NBE, beste ate bat 'Naparra kasuan'

Espainiak ebatzitakoen kontra, Nazio Batuen Erakundeak desagertze behartu gisa onartu du 'Naparra kasua': gizateriaren aurkako delitutzat jo, ez dela iraungi esan, eta gomendioak egin dizkio PPren gobernuari. Hark erantzun dio informazioa bidaliko diola, «ohiko tramitea» beteta.

Goian, Joxe Migel Etxeberria Naparra-ren azken argazkietakoa; behean, haren anaia Eneko Etxeberria, Genevan. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
Iruñea
2014ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Hamazazpi urte betetzear zen Eneko Etxeberria 22 urteko anaia desagerrarazi zutenean. 51 ditu orain. 34 urte baino gehiago pasatuta, Joxe Migel Etxeberria Alvarez Naparra-ren desagertzearen kasua mahai gainean da berriz. Beti egon da hor senideentzat, beti saiatu dira handik eta hemendik bide berriak irekitzen, eta Nazio Batuen Erakundera iritsi dira orain. Frantziak aurrena (1982an) eta Espainiak ondoren (2004an), itxi egin zizkioten ateak ikerketari. Joan den irailaren 19an, ordea, NBEko desagertze behartuen batzordeak ondorio argiak helarazi zizkion Naparraren anaia Eneko Etxeberriari, Genevan egindako bileran: Naparrarena desagertze behartua izan zen, eta kasuak irekita jarraitu behar du, gutxienez gorpua agertu artean. «Indar pixka bat ematen digu horrek, behintzat».

Naparra (1958, Iruñea) Ziburun ikusi zuten azken aldiz, 1980ko ekainaren 11n. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen, eta, hasieran atxilotua zutela uste arren, laster piztu zen gerra zikinaren alarma: Baionako polizia etxean zuten iheslaria ez zen Naparra. Laster agertu zen haren autoa, Ziburu inguruan, jendarmeria batetik gertu. Batallon Vasco-Español taldeak bere gain hartu zuen bahiketa, eta hilaren 30eko komunikatuan esan zuen bahitua exekutatu eta Xantako inguruan lurperatu zutela. Senideak aritu ziren gorpuaren bila, urpekari eta guzti. «Baina ezer ez», dio Etxeberriak.

Uztailean, BVEk jakinarazi zuen mapa bat helarazi zuela Baionako suprefeturara, gorpua non zegoen azaltzeko. «Badakigu jaso dutela eta suprefetak jakinaren gainean jarri duela Frantziako Gobernua», idatzi zuten agirian. Handik astebete ingurura, esan zuten bi jendarmek gorpua hartu eta Dax ingurura eraman zutela.

Frantziako auzitegiek 1982an utzi zuten bertan behera ikerketa, zantzu berriak agertu artean. Geroztik, ez dute ezer egin. Espainiako Auzitegi Nazionalean 1999ko urrian jarri zuten salaketa senideek, eta hainbat lekuko deklaratzera deitzeko eskatu zuten. Tartean, desagertzea gertatu zenean «borroka antiterroristaren» arduradun zirenak: Jose Antonio Saenz de Santamaria, Espainiako Poliziaren buru izana; Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño, inspektore izana; Manuel Ballesteros MULC Borroka Kontraterroristaren Zuzendaritza Bakarraren gidaritzan aritua...

Gerra zikina ikertu zuten Cambio 16 taldeko Jose Diaz Herrera eta Rafael Cidek ere hitz egin zuten epaile aurrean. Haien arabera, Naparraren desagertzean nahastuta zegoen BVEn aritutako Perret anaien taldea, baina Ismael Moreno instrukzio epaileak uko egin zion haietako bat auzitegira deitzeari, eskaera «lekuz kanpokoa, premiarik gabekoa, alferrikakoa eta bidegabea» zela esanda. 2004an, artxibatu egin zuen kasua, eta hori berretsi zuen Angela Murillo epaileak. «Ez da frogatu, ezta zantzuekin ere, Joxe Migel Etxeberriaren desagertzea delitu izan zenik», esan zuen Morenok. Alegia, ez zela desagertze behartua izan, eta are gutxiago talde «terrorista» batek eragindakoa.

Espainia, kontraesanean

«Latza da esaten duena», dio Etxeberriak, hura gogoratuz: «Aurrerabide guztiak itxi zizkigun». Garai hartan, beste hainbatetan bezala, Espainiako Gobernuan eskaera egin zuten anaia biktima gisa onartzeko, eta Barne Ministerioak Auzitegi Nazionalaren autoan oinarritu zuen ezezkoa. Horretan ere, Espainia ez dator bat, adibidez, Eusko Jaurlaritzarekin —horrek onartua du biktima gisa—. Nafarroako erakundeetan, ez dute onarpenik edo babesik izan. Joan den astean Ezkerrak lege proposamen bat egin zuen parlamentuan, biktima guztiak onartzeko: frankismokoak eta GAL eta BVErenak barne.

Auzitegi Nazionalak ezarritako tesiaren kontrakoa adierazi du orain NBEren lantaldeak. 2013ko irailean, Euskal Herrian izan ziren Jazmina Dzumhur eta Ariel Dilitzky NBEren batzordeko kideak, eta bilera bat egin zuten Gasteizen, memoriaren inguruan aritzen diren taldeekin. Han izan ziren Celes Alvarez Naparraren ama eta Eneko Etxeberria anaia. Aurrez pasatu zieten kasuari buruzko dokumentazioa, eta, joan den martxoan, eskaera bat aurkeztu zuten, Egiari Zor fundazioaren bidez. Irailaren 19an, bilera izan zuen Etxeberriak Genevan, NBEren batzordeko kideekin.

Kasuari buruzko azalpena entzunda, hainbat galdera egin zizkioten Genevan Etxeberriari; besteak beste, ea froga zezakeen BVE Espainiako Estatuak sustatu eta babestutako taldea izan zela. «Frogatu ahal izango banu, ez nintzen hara joango», dio Etxeberriak. Argitu gabekotik gehiago du gerra zikinak, batez ere GALen aurreko garai hark.

Bileraren amaieran, argi azaldu zizkioten ondorioak Etxeberriari: anaiarena desagertze behartua izan zela; desagertua talde armatu bateko kidea izan arren horrek ez duela ezer aldatzen; eta Naparraren gorpua agertzen ez den artean kasuak irekita egongo dela NBErentzat. Bahiketa eta desagertzea gizateriaren aurkako delitua dela eta ez dela iraungitzen. Etxeberria: «Auzitegi Nazionalak esandakoen kontrakoa da hori ».

Orain, egoera hori zuzentzeko gomendioak egin dizkio NBEk Espainiako Gobernuari —NBEk ez dauka eskumenik juridikoki jarduteko—. Amaiurrek egindako galdera bati erantzunez, PPren gobernuak esan zuen jaso zituela desagertze behartuen lantaldearen gomendioak eta «ohiko tramitea» beteko zutela: informazioa eskatuko zutela zegokien sailetan, NBEri bidaltzeko.

Kasuari buruzko informaziorik ba ote zuen eta «BVE estatuak sortutako erakundea izanik» sekretupean dagoen informazioa desklasifikatu ote zuen galdetuta, gutxienez arraroa izan zen gobernuaren erantzuna: espetxe politikari buruzko argudioekin erantzun zuen, testuaren amaieran Naparraren kasua aipatuta. Joan den urriaren 24an, berriz egin zuen galdera Jon Iñarritu diputatuak: «Zein da [Espainiako] gobernuak Etxeberria jaunaren desagertzeari buruz duen informazioa?».

Denboraren garrantzia

Espainiako Gobernuak hiru hilabeteko epea du galdera hori berriz erantzuteko. NBEk irekitako bidea ere hor dute orain. Orain arte, kasik beren kabuz aritu dira beti. Besteak beste, beraiena bezalako kasuak argitzeko Etxeberriak beharrezkotzat du egiaren batzorde bat sortzea. «Jakiteko zer gertatu zen, bermatzeko gehiago ez dela gertatuko, aitorpena eta erreparazioa jasotzeko indarkeria jasan duten guztiek. Guztiek».

Urteotan horretan aritu direla dio: memoria lantzen. «Bizitzaren bi herenak pasatu ditut anaiaren kasuarekin, horrek uzten duen arrastoarekin. Kontua da urteak aurrera doazela», dio Etxeberriak. Patxi Etxeberria, aita, 2006an hil zen, eta ama Celes Alvarez ere aurrera doa adinean. Semearen gorpua ikustea da nahi duena. «Lehentasuna da anaiaren gorpua aurkitzea. Nik ez dakit non dagoen, baina norbaitek jakingo du: klasifikatutako agiriak, damuturen bat...».

Ez dirudi, dena den, PPren gobernuak gauzak argitzen laguntzeko jarrera duenik. Iragan den astean, esaterako, uko egin zion 1936 eta 1968 arteko dokumentu militarrak desklasifikatzeari. Eta denbora garrantzitsua da Etxeberria familiarentzat: «Orain ari dira frankismoko desagertuen bila, ilobak eta. Penagarria litzateke berriz ere hori gertatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.