen lukeen. «Ingelesez ez ditugu jartzen badakigulako ez dituztela hartzen».

Oñederrak ere antzeman du ikasleek nahiago izaten dutela gaztelerara jo ingelesa erabili aurretik. «Gurean batzuetan gaztelerara jo izan dutenak ikasleak izan dira. Baten batean aukera eman diet testua ingelesez edo gazteleraz hartzeko, eta haiek gaztelerazkoa hartu dute, nahiz eta itzulpena izan», azaldu du. «Uste dut askotan alferkeria dela, eta agian beldurra ere bai. Gu elebidunak gara, baina askotan irudi du munduan normalena monolinguismoa dela, eta ez, hori salbuespena da».

Menperatu bai; nahi?

Lasak erabiltzen duen bibliografia gehiena frantsesez edo katalanez dago. Frantsesekoa euskarara itzultzen dute, eta gazteleraz dagoena bere horretan utzi. «Nafarroan bi hizkuntza ofizial badaude bietan ematen ahal diezu bibliografia. Nik ezin dut suposatu nire ikasle guziek frantsesez jakinen dutenik, edo katalana ongi irakurriko dutenik». Ikasleak bertakoak izatekotan egoera hori da, baina Iparraldetik etorriz gero?: «NUPen ez dugu Iparraldeko ikaslerik, nahiz eta nahiko genukeen. Hori gertatuko balitz, neurriak hartu beharko genituzke», onartu du Lasak.

Bigarren hizkuntza ingelesa erabiltzeko proposamenak beste galdera bat sor dezake ere: Euskal Herriko ikasleak gai dira ingelesez dagoen bibliografia erabiltzeko? Irakasle guziak bat datoz horretan: ikasleek badute maila aski. «Nire ustez, unibertsitatean sartzen den edozeinek irakurri behar du ingelesez. Ez dut uste arazorik izan dezaketenik. Beste gauza bat da erosotasunagatik esfortzurik egin nahi ez izatea», azaldu du Iriartek. Teorian badakite. Hala ere, Lasak NUPeko datu bat aipatu du: karrera bukatzeko konpentsazioa eskatzen duten ikasleen artean gehiengoa ingelesezko ikasgai bat du gainditu gabe. «Horrek eman dezake zantzu bat».

Dena den, irakasle guziak bat datoz ideia batean: edozein testu akademikotan jatorrizkoa lehenetsi beharra dago. «Ahal dela jatorrizkoa hobesten dut. Nahiago dut gaztelera on bat euskara txar bat baino», dio Oñederrak. «Onena litzateke zenbait hizkuntza ulertu eta gero norberak bat edo bi erabiltzea. Izan ere, jatorrizkoa altxorra da».

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Tubia Iker Tubia

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak