Bidea ixteko beldurrez

Nafarroan Belateko tunela itxita egonen da, ustez, zazpi hilabetez, Europako araudi batera egokitzeko lanak egin bitartean. Hainbatetan itxi dute tunel hori, eta eragozpenak sortzen dizkie inguruetan bizi direnei. Euskal Herriko beste toki batzuetan ere badira bide mozketei so bizi diren herritarrak.

Maialen Belarra. Doneztebetik Iruñera joaten da lanera. IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Berriz ere itxita dago Belateko tunela Nafarroan. Trafiko anitz duen errepidean dago tunel hori, Irun (Gipuzkoa) eta Iruñea lotzen dituen bidean. Hainbatetan itxi dute tunela, batzuetan denbora luzez lanak egiteko, beste batzuetan, egun zehatzetan luiziengatik, adibidez. Inguruan bizi diren herritarrentzat eragozpenak dakartza horrek, eta asko Belaten zer gertatu adi jarraitu behar izaten dute egunerokoan. Ustez, zazpi hilabetetan bukatuko dituzte lanak, tunela Europako legedi batera egokitzeko.

Nafarroakoa ez da kasu bakarra. Euskal Herriko errepide batzuk maiz ixten dira, eta horrek eragina du inguruan bizi edo lan egiten dutenen egunerokoan. Kaltetutakoek neurriak eskatzen dizkiete administrazioei, arazoak behin betiko buka daitezen, edo hori zaila den kasuetan, arazoari neurri eraginkorrekin erantzun diezaieten.

BELATEKO TUNELA

Asko dira egunero-egunero autoa hartu eta Belate igaro behar dutenak herritik lantokira joateko. Bortzirietatik, Malerrekatik eta Baztandik (Nafarroa) Iruñera joaten direnen kasua hori da. Maialen Belarra doneztebarra eta Aritz Perez beratarra dira horren adibide. Biek ala biek Iruñerrian egiten dute lan, irakasle. Tunelak itxi dituztenez geroztik, 15-20 minutu gehiago behar dituzte lantokira ailegatzeko.

Lau urte daramatza Belarrak Doneztebetik (Nafarroa) Iruñerako bidea egunero egiten. Astean, hamar bidaia. Tunela luzez itxi duten hirugarren aldia da oraingoa berarentzat. «Denbora da gehien galtzen duzuna. 15-20 minutu gehiago dira, baina horrek esan nahi du lehenago atera behar izatea, eta bidean ere lasaiago ibili behar duzu badakizulako lehenago edo geroago kamioiren bat izanen duzula aurrean», azaldu du. «Horrek estresa sortzen du, baita beldurra ere batzuetan. Orain, adibidez, eguraldi honekin bidea arriskutsu dago, eta tentsioan zoaz denbora guzian».

Perezentzat ere denbora galtzea da eragozpenik handiena. Hark seme-alabak ditu, eta bere bikotekideak ere Iruñerrian egiten du lan; beraz, amatxi arduratu ohi da haurrak eskolara eramateaz. «Eragozpenak ez dira guretzat bakarrik, inguruko familiakoengan ere eragina izan du. 07:30ean etorri beharrean, 07:10 inguruan etortzen da nire ama haurrekin egotera», azaldu du. Horretaz gainera, bide makurragoa dute orain: bigarren bideak dituen 12 kilometroetan ezin da aurreratu. «Beti dago kamioiren bat, eta haren atzetik joan behar duzu denbora guzian».

Hala ere, Nafarroako Gobernuak kamioien zirkulazioa murrizteko neurriak jarri ditu: astearen arabera, matrikula bikoitiek edo bakoitiek baizik ezin dute igaro errepide horretatik. Perezek dio «izugarri» antzeman dela hori. «Kamioi kopurua erdia baino askoz ere gutxiago da. Lehengoan, Sunbillako gasolindegian ez zegoen kamioirik aparkaturik, eta normalean beteta egoten da».

Belarrak ez du uste lan horiek beste arazo batzuk konponduko dituenik, baina, hala ere, bere nahia bota du: «Espero dut hau izatea azkenengo obra luzea». Batzuetan gertatzen da ezustean tunela itxita aurkitzea ere, batik bat neguan. Adibidez, luiziak izaten direnean, tunela itxi behar izaten dute. «Ez dute hainbestetan ixten horregatik, baina horrek ere eragiten dizu eguneroko bidaian», dio Belarrak.

Oraingoak, baina, luze joko du. Perezek onartu du seme-alabarik izanen ez balute askotan Iruñean geratuko liratekeela lotan. Egoera ikusirik, neurri eraginkorrak eskatu ditu: «Hoberena litzateke behin betiko irtenbidea aurkitzea, ez oraingo partxeak. Gauza txiki eta teknikoak dira hauek, baina horrek ez du trafiko handiaren arazoa konponduko». Perezek hau proposatu du: «Epe luzera egin beharko lukete fundamentuzko banaketa bat».

GETARIA-ZARAUTZ

Askotan ixten den beste errepide bat Getariatik Zarautzera doana da, Gipuzkoan. Han trenik ez dagoenez, autobusa erabiltzen dutenei eragiten die kalterik handien egoerak. Getariarrak kexu dira ikasturte honetan beste batzuetan baino makurrago erantzun dietelako bide mozketei. Kexu hori adierazi dute Ane Ezenarrok eta Uxoa Irigoienek. Biak dira getariarrak, eta Donostian egiten dute lan. Beraz, astero hamar bidaia egin behar dituzte joanean eta etorrian.

«Autobusean ibiltzen naiz normalean, eta negu honetan arazo asko izan ditugu. Horrek pixka bat bultzatu nau autoa erostera», onartu du Ezenarrok. «Salduta geratzen gara bidea ixten duten bakoitzeko, Lurraldebusek pila bat tardatzen duelako transbordadore zerbitzua jartzen». Horrelakoetan, bi eragozpen nagusi azpimarratu ditu: lanera berandu ailegatzea edo medikuaren hitzordura garaiz ez iristea.

Antzeko iritzia du Irigoienek. Berarentzat «ezinbesteko garraioa» da autobusa. «Gertatu da geltokian egon, Lurraldebusera deitu, eta ez jakitea autobusa etorriko den edo ez den etorriko», azaldu du. «Kontua da errepidea ixten dutenean, urtetik urtera zerbitzu geroz eta kaxkarragoak jartzen dituztela». Irigoienek salatu du murriztu dutela autobus transbordadoreen kopurua horrelakoetan. «Oso ordu zehatzetan pasatzen zen; orduan, Donostiatik Zarautzera iritsi, eta ez dakit zenbat denbora zain egon behar zenuen. Koordinazio falta handia zegoen». Berak argi du: aurtengoa izan da «eman duten zerbitzurik kaskarrena».

«Okerrena izaten da informazio falta», azaldu du Ezenarrok. «Ez daukagu denborarik antolatzeko, eta goiz erdia alferrik galtzen duzu». Esan duenez, bidea itxi zuten azkenengo aldian, itxi eta 15 egunera jakin zuten zein izanen ziren autobusen ordutegiak. «Ordura arte geltokira joaten ginen ea zortea genuen». Horretaz gainera, Meagako bidea hobetu beharko litzatekeela ere uste du Ezenarrok. Irigoienek, «behar bezalako» zerbitzua exijitu du. «Denek bermatuta izan beharko genuke autobus zerbitzu duin bat».

A-1 AGURAINEN

Arazoak sortzen dituen beste errepide bat A-1a da, batik bat kamioiarekin ibiltzen direnei. Joseba Iriondok kontatu ditu han izaten dituzten arazoak: «Gauza askorengatik ixten dute. Alde batetik, mugako arazoa dago, Etzegaraten kamioiak gelditzen dituztelako beste aldean jai denean». Horretaz gainera, elurra egiten duenean arazoa beti toki berean dagoela azaldu du, administrazioak ez direlako ados jartzen. Bidesariak jarri izana ere salatu du: «Etxekoei galera handia eragiten digu». Beste arazo bat ere aipatu du: kamioi batzuek gasolina goraino betetzen omen dute, behar baino gehiago, «merkeagoa» delako, eta gero Etzegarate jaistean errepidera isurtzen da erregaia. «Hori ez dute kontrolatzen, eta oso larria da. Istripu asko daude horren ondorioz».

Ertzaintzak iragaten ari diren kamioiak gelditu ohi ditu Etzegaraten, eta ilara luzeak egiten direla dio. Iriondok enpresa Agurainen du, eta bertara joaten diren kamioiek egunean bost bidaia egin ohi dituzte. Halakoetan, hiru baizik ez. Aipatutako faktore horiek guztiek egunerokoan eragiten diete. «Ez dakizu noiz gerta daitekeen, ezin da aurreikusi, eta egun horretan galera duzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.