Arantza Urkaregi. EHUko irakaslea

«Gatazkak denok ukitu gaitu, modu zuzenean edo zeharka»

gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Arantza Urkaregi EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle eta EH Bilduko Bizkaiko batzarkidea hasiera-hasieratik egon da Emagune egitasmoan. Han izandako eztabaida eta gogoetan parte hartu du, eta gertutik ezagutzen du emakumeen elkargune horrek azken bi urteotan egin duen ibilbidea.

Ez da ohikoa horrelako ekinbide bat unibertsitatetik ateratzea.

EHUk EhuGune izeneko tresna sortu zuen, unibertsitatearen eta jendartearen arteko lotura bermatzeko; hor hainbat talde daude, baina, batez ere, hiru gai nagusi landu dira: krisia, gatazka eta etorkizunari begirako proposamenak. Gatazkaren arloan bi talde sortu ziren, bat ETAren biktimena eta bestea [Espainiako] Estatuaren biktimena. Asmoa zen bakoitzak bere ibilbidea egitea eta gero ondorioak partekatzea, baina azkenean bide horrek porrot egin zuen. Aurrera egin ezinik geratu ginen, eta orduan sortu zen hainbat emakume biltzearen ideia, eztabaida eta gogoeta egiteko emakumeen ikuspegitik.

2014an izan zen hori. Geroztik, nolakoa izan da gaur arteko bi urteko prozesu hori?

Ekinbidea unibertsitatetik atera bazen ere, asmoa izan da beste esparru batzuetako emakumeak ere prozesuan integratzea; egun, erdiak baino gehiago unibertsitatetik kanpoko esparruetako emakumeak dira. Lehenengo mintegian Carmen Magallon eta Elena Grau adituen laguntza izan genuen, beste gatazka batzuetako esperientzien berri emateko, eta geroztik beste hainbat mintegi egin ditugu horretan sakontzeko.2015eko urtarrilean ikusi genuen gure hausnarketa Euskal Herrian kokatu behar genuela, eta horretan hasi ginen.

Zertan, zehazki?

Lehenbizi, parte hartu dugun guztiok azaldu genuen norberak nola bizi izan duen gatazka. Oso bizipen desberdinak atera ziren, baina bat etorri ginen gatazkak denok ukitu gaituela, batzuk modu zuzenean eta beste batzuk zeharka. Guretzat gatazka zer zen ere aztertu genuen; ondorioztatu genuen gatazkaz hitz egiten denean askotan gatazka politikoaz eta indarkeriaz hitz egiten dela, baina euskal jendartean beste hainbat gatazka ere badaudela. Patriarkatuak sorturiko gatazka guretzat garrantzitsua da, noski, baina beste batzuk ere badaude, kulturen artekoa, lan gatazka eta abar. Hamabi gatazka identifikatu genituen, eta bi hilabetean behingo bileretan joan gara horiek aztertuz.

Prozesu horren guztiaren emaitza orain aurkeztu duzuen agiria izan da.

Hala da. Asko kostatu zaigu eztabaidatutako guztia laburbiltzea, baita denok eroso egoteko moduko idazki bat taxutzea ere, baina azkenean hori da emaitza.

Zergatik erabaki duzue orain aurkeztea?

Ikusten genuen orain arteko prozesua itxi egin behar genuela, eta aurrerantzean beste pauso batzuk eman. Baina orain arteko bidea ahituta zegoen, eta hori ixteko modu egokia agiria aurkeztea zen. Agiriak ematen du oraindik horretaz sakon eztabaidatzeko aukera, eta, gainera, agiri hori ez da egia osoa, geure gogoeta kolektiboaren ondorioa baizik. Gu prest gaude gure gogoeta partekatzeko, baita horretan sakontzeko ere.

Baina ekinbideak jarraituko du?

Nik uste dut honetan egon garen guztion helburua dela gatazkaren konponbideaz hitz egiten denean emakumeek parte hartuko dutela bermatzea. Beraz, aurrera begira guk eragin nahi dugu horretan. Oraindik ez dugu zehaztu nola. Hainbat ideia daude: batzorde bat sortu, hurrengo Topaketa Feministetan txosten bat aurkeztu, iritzi artikuluak idatzi eta abar. Ez dugu zehaztu, baina nolabaiteko eragin gune bat sortu nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.