Negozioaren bataila

'Game of Thrones'-ek 55 egun behar izan ditu 2019an estreinatuko duten zortzigarren denboraldiko bataila bakar bat grabatzeko. HBOk eta Netflixek, produktu gisa ez ezik, marketin kanpaina gisa ere erabiltzen dituzte telesailak, dirutza gastatuz, baina, batez ere, dirutza irabaziz.
<em><b>Game of Thrones.</b></em><b> </b>25 egun behar izan zituzten <em>Battle of Bastards</em> kapituluko gudua grabatzeko.
Game of Thrones. 25 egun behar izan zituzten Battle of Bastards kapituluko gudua grabatzeko. - / BESTEAK

Maialen Unanue Irureta -

2018ko apirilak 26
Gaueko dragoientzat da hau. 55 gauez jarraian eusteagatik. Hotza, elurra, euria, lokatza, Toomeko ardien gorotzak eta Magheramorneko haizea jasateagatik. Urtebete barru, mundu guztiko hamar milioi pertsonak pasarte hau ikusten dutenean, ez dute jakingo zeinen gogor lan egin duzuen. Ez zaie axolako zeinen gogor egin duzuen lan, edo zeinen zaila izan den zuen lana zeroz azpiko tenperaturan egitea. Besterik gabe, konturatuko dira inoiz egin ez den zerbait ikusten ari direla». Mezu hori argitaratu zuen Instagramen Jonathan Quinlanek, GOT Game of Thrones telesaileko zuzendari laguntzaileetako batek: diotenez, «nahastuta» idatzi zuen, eta handik gutxira ezabatu, baina ordurako lau haizeetara zabaldua zegoen.

Zortzigarren eta azken denboraldia grabatzen ari da GOTen lantaldea: 2017ko udan eman zuten zazpigarrena, eta 2019ra arte ez dute emango hurrengoa, azkena izango dena, zaleen etsigarri. Konparazio baterako: orain arte egindakoen artean, GOTen sortzaileek Battle of Bastards kapituluko batailan inbertitu dute denbora gehien: 25 grabazio egun —gehi 600 ekoizle, 500 extra eta 70 zaldi—. Beraz, 30 egun gehiago behar izan dituzte zortzigarren denboraldiko gudu bakar bat grabatzeko: ia bi hilabete oso. Pentsatzekoa da aise gaindituko dutela Battle of Bastards gaindiezin hura.

«Gehiegikeria bat zela pentsatu nuen, neurriz kanpokoa erabat, baina joera hori nabaritu da denboraldiz denboraldi», nabarmendu du Katixa Agirrek, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate saileko irakasleak. «Badakigu azken aurreko kapituluan egongo dela horrelako bataila handi bat —ia ia telesailaren marka bat—, eta hein batean ulergarria da azken denboraldia izanda, marka horri eutsi nahi izatea, eta, gainera, modu esajeratu horretan». Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasle Idoia Astigarraga Agirrek datu argigarri bat aipatu du, 55 eguneko grabazioari neurria hartzeko: «Harrigarria da 55 egun eman behar izatea gudu bakarrean, kontuan hartuta Handia filmak zortzi asteko grabazioa behar izan zuela».

Agirreri eta Astigarragari ez zaizkie askorik interesatzen batailak, baina ulertzen dute GOTen zaleen artean egongo dela atsegin dituenik eta haiekin gozatuko duenik. «Asko harritu izan nau beti zelako iraupena izaten duten batailek: grabazio egunak gehitzea dakar horrek, eta, beraz, baita aurrekontua biderkatzea ere», nabarmendu du Astigarragak. «Imajinatzen dut sekulako lana egongo dela horren atzean, eta izugarria dela, baina niretzat zineman, orokorrean, batailak eta pertsekuzioak ez dira interesgarriak: azkarrago pasatuko nituzke pasarte horiek; flash forward egin, eta aurrera», esan du Agirrek.

Filmen adinako kontuak

Denbora eta dirua ondo inbertitzen dituztela uste du Astigarragak, asko dela iruditu arren: «GOTen kapitulu bat ikusten duen edonork garbi esango dizu sekulako lana egiten dutela, eta ez da askorik jakin behar produkzioaz edo zinemagintzaz horrekin ohartzeko: kontuan hartuta antzinako garaietan girotua dagoela, animazioa ere sartzen dutela eta benetako lekuak dezente aldatzen dituztela, produkzio handiko telesaila da, duda barik».

Aurrekontuek ematen dute GOT eta tankerako telesailen neurria. GOTen kasuan, zazpigarren denboraldira arte, 100 milioi dolar inguruko aurrekontua izan dute —10 milioi kapituluko—; zortzigarrenean 15 milioira ere irits daitezkeela zabaldu da. Aurreko sei denboraldietan ez bezala, ordea, kontuan izatekoa da zazpigarren denboraldiak zazpi kapitulu izan zituela —zortzigarrenak sei izango ditu—: beraz, azken bi denboraldietan igo egin da kapitulu bakoitzari eskainitako batez besteko aurrekontua. Konparaziorako, 20,5 milioikoa izan zen 2017ko Oscar sarietan film onenaren sarietan izendatu zituzten bederatzi pelikulen batez besteko aurrekontua. Garestiena Denis Villeneuven Arrival izan zen, (47 milioi dolar), eta merkeenak Barry Jenkinsen Moonlight eta Denzel Washingtonen Fences, bosna milioi dolarrekoak —Moonlight izan zen irabazle—.

Kontuan izanda zer nolakoak diren telesailak darabiltzan baliabideak, Astigarraga ez du gehiegi harritzen halako aurrekontua izateak. Produkzio arruntagoak dituzten baina hala ere aurrekontu handiak dituzten telesailek gehiago harritzen dute: «Esaterako, Friends-en kasuan, harritu egiten naute aktoreen ordainsari altuek, eta berdin The Big Bang Theory-koek ere: ia dena da platoa. Eguna eta gaua bezalakoak dira».

Hainbeste diru gastatuta, errentagarriak dira telesailok? Bada, bai: GOTi esker, HBOk mundu guztian lortutako harpidedunen %2arekin soilik berdintzen ditu gastuak. «Argi dago gaur egun negozioaren parte handi bat telesailetan dagoela: pelikulen kalitatea dute, eta pixka bat laburragoak dira, baina ez hainbeste ere, ordubete ingurukoak izaten baitira kapitulu gehienak», nabarmendu du Agirrek. Iritzi berekoa da Astigarraga: azken urteetan lehen hain liga desberdinetan jokatzen zuten telesail eta filmak gero eta parekoagoak dira, haren ustez. «Lehenago, pelikulak artea ziren, eta telesailak, telebistako programen barruan zeuden heinean, beste maila batean zeuden. Gaur, kalitateari begira, esango nuke dibisio berean ari direla jokatzen batekoak eta bestekoak».

Hortxe beste gako bat: telesailok, produktu gisa funtzionatzeaz gain, marketin amu garrantzitsu bihurtu dira HBO eta Netflixen tankerako plataformentzat, Agirrek azaldu duenez: «Bi gauza dira aldi berean: ekoizleak eta harpidetza bidezko zerbitzuak. Haientzat oso inportantea da telesail bat izatea eta haien ikur bihurtzea, jendea katigatuko duelako: ez bakarrik telesail hori ikusteko, baizik eta harpidetu eta luzarorako bezero bihurtzeko».

'THE PACIFIC'

Telesailik garestiena

HBOren The Pacific minisaila 2010ean eman zuten: Steven Spielbergek ekoitzi zuen, eta Band of Brothers ekoizpen garestiaren segida izan zen. Hasierako aurrekontua 100 milioi dolarrekoa bazen ere —hamarna milioi kapituluko—, 270 milioi dolar kostatzera heldu zen: 27 milioi kapituluko. Gastatutako dirutzak erantzuna izan zuen: zortzi Emmy irabazi zituen, tartean minisail onenarena.

'TERRA NOVA'

Porrotik garestiena

Spielbergena hori ere, telebistaren historiako porrotik garestientzat jotzen dute Terra Nova. 20 milioi euroko kostua izan zuen kapitulu pilotuak bakarrik, baina ez zuen harrera onik izan, eta bertan behera utzi zuten hamahirugarren kapituluaren ondotik. Fox taldeak 50 milioi dolarreko galera izan zuen, marketin gastuak kontuan hartu gabe.

'BOARDWALK EMPIRE'

Garestia eta saritua

HBOk eman zuen Terence Winterrek sortutako, Martin Scorsesek ekoitzitako eta I. Mundu Gerraren osteko garaian girotutako telesail hori. Boardwalk Empire-ren kapitulu pilotuak 18 milioi dolar balio zuen. Aldeko zein kontrako iritziak jaso zituen, baina, oro har, harrera ona izan zuen. Hainbat sari eskuratu zituen; besteak beste, telesail dramatiko onenaren Urrezko Globoa, 2011n.

'LOST'

Ordura arteko garestiena

ABC kate estatubatuarrak bi zatitan eman zuen Lost-en lehendabiziko kapitulua, bi astez jarraian. Ordura arte (2004) inoiz ekoitzi zen kapitulu piloturik garestiena izan zen (14 milioi dolar), eta Lloyd Braunek lanpostua galdu zuen hori ekoizteko baimena emateagatik. Paradoxikoa izan zen, telesailak sei denboraldi eta jarraitzaile ugari izan zituela kontuan hartuz gero. Sari andana jaso zituen, gainera: besteak beste, telesail dramatiko onenaren Emmy saria, 2005. urtean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna