Euskara estatutuan bermatzeko

EAEko estatutu berriari buruzko eztabaidaren harira, Kontseiluak proposamen bat egin du, hizkuntza politikarako printzipio nagusiekin. Eusko Ikaskuntzaren gogoetan sartuko dute

Kontseiluko zuzendaritzako kideak, eta, erdian, Paul Bilbao idazkari nagusia eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Estatutu berria lantzeko prozesua martxan da Eusko Legebiltzarrean, eta, proposamenean euskara kontuan har dezaten, dokumentu bat bidaliko die Kontseiluak legebiltzarrari berari eta talde politikoei. Hizkuntza eskubideak bermatzeko printzipioak estatutuan sartzea proposatuko die, eta euskaraz jakiteko eskubidea eta betebeharra ere jaso dezatela. Eusko Ikaskuntza egiten ari den gogoeta prozesuan ere txertatuko da gaia.

Hizkuntza politikan aldaketak egiteko garaia iritsi dela esaten ari da euskalgintza: aurrera egin dela urteotan, baina momentua heldu dela beste pauso bat emateko. Datorren urtean 40 urte beteko ditu EAEko estatutuak; hiru urte geroago egin zuten Euskararen Legea.

Hizkuntza gutxituak dituztenerkidego batzuetan berritu dituzte estatutuak urteotan, eta egindako aldaketak kontuan hartu ditu Kontseiluak proposamena egiteko; baita Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa ere.

Horietako printzipio batzuk jadanik jasoak daude Gernikako Estatutuan; esate baterako, euskara ofizial izatea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta «berezko hizkuntza» izendapena izatea. Hizkuntzagatik inor ez diskriminatzea ere estatutuan jasoa dago.

Eskubide eta betebehar

Hizkuntza eskubideak bermatzeko proposamen zehatzagoak ditu Kontseiluaren dokumentuak: eskubideak «modu sendoagoan» babestea jarri du helburu. Besteak beste, jaso du euskara erabili ahal izatea «bermatu» egingo dela instituzio publikoetan, neurriak hartuko direla horretarako, euskaraz egiteak ez duela atzerapenik ekarriko, eta kontsumitzaileen eskubideak aitortuko direla. Langile publikoek euskara egiaztatzea ere aipatu dute dokumentuan, eta tartean sartu dituzte Espainiako Estatukoak eta epaileak.

Proposamenaren bigarren ardatza da euskaraz jakiteko eskubidea eta betebeharra ezartzea estatutuan; Kataluniakoan ere jaso zuten. Helburu hori lortzeko, bi bide aipatu dituzte: batetik, irakaskuntzan ziurtatzea ikasleek «ezagutza egokia» jasoko dutela ahoz eta idatziz; bestetik, helduen euskalduntzea doakoa izatea herritar guztientzat. Finean, euskalgintzako eragileen urteetako aldarrikapenak dira, eta estatutuaren babesa eman nahi diete orain.

Eusko Legebiltzarrera bidaliko dute dokumentua —proposamenekin batera, beste estatutu batzuetako neurriak jaso dituzte—, eta talde politikoei ere aurkeztuko diete. Estatutu berriari buruzko lantaldean aztertzea nahi dute.

Eusko Ikaskuntzaren esku ere utzi dute; atzo Donostiako Miramar jauregian aurkeztu zuten dokumentua, han baitauka egoitza Eusko Ikaskuntzak. Autogobernuari buruz egiten ari den gogoetan sartuko dute, ekarpen gisara. Geroa elkar-ekin lelopean egingo du kongresua Eusko Ikaskuntzak, eta horren garrantzia nabarmendu du Iñaki Dorronsoro lehendakariak: «Elkarrekin egin behar dugu aurrera». Kontseiluak agiria Eusko Ikaskuntzaren esku utzi izana goratu du. «Gizarte zibilaren ikuspegia» erakundeetara eramateko konpromisoa hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.