Turismoari beste tornu bat

Turistifikazioaren ondorioei buruzko eztabaida mahai gainean jarri da azken urteetan. Venezian tornu birakariak jarri dituzte haren aurkako neurri gisa, baina hango bizilagunak aurka agertu dira. Bien bitartean, turistifikazioaren kontrako Europako hegoaldeko hirien sarea sortu dute.

Venezian tornu birakariak paratu dituzte turista gehien biltzen diren tokietan, zenbat sartu diren kontatu eta jende gehiegi dagoenean, beste toki batzuetara bideratzeko. RICCARDO GREGOLIN / EFE.
Iker Tubia.
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Parke tematikoetan bezala. Veneziako (Italia) Erromaren plazara edo Calatrava zubira pasatu nahi dutenek tornu birakarietatik igaro beharko dute lehenik. Izan ere, apirilaren 28an turistak kontatzeko balio duten tresna horiek paratu zituen Luigi Brugnaro hiriko alkateak. Hark esan duenez, turista gehien espero diren garaietan funtzionatuko dute: maiatzaren 1eko zubian eta inauterietan, besteak beste. Hala, turista gehiegi dagoenean, pasabidea itxiko dute. Bizilagunei ez zaie neurria gustatu, eta esaten dute agerian geratu dela diote turistei zuzendutako hiria dela Venezia.

Urteak dira Venezian turistifikazioak gogor jo zuela, eta hango bizilagunak horren aurka altxatzen hasiak dira. Tornu birakarien karietara, kalera atera ziren protesta egitera duela bi aste. Tornu horietako bat apurtu ere egin zuten manifestari batzuek. «Badago Venezia noiz ixten duten galdetzen duenik. Jende gehienak uste du hiri hau paretarik gabeko museo bat dela. Orain zoologiko bat dirudi; hiri artifizialaren itxura ematen du», azaldu du Caterina Borellik.

Borelli Opa kolektiboko kidea da, Veneziako pentsamendu eta ekintza tailerrekoa, hain zuzen ere. Turistifikazioaren kontrako borrokan buru-belarri ari dira lanean Opako kideak. Azaldu duenez, hango egoera «asaldagarria» da. Izan ere, urtean 30 milioi turista jasotzen ditu Veneziak, eta irlan 54.000 lagun bizi dira. «Biztanleko turista kopurua sekulakoa da, ez du parekorik». Egoera hori dela eta, urtero 1.000 biztanle galtzen ditu hiriak.

Turismo alokairua da kanalen hiriak duen arazo nabarmenena, alokairua erabat askea baita. Beste hiri batzuetan alokairuaren prezioa izugarri igotzen da, baina Venezian ez da hori arazoa, ez baitago etxebizitza alokatzeko aukera handirik, gehienak turismoarentzat direlako. «Egoera, berez, zaila da. Gainera, udalak ez du inolako plangintzarik egin». Borellik dio orain arte zentro-ezkerrak ez diola gaiari heldu, eta orain zailago ikusten du eskuina boterera ailegatu denetik: «Venezia azken tantaraino esplotatu nahi du alkateak».

Berriki hartutako neurria gaitzetsi dute turistifikazioaren kontra dauden kolektiboek. Borelliren aburuz, kontraesana da tornu birakariak jartzea eta, aldi berean, hiritik bost minutura 5.000 toki dituen hotel merke bat eraikitzeko baimena ematea. «Ez du zentzurik: ibaia koilaratxo batekin gelditzen saiatzea bezala da». Gainera, ez du murriztuko kopurua, turistak beste toki batzuetara bideratu baizik. «Turismoa zabaltzeko estrategia hondamendia da. Masifikaturik ez dauden tokiak gutxi dira; horiek ere jendez betetzea baino ez zaigu falta. Zabaltzen den minbizi bat bezala da».

Ilunenean ere argi pixka bat ikus liteke, eta fenomeno horrek zerbait positiboa ekarri duela uste du veneziarrak: «Aktibismo politikoa berpiztu egin da, eta kontzientzia piztu da herritarrengan, orain arte ez zirelako ohartu hartu genuen bideak nora eramaten gintuen. Borroka hau oso transbertsala da, eta belaunaldi artekoa. Gai honek, oro har, ados jartzen ditu ideologia ezberdinetako pertsonak». Turistifikazioa dela kausa hiria birpentsatu beharra nabarmendu du Borellik, eta turismoaren monolaborantzarekin hautsi, turisten fluxuak kudeatu eta etxebizitzak herritarren zerbitzura jarri beharra.

Venezian ez ezik, Europako beste hainbat hiritan ere antzera daude. Beste batzuk ez dabiltza mutur horretan, baina, hala ere, turistifikazioaren sintomak antzematen hasiak dira. Horregatik, Europa hegoaldeko hainbat hiritako kolektibok bat egitea erabaki dute, elkarrengandik ikasi eta turistifikazioaren arazoari elkarrekin erantzuteko asmoz. Apirilaren hondarrean SET aurkeztu zuten, turistifikazioaren kontrako Europa hegoaldeko hirien sarea. Bertan dago Venezia, eta baita Iruñea eta Donostia ere. Bartzelona, Camp de Tarragona, Girona, Palma, Valentzia (Herrialde Katalanak), Madril, Sevilla, Malaga, Kanariak (Espainia), Malta (Frantzia), Florentzia (Italia) eta Lisboadira sareko gainerako kideak, eta, dagoeneko, harremanetan dira beste hiri batzuekin; Erromarekin, besteak beste.

Sarea josten

Urte bateko lanaren fruitu izan da sarea. «Esperientziak ez ezik proposamenak ere elkarri jakinarazi beharra dagoelako sortu da», dio Borellik. Europako hiri askotan antzeman liteke turistifikazioaren fenomenoa —Amsterdamen, Berlinen...—, baina Europa hegoaldeko hiriek badute ezaugarri komun bat: krisiaren kolpearen neurria eta lanaren prekarizazioa. «Horrek badu zerikusirik turismoaren zabalpenarekin, krisiari erantzuteko modu errazena delako». Sareak presio talde gisa jokatu nahi du, proposamenak mahai gainean jarrita.

Donostian Bizilagunekin plataforma sortu berri da, iazko udan turistifikazioaren kontra abiatutako ekinbide eta hausnarketen ondorioz. Asier Basurto plataformako kideak azaldu du zergatik sartu diren sarean: «Turismo industriaren estrategiak ez dira tokian tokikoak, globalak baizik. Askotan hiri bati egiten diote aurretik beste bati egin diotena». Ikasteko asmoz sartu dira. «Hiri batzuetan kalte oso handiak eragin dituzte. Donostian eta Iruñean seinale batzuk ikusi ditugu, baina oraindik egoera hobetu litekeela uste dugu».

Iruñeko Alde Zaharrean Bizi elkartea ere sarera batu da. Ana Diez de Ure elkarte horretako kidea da, eta, esan duenez, turistifikazioaren arazoarekin denbora gehiago daramatenengandik ikasi nahi dute. «Iruñean borroka berria da; askok uste dute hemen ez dela horrelakorik gertatzen», azaldu du. Duela lau urte sortu zen elkartea, eta geroztik egoera anitz aldatu dela uste du Diaz de Urek. Alde Zaharraren bihotzean eraiki nahi duten hostel erraldoiaren aferak herritarren kontzientzia piztu du. «Alde Zaharreko elkarte eta bizilagunak kezkaturik daude, eta proiektu horren kontra. Konturatu dira zer larria litzatekeen horrelako eredu bat auzoarentzat».

Donostia eta Iruñeko elkarteak turistifikazioaren gaia mahai gainean jarri eta jendea ohartarazi nahian dabiltza gaur egun. Beharrezko urratsa da hori aurrerago beste lan batzuei ekiteko. Basurtok uste du uda hasieran Donostiako agintariek arazoa ukatu egiten zutela, baina kezkak handitzen jarraitu zuen, eta gaia mahai gainean jartzera behartu zituen.Egoerari dagokionez, antzeko arazoak dituzte bi hiriburuek, nahiz eta Donostian agerikoagoak izan. Alde Zaharrak bizilagunez husten ari dira turismo alokairurako pisuen kopuruak gora egiten duten neurrian.

Alde Zaharretako etxeen atarietan ugaldu dira pisuak erosten dituzten enpresen kartelak. «Historikoki Donostiako gizarte arazo nagusia izan da etxebizitza, baina negozio handienetariko bat da, eta hori ez da onargarria», dio Basurtok. Eraikin osoak ere erosten dituzte enpresek. Iruñean, antzera: «Oso larria da, geroz eta bizilagun gutxiago eta turista gehiago daude Alde Zaharrean», dio Diez de Urek. Etorkinen, gazteen eta haurren kopurua asko jaitsi dela salatu du.

Bada nahiko argi ikusten den beste faktore bat: paisaia aldatzen ari da alde zaharretan. Eguneroko bizitzarako komertzioek ateak ixten dituzten bitartean, turistei zerbitzua eskaintzera bideratutakoak irekitzen dira. Horrek, gainera, lan baldintzak makurtzea dakarrela salatu du Basurtok. «Hirien arteko lehia dago, eta horri lotutako hainbat estrategiek bertako komunitate loturak kaltetzen dituzte». Ez hori bakarrik: kultura alorrean ere homogeneizaziora jotzen dela kritikatu du.

Arazoaren muina zera da: orain arte bizitzeko tokia izan dena kontsumitzeko gai bihurtu da. Hala azaldu du Ion MartinezNUPeko Hiri Soziologia irakasleak: «Erabilera balioa truke balio bihurtzen da, produktu batean, eta horrek lehia pizten du urria den ondasun baten bueltan: espazioa». Enpresa batzuk turismoan bereizi dira eta ohikoa ez zen eremu batean sartu. «Gakoetako bat fenomeno hau arautzea da, turismoaren industriak hiriak sortzen dituen ondasun asko erabiltzen dituelako, baina irabaziak haien esku geratzen dira».

Kezka udaletara iritsi da

Herritarrak ez ezik, udalak ere kezkatzen hasi dira, batik bat beste hiri batzuetan turistifikazioak ekarri dituen arazoen larritasuna ikusirik. Manu Narvaez Donostiako turismo zuzendariak azaldu du kezka horren ondorio direla hartu dituzten neurri batzuk: etxebizitza turistikoen araudia, Parte Zaharra eremu betetzat jotzea eta turismoa beste inguru «erakargarrietara» bideratzen saiatzea. Gainera, turismoak sortutako arazoak jasaten dituzten beste hiri batzuekin harremanetan direla ere esan du. «Elkarbizitza ahalik eta ondoen antolatu behar dugu». Basurtok uste du pisuak arautzea ez dela aski, eta kritikatu du hotelen lizentziak ematen jarraitzen dutela.

Iruñeko Udalak, berriz, turismo iraunkorraren aldeko apustua egin duela dio Patri Perales Turismo zinegotziak. «Orain arte ikuspegi oso kapitalista izan du udalak, dena onartzen zuen», azaldu du. «Oreka bermatu behar da turisten eta herritarren artean, eta alor ekonomikoaren eta ingurumenaren artean». Onartu du Alde Zaharrean arazoak sortu daitezkeela esku hartu ezean, dagoeneko «karga turistikoa handia» baitu. Arazo «berriari» aurre egiteko prozesu parte hartzailea jarri dute martxan, eragile guzien iritziak biltzeko. Etxebizitza turistikoak mugatu —soilik lehenbiziko pisuetan onartuz—, eta hotelen edo tabernen arteko distantzia arautzeko asmoa dute.

Testuinguru horretan, turistifikazioaren kontrako Europa hegoaldeko hirien sareak badu lehen hitzordua: maiatzaren 18an eta 19an Bartzelonan bilduko dira hiri guzietako elkarteen ordezkariak bigarren Bizilagunen Forumean. Horren ondotik, maiatzaren 25ean manifestaziora deitu du Bizilagunekin elkarteak, egun horretan Turismoaren Mundu Elkarteak bilera eginen baitu Kursaalen. Leloak sareko parte diren kolektiboen aldarrikapena ongi laburbilduko du: Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.