Espainia. Rajoyren aurkako zentsura mozioa

Eraso eginez bukatu du zazpi urteko agintaldia

Zentsura mozioa subiranistei esker aurrera ateratzea egotzi dio Pedro Sanchezi, eta hauteskundeak irabazi gabe presidente izan nahi izatea. Rajoy ez da joan arratsaldeko saiora
JAVIER LIZON / EFE

Igor Susaeta -

2018ko ekainak 1
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia irrigarri uzten eta hura kontraesanetan harrapatzen ahalegindu zen atzo Mariano Rajoy, Kongresuan Espainiako Gobernuko presidente moduan egindako azken-aurreko agerraldian. Alderdikideen etengabeko txalo zaparradez gain, hauek izan zituen horretarako makulu: Sanchez buru zuela PSOEk hauteskundeetan lortutako emaitzak, zentsura mozioa onartzeko ezinbestekoa izango den alderdi subiranisten babesa, proposatutako gobernu programaren lausotasuna, sozialisten beraien ustelkeria kasuak eta presidentegaiaren estrategia ekonomiko «arriskutsua».

Espainiako Auzitegi Nazionalak Gurtel auziaz joan den astean kaleratutako epaiaren arabera, PPk «ustelkeria instituzionalerako sistema bat» eratu eta elikatu zuen gutxienez 1989tik 2008ra, baina, 2011ko abendutik Espainiako presidente izandakoaren esanetan, hori «aitzakia bat» besterik ez da Sanchezentzat, «hautetsontzietatik igaro gabe» boterera heltzeko. Rajoyk atzo berriro nabarmenduz zuenez, PPn «ustelak» egon izan dira, baina ez da alderdi «ustela». Beraz, PSOEkoari «oportunista» esan zion, eta hitz egin zuen bakoitzean eraso eginez eta dimititzeko inongo asmorik erakutsi gabe bukatu zuen ia zazpi urteko agintaldia.

Eguerdira bitartean esan zituen esan beharrekoak. Arratsaldean ez zuen eztabaidan parte hartu, ez baitzen Kongresura joan, nahiz eta berez alderdi guztietako bozeramaileei erantzuteko aukera zeukan. Dimititu egingo ote zuen espekulatu zen, hortaz, baina Maria Dolores de Cospedal Defentsa ministroak iragarri zuen ez dela hala izango, eta Rajoyk bozkatu egingo duela gaur.

Kontuan hartuta ERC , PDeCAT eta EAJ ere zentsura mozioa onartzearen alde bozkatzekoak direla, Rajoyk Sanchezi behin eta berriz galdetu zion ea alderdi subiranisten «eskaerak» onartuko dituen; ea «zenbaitzuek» eskatutako autodeterminazio eskubidea babestuko duen; eta ea Espainiako Fiskaltza Nagusiari eskatuko ote dion bertan behera uzteko Kataluniako prozesu subiranistaren harira auzipetutako politikarien kontrako akusazioak. Bide batez, hemerotekara jo, eta aurtengo urtarrilean Sanchezek elkarrizketa batean esandakoa —«ezin da zentsura mozio batera joan Espainia hautsi nahi dutenekin»— plazaratu zuen. «Berdin zaizu norekin gobernatu: Riverarekin, Bildurekin... Berdin zaizu». Horren guztiaren harira, hau esan zion PSOEko idazkari nagusiari: «Nik espainiarra izaten jarraituko dut».

Rajoyren hitzetan, Sanchez ezin da presidente izan, ez duelako «espainiarren» babesik, «inoiz ez baitu hauteskunderik irabazi». PPkoak gaineratu zuen Sanchezek berak dimititu beharko lukeela, Espainiako presidente izateko aurkeztu den bi aldietan —2015eko abenduko bozetan eta 2016ko ekainekoetan— «galtzaile» izan delako.

Aurrekontuak hizpide

Azkeneko zazpi urteotan presidente izan denak pentsatzen du PSOEko presidentegaiak ez duela «proiekturik» Espainiarentzako. «PSOEk ez du azaldu norekin nahi duen gobernatu, zer programarekin, zenbat denboraz». Rajoyk sarri heldu zion ironiari, eta adierazi zuen «harrigarria» iruditzen zaiola «PPren aurrekontuak» izatea Sanchezen «puntu programatiko bakarra». Izan ere, PSOEk horien kontra bozkatu zuen joan den astean —Rajoyk Sanchezi egotzi zion lehen «urtikaria» eragiten ziotela aurrekontuek—, baina atzo, EAJren botoak biltzeko asmoarekin, Sanchezek azpimarratu zuen eutsi egingo diela —jeltzaleek alde bozkatu zuten orain dela zortzi egun, Ciudadanos eta PPrekin batera—. Podemosek ere gogor kritikatu zituen aurrekontuak lehengo astean, baina babestu egingo du Sanchezen zentsura mozioa. Hortaz, Rajoyk hau gehitu zuen: «Podemosek irribarre zabal batekin bozkatuko du».

Eta, zentsura mozioa aurkezteko PSOEren zutarri nagusia Gurtel auziaren epaia izan denez, Rajoyk hainbat galdera egin zizkion Sanchezi ustelkeriaren harira: «PSOEn ba al dago ustelik? Ba al dago kondenaturik? Zure alderdiko inor ba al dago kartzelan?». Izan ere, enplegua erregulatzeko Andaluziako dosierren auziak zuzen-zuzenean eragiten die sozialisten hainbat buruzagiri, eta ari dira jada epaiketa egiten. Hortaz, Rajoyren galdera: «Erregulazio dosierren epaia ateratzen denean, zentsura mozio bat jarriko diozue zeuen buruari?».

Arlo ekonomikoa hizpide hartuta, Sanchezi leporatu zion enpresarien artean «alarma guztiak» piztu direla zentsura mozioa aurkeztu zuenetik, eta geroztik «arrisku saria» %14 igo dela eta burtsak 26.500 milioi euro egin duela behera Espainian.