Agur, Internet

Sarearen neutraltasuna amaitzear dago. Datorren astean, AEBetan, erabakiko dute hornitzaileei ahalmena ematea aurrerantzean eduki batzuk lehenesteko. Orain arte ezagututako Interneten amaiera ekarriko al du horrek?

Edu Lartzanguren.
2017ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Autobidean auto pilaketa dago. Gidariek, erabat gelditu ez arren, polikiago ibili behar dute. Aldamenean, beste lerro bat dago libre, baina ezin dute horretara pasatu, galarazia dutelako. Izan ere, autobidea kudeatzen duen enpresak erabaki du lerro azkarretik auto garestiak bakarrik ibili ahalko direla.

Bidegabekeria begi bistakoa da aurreko similean, diskriminazioak autobideen neutraltasuna hautsiko lukeelako. Bada, Internetekin hori gertatzen ari da. Sarearen printzipio sakratuetako bat izan da, orain arte, informazio guztiak abiada berarekin zirkulatzeko ahalmena izatea. Printzipio hori kolokan jartzen ari dira, orain, hainbat herrialdetan.

Datorren asteazkenean, Interneten neutraltasuna bermatzeko arauak bertan behera uztea erabakiko du AEBetako Komunikazio Batzorde Federalak (FCC). Arau horiek ziurtatzen dute gune guztiek aukera bera izango dutela jendearengana heltzeko. Neutraltasuna kentzen badute, ordaintzen duten guneek lehentasuna izan dezakete sarean, edo Internet hornitzaileek bezeroak behartu ditzakete gehiago ordaintzera aplikazio batzuk erabili nahi badituzte, edo Yahoo erabiltzea ezar diezaiekete Googleren kaltetan, esaterako.

Orain arte ezagututako Interneti agur esatea ekar dezake horrek. «Zerbitzuak bereizi nahi dituzte, eta bakoitza bere aldetik kobratu. Eta, askoren arabera, horrek zera ekarriko du: gehiago kobratuko dizutela, eta zerbitzu gutxiago eman». Hala esan du Josu Aranberri i2Basque sare akademikoko koordinatzaileak. Interneterako sarbidea ematen die unibertsitateei, eskolei, ikerketa zentroei eta teknologia parkeei.

Autobideen metaforari heldu dio adituak. Telekomunikazio enpresek inbertsio handia egin dute errepideotan, eta, orain, «ahal bezain beste zukutu nahi dituzte. Batzuetan, gehiegi».

Interneten bultzatzaile Vint Cerfek eta Bob Kahnek InternetSociety erakundea sortu zuten 1992. urtean, sarea «jende guztiaren mesederako» garatzeko. Elkarteko kidea da Aranberri. «Beti pentsatu dugu Interneten ezin dela trabarik jarri, eta guztiei kalitate bera eman behar zaiela».

AEBetan onartuko duten erreformaren bidez, hornitzaileak trafikoaren zaindari bihurtuko dira, eta ordaintzen dietenei abantaila emango diete. «Guk ahalmen handiko sareekin egiten dugu, eta badakigu horien ahalmena handitu dezakezula, ia mugagabe, gailuak aldatuta. Beraz, trafiko arazorik ez badago, ez du zentzurik diskriminatzen hasteak autobidea nahi bezala zabal badaiteke», azaldu du Aranberrik. Espekulatzaileek bezala, telekomunikazio konpainiek urritasun artifiziala sortu nahi dute, diru gehiago ateratzeko.

Internet, telebista bezala

Euskal Herrian eta inguruko herrialdeetan dagoeneko ari dira telekomunikazio konpainia batzuk Interneten neutraltasunaren kontrako politikak ezartzen. Vodafoneri egotzi diote mezularitza zerbitzuei lerro azkarra ematea Chat Zero funtzioaren bidez. Orangek, berriz, bere telebista propioari lehentasuna ematen dio, salatu dutenez.

Europako Batasuna neutraltasunaren alde agertu da hainbatetan, baina konpainia horiek zirrikitu bat erabili dute diskriminatzen hasteko: Bruselak ez du begi txarrez ikusten diskriminazio positiboa. Horren bidez, esaterako, konpainia batek bere telebista sakelakoan ikusteko aukera eman diezaioke bezeroari, kontratatua duen bonuko datuak kontsumitu gabe. Bruselak zilegitzat jotzen du zerbitzu bati abantailak ematea, alegia, beste norbaiti kalte egiten ez dion bitartean. «Hori oraingoz da», ohartarazi du Aranberrik. «Baliteke laster AEBetako eredua hartzea, Europan hango gauza txarrak bakarrik hartu ohi baitira». Telekomunikazio enpresek gobernuengan duten botere handiarekin kezkaturik dago aditua.

Arduratzeko arrazoiak badaude Europako Batasunean ere. Hortxe dago Portugalen kasua. Hango hornitzaile batzuk hasiak dira Interneterako sarbidea multzoka eskaintzen, telebistako paketeen ereduari jarraikiz. Multzo horietan hainbat aplikazio eta zerbitzu daude, Whatsapp, Facebook, Twitter... Baina bezeroak kontratatua duen multzotik kanpoko zerbitzu batean sartzeko, gehiago ordaindu behar du.

Europako Batasunaren Komunikazio Elektronikoen Batzordeak (BEREC) Interneten neutraltasuna zaintzeko gida eman zien EBko gobernuei iazko abuztuan. Baina aholkuak baino ez ziren, ez bete beharreko zuzentarauak.

Portugalen ezartzen ari diren ereduak mesede egiten die dagoeneko indar handia duten Interneteko zerbitzuei, eta oso aldapa gora jarriko die bidea sarean agertu berriei. Beraz, neutraltasuna hausteak Interneten garapena eta berrikuntza oztopatuko ditu. Izan ere, berdintasun horrek eman dio forma gaurko sareari. Youtube, esaterako, adiskide talde baten ekimenez sortu zen. Internetek ideia onak eta ausartak saritu ditu orain arte, baina neutraltasunik gabe, telekomunikazio konpainiek ideia on bat ito dezakete sortu bezain pronto, haien esku egongo baita arrakasta izaten ari den Interneteko gune bati abiada murriztea. «Aukera hori oso erreala da».

Interneten ere kapitala esku gutxitan pilatzea saihetsezina da? Aranberrik ikusten ditu itxaropena pizten dituzten joerak ere: «Zerbitzu komertzialak ematen dituzten telekomunikazio konpainien aurrean, gero eta erakunde publiko gehiago ari dira euren sare propioak garatzen». Horrez gain, badira herritarrei ahalmena eman nahi dieten proposamenak. Kataluniako Guifi.net da horren adibidea, Aranberriren arabera.

Marra gorriak

«Diru kontu hutsa da datorren astean gertatuko dena: edukiak sortzen dituztenen eta telekomunikazio konpainien artekoa», esan du Guifi.net egitasmoaren sortzaile Ramon Rocak. Guifi.net-ek telekomunikazio sare «aske, ireki eta neutral» gisa definitzen du bere burua. 30.000 mila nodo inguru ditu, batez ere Herrialde Katalanetan, eta munduko sare librerik handienetako bat da. «Ezinbestekoa da gatazka honek kalte ez eragitea funtsezko gauzei: esaterako, adierazpen askatasunari, edukien neutraltasunari eta loturen neutraltasunari». Gauza bat da hornitzaileak erabakitzea ezin dela futbola Interneten doan ikusi, horrek irudi eskubide batzuk dituelako, Rocak azaldu duenez. Baina erabakitzea ezin dela Youtube edo Wikipediara sartu gehiago ordaindu gabe, «hori marra gorriak gurutzatzea litzateke».

Nola eragingo du Europan AEBek hartuko duten erabakiak? Roca baikor dago: «Zuhurtzia nagusituko da», esan du. Roaming-a adibide gisa jarri du. Telekomunikazio konpainiak dirutzak kobratzen ari ziren, mugak aitzakiatzat hartuta. Azkenean, Bruselak gelditu egin zuen udan.

Roca harrituta dago AEBetan gertatzen ari denarekin. Orain arte, estatubatuarrek defendatu dituzte beti eduki sortzaileak—Hollywood, kasurako— telekomunikazio konpainien kontra. «Trumpek dena hankaz gora jarri du».

Internet oraindik enbrioi fasean dagoela uste du Rocak, eta sarean gertatzen ari diren gauzarik «zikinenak» oharkabean pasatzen ari direla salatu du: Espainiak Katalunian irailetik eginikoak «Txina eta Ipar Korearen mailan jarri gaitu, gobernuen esku hartzeari dagokionez». Beste adibide bat Interneteko interkonexioa da: hornitzaileak trafikoa asko desbideratzen ari dira, apropos. Bartzelonako erabiltzaileen arteko trafikoa, esaterako, Amsterdametik pasarazten dute. «Hainbat kalitatetako Internet dago, konpainiek apropos eragindakoa, gehiago kobratzeko. Telefonica txapelduna da joko zikin horretan», salatu du.

Rocaren arabera, espekulazio fase batean daude orain telekomunikazioak, eta «burbuilak eztanda egingo du». Burbuilekin, jendeak perspektiba galtzen du, Rocaren aburuz. «Eztandaren ondoren, zentzua itzuliko da».

Izar neutral bat

Sareak neutral izan behar duela uste dutela eta eurek printzipio hori praktikan jarriko dutela agindu du Izarkom telekomunikazio kooperatibako Asier Garaialdek. «Guretzat garrantzitsuena ez da bakarrik zerbitzua ematea, baizik eta nola eman; eta hori da beste operadoreen aurrean aldatu nahi duguna». Izar berria da kooperatiba telekomunikazioen zeruan. Guifi.net Euskal Herrian zabaltzen aritu diren kooperatibistek sortu dute, erabiltzaileei zerbitzua emateko sarearen gainean. Goiener kooperatibak energiarekin egiten duena, hala egingo du Izarkomek telekomunikazioetan. Internet eta telefonia finkoa Guifi.net sarearen gainean eskainiko dute, eta sakelakoen zerbitzua, beste operadoreen sarearen bidez. Urtarrilaren hasieran ekingo diote sakelakoen zerbitzua emateari.

«Telekomunikazioak oso garrantzitsuak dira herrigintzarako, eta, horretarako, Euskal Herriko naziogintzarako ezinbestekoa da sare irekiak, hurbilak eta neutralak sortzea». Neutraltasunaren gainean dagoen mehatxua eta Madrilek Katalunian Interneten eginikoak ondo erakusten du zein beharrezkoak diren herri ekinaldiak, Garaialderen arabera.

Neutraltasunarena ez da eztabaida teknikoa, baizik eta funtsezkoa. Interneterako sarbidea oinarrizko eskubidea da, Nazio Batuen Arabera. Baina, laster, trafikoaren berriak entzun beharko dira sarera atera aurretik, bideren bat itxi ote duten jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.