Hondartzak betetzeko deia

Abuztuaren 6an, Etxerat-ek euskal presoen urrunketa amaitzeko eskatuko du hainbat hondartzatan. Senideek politika horren «zama eta oinazea» pairatzen dutela salatu du
Etxerat elkarteko kideek atzo goizean Donostiako kaian egindako agerraldia.
Etxerat elkarteko kideek atzo goizean Donostiako kaian egindako agerraldia. JUAN CARLOS RUIZ/ ARGAZKI PRESS

Erredakzioa -

2017ko uztailak 29
Etxerat euskal presoen senideen eta lagunen elkarteak elkarretaratzeak egingo ditu Euskal Herriko hainbat hondartzatan abuztuan, euskal presoen aurkako urrunketa eta sakabanaketa politika amaitzeko eskatzeko. Hiru hamarkada daramatzate euskal presoen senideek eta lagunek sakabanaketaren eta urrunketaren ondorioak pairatzen, eta haien gainean erortzen da, egunez egun, politika horren ondorioen «zama, oinazea eta mina», Patricia Vazquez eta Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileek gogora ekarri dutenez.

«Salbuespenezko» espetxe politika «anomalia bat» dela deritzote, «normaltasunez hartu ezin dena, eta euskal gizarteak normaltasunez bizi ezin duena». «Isilarazitako» egoera bati ahotsa eman nahi dio Etxerat-ek hondartzetako elkarretaratzeekin, elkarteko bozeramaileek Donostiako kaian eginiko agerraldi batean azaldu dutenez. Presoak «bizirik eta etxean» nahi dituztelako, sakabanaketa amaitzeko eskatuko dute bilkuretan.

Hainbat hondartzatan antolatu ditu elkarretaratzeak Etxerat-ek. Guztiak abuztuan egingo dituzte. Abuztuaren 6an egingo dituzte gehienak, igandearekin. Lapurdin, Hendaiako hondartzan egingo dute, 12:00etan. Gipuzkoan, Deba, Zarautz, Orio eta Donostian, 12:00etan, eta Mutrikun, 12:30ean. Bizkaian, Laida, Laga, Lekeitio, Ondarroa eta Muskizen izango dira elkarretaratzeak 12:00etan, Bakion 12:30ean, eta Eako eta Laidatxuko hondartzetan, berriz, 13:00etan. Bezperan, abuztuaren 5ean, Gorlizen eta Plentzian (Bizkaia) egingo dituzte bilkurak, 12:30ean.

Euskal presoen urrunketaren ondorioez ohartarazi dute Etxerat-eko ordezkariek. Diotenez, euskal presoen senideek euren «bizia» arriskuan jartzen dute asteburuero, espetxeetarako joan-etorrietan euren borondatez egiten ez dituzten bidaietan.

Gogora ekarri dute euskal gizarteak behin eta berriz adierazi duela sakabanaketa eta urrunketa amaitzeko «borondatea eta erabakia». Herritarrek ez ezik alderdi politikoek eta erakundeek ere jarrera «aldatu» dutela azpimarratu dute. Hala, garrantzitsutzat jo dute euskal erakunde eta alderdi gehienek, PPk salbu, bat egin izana gaixotasun larriak dituzten presoak aske uzteko eta preso guztiak Euskal Herritik gertu dauden kartzeletara hurbiltzeko eskatzeko.

Nolanahi ere, ezinbestekotzat jo dute mobilizazioekin jarraitzea, «sufrimendua helburu duen politika eskubide-urratzailea» amaitzeko.

Bestalde, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak deia egin die iheslari politiko ohiei Lakuntzan (Nafarroa) egiten ari diren Hatortxu Rock elkartasun jaialdira joateko. Batez ere, bihar egingo den nazio ekitaldian parte hartzeko deia egin diete. Premiazkotzat jo dute lehenbailehen irtenbidea ematea Espainiak eta Frantziak «sakabanatutako eta deportatutako» iheslarien egoera «jasangaitzari». Halaber, larriki gaixo dauden iheslarien egoera «azkar» konpontzeko eskatu dute.

Beste preso bat gaixo

Jaiki Hadi elkarteak, berriz, beste preso bat gehitu du gaixo larri daudenen zerrendara. Errenteriako (Gipuzkoa) Mikel Arrieta Llopis. Espondiloartropatia kroniko seronegatiboa du —bizkarrezurrari eta artikulazioei eragiten die—. Algecirasko espetxean dago (Espainia). Duela zazpi urte diagnostikatu zioten gaitza. Denera, 21 euskal presok dituzte gaixotasun larri eta sendaezinak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna