Aterpe baten bila, alkohol zaparrada

Festa giroa dute aitzakia. Lagunekin elkartu, eta egun seinalatuetan gozatu ederra hartzea. Nerabeek beharrezko jotzen dituzte horretarako edari alkoholdunak, eta di-da batean hasten dira kontsumitzen; geroz eta gazteago. Urteotako bilakaera ikusirik, badira kezkatzeko motiboak: lehenbizikoz probatzeko adina gero eta txikiagoa da; 16,5 urterekin hasten dira, batez beste. Duela bi urteko datuak dira, Eusko Jaurlaritzak Euskadi eta Drogak 2012 txostenean bilduak. Horien arabera, 15 urtetik behera hasten dira alkohola edaten nerabeen %35.
Alkoholaren kontsumoa, oro har, errotzen ari da gazteen artean. Usuago edaten dute. Halere, ia ez da erdibiderik. Muturreko kasuak azaleratu dituzte datuek: asteburuetan ezer edaten ez duten gazte ugari daude (%44,7), baina gehiegi kontsumitzen dutenen kopurua handia da oraindik ere (%31,6). Pixka bat edaten dutenak %16 baino ez dira. Astegunetan, bestelakoa da egoera, nahiz eta begi bistako igoera izan den 1996. urtetik hona: urte hartan, adingabeen %1,7k edaten zuen aste barruan; egun, ia hiru puntu handitu da kopurua (%4,6).
Eta are kezkagarriagoa dena: lehen, ohituren galbahe zorrotzak ziren eskola, kirol talde eta gainerakoek egun ez diete jartzen hesi tinkorik gazteei. Jartzekotan ere, alferrik da sarritan; gazteek «inertziaz» jotzen dute edatera. «Kontsumo arduratsua desagertzen ari da», ondorioztatu du Maria Teresa Laespadak. Deustuko Unibertsitateko Droga Mendekotasun Institutuko zuzendaria da. Ez da batez besteko datuen zalea, uste baitu «errealitate anitz» bazter batean geratzen direla. Nolanahi ere, argi du gazteek noiz ematen duten alkohola edateko pausoa: «Abangoardian doazen nerabeak dira aurreneko edaleak. DBHn hasitakoan hartzen dute usadio hori. Bizkorregi hasten dira portaera desegokiak bereganatzen, arazoak sortzen... Ez dira asko, baina bai oso adierazgarriak».
Halako egoerei lehenbailehen aurre egiteko premiaz ohartarazi du Laespadak, bestela gazteek joera horri euts diezaioketelakoan. «Gaztaroa garai arriskutsua da, ez baitira jabetzen zer eragin diezaiekeen alkohola hain goiz edateak. Urrun ikusten dute geroa. Ez dute sermoirik entzun nahi».
Haren esanetan, «sozializatzeko, heldu sentitzeko eta lagun taldean onartuak izateko» kontsumitu ohi dituzte edari alkoholdunak: «Alkohola ez da behar fisiko bat, bizitzeko. Bai, ordea, harremanak estutzeko erreminta bat. Hori da benetan kezkagarriena».
Gero eta lehenago ekiten diote alkohola kontsumitzeari, eta gero eta gehiago edaten dute. Eskolaren aldeko jaiak, herrikoak, emanaldiak... baliatzen dituzte. Igandeko Araba Euskaraz festan zortzi adingabe artatu zituzten, gehiegi edateagatik; orain bi asteko Ibilaldian, beste hogei. «Alkoholaren bueltan antolatzen dira jai asko, eta erraztasun handiak dituzte alkohola kontsumitzeko. 23:00etatik aurrera ez badago ezer, nola ez dute bada edango? Ulergarria da haien jarrera; helduona, ez. Ezin dugu beste alde batera begiratu». Laespadak baieztatu du gehienek supermerkatu edo saltoki txikietan eskuratzen dituztela edariak.
Alkoholaren zergak igotzea
Haren arabera, gurasoen jokaerek uste baino eragin handiagoa dute gazteengan. «Aho bizarrik gabe hitz egiten dugu gaztaroko mozkorraldiez haurren aurrean. Hori guztia barneratu, eta 8-10 urterekin dagoeneko jai giroarekin lotzen dute alkohola edatea. Zaila da iritzi horiek aldatzea, gurasoak ere horren parte izan garenean». Hori dela eta, nabarmendu du gizarte «arazoa» dela: «Alkohola edatea nahitaezkoa balitz bezala daukagu egituratua, bizitzan noizbait garatu eta presente izan behar duguna, nahitaez». Kritikatu du ume garaitik gazte sasoira jauzi egiteko «zutabea» dela alkohola; horregatik ari dela jaisten lehen aldiz edateko adina: «Bizkorregi ematen diegu autonomia umeei: etxeko giltzak, sakelakoa, arropa... Hori da arazoa, rol horiek emanda helduago sentiarazten ditugula».
Hain justu, Eusko Jaurlaritzak plan bat jarri du martxan asteon, gazteen alkohol kontsumo goiztiarraren kontra. Hainbat nerabe heziko ditu, adingabeei alkohola edatea eragotz diezaieten jaietan. «Gehiegizko» kontsumoa gutxitzea eta «permisibitatea» amaitzea dira premiak. Besteak beste, 22:00etatik aurrera ezingo da alkoholik erosi, tabernetan ez bada. Lokaletan, hezkuntzan eta osasun arloan esku hartuko du Eusko Jaurlaritzak, eta aztertzen ari da edarien zergak ere garestitzea.
Isunak nerabeen gurasoei
Droga Mendekotasun Institutuko buruak, baina, ez ditu begi onez hartu neurriok. «Ez da aski. Ez da bide aproposena. Ez dit balio gazteen lokaletan neurriak hartzea». Gazteengan ez, gizarte osoan esku hartu beharko litzatekeela deritzo: «Helduok baimentzen baititugu horrelako jarrerak».
Juridikoki ere «gabeziak» ikusi dizkio planari: «Nola sartuko dira lokaletan? Esparru pribatuak dira. Adingabeekin, gainera, hezitzaileak egon behar dira hartu-emanean, sekula ez poliziak». 1992tik darama gaia ikertzen, eta onartu du «gauza gutxi» lortu dituztela. Gizartearen «gehiegizko tolerantziari» egotzi dio, eta tabakoarekin parekatzearen alde da.
Espainiako Gobernuak, orobat, alkohola edaten duten adingabeei isuna jarri gura die. Kalean edaten harrapatzen badituzte, 300 euroko isuna jasoko dute; gurasoak izango dira erantzuleak. Adingabeei alkohola saltzea 600.000 euro bitarteko isunekin zigortuko dute, eta adinez nagusiei ere mugak jarriko dizkiete: parkeetan, esate baterako, ezingo dute edan.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.