Ur tantarik ez irauteko

Lehortea itzela izaten ari da Afrikako Adarrean. UNHCRek ohartarazi du egoeraz, eta zehaztu «heriotzak masan» gerta daitezkeela; 2011n, 260.000 lagun hil ziren, eta oraingo krisia makurragoa izan daiteke. Kenya ipar-ekialdean izan da BERRIA.

Eskolara joateko aukera dute neskek, baina oso gazte direla ezkontzen dituzte maiz. OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Wajir
2017ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Euri azpian hazi. Horixe dio KenYako esaera zahar batek, euria egiten duenean beharrezkoa dela bete-betean bustitzea, haziko bazara behintzat. Azkenaldian, baina, ez dago hazterik, ez eta bizirik irauteko ur tantarik ere. Afrikako Adarreko lehortea oso gogorra izaten ari da, muturrekoa, eta klima aldaketak kontinente beltzean duen lehen ondorioa gosea da.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ohartarazi du egoeraz, eta zehaztu «heriotzak masan» etor daitezkeela. 2011ko lehortean baino makurragoa izan daiteke oraingo krisia; orduan, 260.000 lagun hil ziren Somalian, Djibutin, Eritrean eta Etiopian. Oraingo lehorteak, baina, eremu zabalagoa hartzen du, eta herrialde horietaz gain beste hiru daude premiazko egoeran: Nigeria, Hego Sudan eta Yemen. Adrian Edwards UNHCRko eledunak jakinarazi duenez, hogei milioi lagun flakiaren atarian daude. Egoera latzena Etiopian, Nigerian, Hego Sudanen, Yemenen eta Somalian dago. Inguruko herrialdeetan ere egoera ez dela xamurragoa esan du Edwardsek: «Katastrofea eragozteko premiazko erantzun bat behar dugu. Asteetako kontua da».

Somaliarekin muga egiten du Wafirrek. Kenya ipar-ekialdeko eskualde zabal honetan ere gose gorria ez da berria, baina aurten inoiz baino lehenago hasi da lehortea. Azaroa hezea izaten da, baina, gero eta maizago, udazkenaren azkenetan ere ez da ur tantarik erortzen, eta hurrengo hilabeteak ezin idorragoak izaten dira. Wafirko azaleko ur guztiak urte hasieratik seko zeuden, eta larreak zeharo galduta. Ahuntz eta behi taldeak harat-honat ibili dira, ur putzuetatik bazkalekuetarainoko etengabeko bidaian, 40 graduko bero saparekin. Putzu askotan, ur gazia ateratzen zen, baina besterik ez zegoen, eta nabaria zen, beste eskualde batzutan bezala, laster animaliak hiltzen hasiko zirela, eta haien atzetik pertsonek ere patu berbera jarraituko zutela.

Zama, emakumeengan

Emakumeak dira ur bila joaten direnak, eta gorriak ikusten dituzte ura eskuratzeko. Hiriburutik ur kamioiak bidali dituzte, baina, asfaltoko errepiderik gabe, komunitateek dirutza ordaindu behar izaten dute hogei litroko bidoiak betetzeko. Oinarrizko jakiak ere garestitu dira: artoa, olioa, azukrea… Zama emakumeengan erortzen da, gizonek, askotan, hiriburura ihes egiten dutelako, emazteari txanponik ere utzi gabe. Senarra hezealdian bakarrik iristen dela diote hemen. Aisha izeneko neska gaztea da esaldia errepikatzen dutenetako bat: «Gure erlijioaren arabera, gizon batek lau emazte izaten ahal ditu, eta guk aintzat hartzen dugu, baina egundoko arazoak sortzen dizkigu».

Emakumeen arteko elkartasuna nabaria da. Egia da poligamiak jeloskortasuna piztu eta borrokak sortzen dituela senar berbera partekatzen duten emazteen artean, baina komunitateetan emakumeen arteko lankidetza benetakoa da beharrezkoa den bezala. Rukia Hassanek, esaterako, ezingo luke aurrera egin elkartasunagatik ez balitz. Iaz hil zen senarra, zortzi urtez gaixorik egon ondoren, 44 urterekin, eta orain zazpi alabak berarekin ditu Rukiak. Nagusiena, Shamsa, bigarren mailako eskolara joateko ametsetan dago, baina inondik ere ez dute behar adina dirurik lortzen. Lau behi eta bospalau ahuntz dituzte, baina dagoeneko hezurretan daude. Argane herrixkan bizi dira, eta lehentasuna orain abereentzako artoa erostea da.

Kenyako Gobernuak «hondamendi nazionala» ezarri zuen otsailean, eta, horren ostean, urteko lehen hiru hilabeterako laguntza jaso dute. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundea ari da banaketa egiten, eta apirileko lehenengo astean ere abereentzako janaria banatu dute Wajirren. Hala ere, ez dira eremu guztietara iritsi. Eskualdeko sei konderrietatik bira baino ez da iritsi nazioarteko laguntza, eta iritsi den horietan ere ez da herri guztietara iritsi. Somaliako mugako eremuak, esaterako, baztertuak izan dira, muturreko milizia islamisten erasoen beldur direlako: Al-Shababen esku dago mugako herrialdea.

Banaketa sistema

Animalien jana bermatzea da helburua. Familia bakoitzari, ahulenei bederen, 250 kilo elikagai banatu zaie, baina banaketarako irizpideek arazoak sortzen dituzte. Toki gehienetan arazo askorik gabe hautatu dira onuradunak, baina ez da beti horrela izaten. Burderin, emakumeek bide erdian planto egin dute, zerutik eroritako elikagaiak, lehenik eta behin, bakarrik dauden emakumeei eta sendi txiroenei emateko eskatuz, behar den bezala.

Herriko batzordea gizonez osatuta baino ez dagoela diote. Burderiko emakumeen arabera, duela aste batzuk gobernuak 800 arto zorro eman zizkion batzordeari, eta honek familiako bost kilo baino ez zituen banatu; gainontzekoa euren kontura saldu zuten. Hurrengo kamioiaren zama ez dute batzordearen esku utziko, eta gizonek biltegian gordeko dutela esaten badute ere, kamioiaren inguruan planto egingo dutela ohartarazi dute irmo emakumeek.

Argan herrian ere zaila da egoera. Edateko ura ordaintzeko modurik ez dute herritarrek. Rukiaren ilobak ura eskatu dio goizean, baina ezin izan dio ur tanta bakar bat ere eman. Mohamed Ahmed agureak gero eta okerrago daudela dio: «Lehen hamabost urtetik behin genuen lehortea eta orain lau urtetik behin». Abakderen, 200 metroko ur putzua zulatu berri du Wajirko Gobernuak. Kenyako Konstituzio berriak konderriei autonomia eman die, besteak beste, putzuak egiteko, baina bornhole-tik ateratzen duten ura, gazia izateaz gain, pozoitua dagoela pentsa liteke, duen usaina eta zaporea aintzat hartuta. Ura tratatzeko modurik ez daukatenez,kamioietan ekarri behar izaten dute.

Somaliarako mugara gerturatu ahala bizi baldintzak geroz eta okerragoak dira. Welgarassen 40 bat familia bizi dira, baina ez dute ez ur iturririk, ez osasun zaintzarik, ezta eskolarik ere. Amina Mohamed zehatzagoa da: «Ez dugu deus. Giza eskubideak ere falta zaizkigu».

Etxe ondoan etxola txiki bat dute, eta, eskola noiz egingo zain, hor elkartzen dira haurrak, aulkirik eta arbelarik gabe, egurrean idatzitako esaldi koranikoak ikasteko. Garai batean mutilak bakarrik joaten ziren eskoletara, orain onartzen da neskak ere joatea, baina maizegi neska gazteak ezkondu egiten dituzte, norbaiten hirugarren edo laugarren emazte izateko, eta, bide batez, etxeko lan makurrenak egiteko.

Kolonialismoak ezarritako mugak ez dira lagungarri lehorte garaian. Garai batean nomadek batetik bestera ibiltzen ziren artaldearentzat lar eta lur hezeagoen bila, baina, orain hesituta daude lurrak, eta klan ezberdinak ur-putzuen inguruetan ezarri ziren. Muga berrien barruan betiko abeltzaintzan jarraitu dute harrez kero, ordezko jarduerarik ez baitute, eta azken urteetako lehorteak idorragoak izaten ari direla aintzat hartuta, bazkalekuak mortu geratzen dira, eta etxeko ahuntz guztiak banan-banan nola hiltzen diren ikusten dute herritarrek.

Errefuxiatu klimatikoak

Hafsa Nur Somaliatik alde egin duen errefuxiatuetako bat da.Wajirren bizi da aspaldian, eta ikasi ahal izan duen emakume bakarrenetakoa da. Gobernuz kanpoko erakunde bat sortu berri du, Narda, artzaintzan ari diren emakumeak laguntzeko. Emakume taldeak ugari dira herrietan, eta lan ikaragarria egiten dute egunero bizirik irauteko. Jarduera errentagarriak hasi edo zabaltzeko amets ugari dituzte, baina ez dute eskura inongo krediturik. Hori da behar duten laguntza. Hafsaren erakundeak, gaztea eta esperientzia gabekoa izateagatik, ez du lortzen proiektuak garatzeko funtsik, inork ez baitu berarengan sinesten.

Lehorte bakoitzean, geroz eta sarriago gertatzen diren lehorteetan, larrialdietarako laguntzak ematen dira, baina horiek igaro eta gero, garapen proiektuak ez dute inondik ere babes ekonomikorik, eta etorkizuna izan zezaketen egitasmoak bertan behera geratzen dira. Horren isla dira ere azpiegiturak. Mundu mailako akordioen arabera, nazioarteko laguntza guztien %25 erakunde lokal eta nazionalek kudeatu behar lukete, baina errealitatea urrun dago gertaleku horretatik, eta, ezaguna da giza laguntzaren zati handi bat bidean geratzen dela ere, helmugara iritsi gabe, beharra duten horiek isilean jasaten duten beste lehorte bat.

Burderiko zerua laino ilunez bete da bat-batean, eta egundoko ekaitza eta haizetea zabaldu da. Diru laguntza zekarren kamioiak zakuak utzi eta berehala alde egin du. Emakumeak eurei zegozkien zorroen gainean eseri dira. Gero euria hasi da, hamabost minutuko uholdea. Horrelako ekaitzek, onurak baino gehiago, kalteak ekartzen dituzte sarritan, baina oraingoan ezberdina izan da. Izan ere, badirudi ondorengo egunetan euri oparoa egingo duela Wajirren. Kenya iparraldeko beste eskualdeetako ur biltegi guztiak berriz ere beteko direla diote agureek, eta itxura batean lur azal horitua berdea izango da laster. FAOk hilabeteak eman ditu premiazko banaketa ekintza prestatzen, eta, paradoxikoki,euria egiten hasi den unean heldu da, belarra ere hazten hasi den unean.

Mugaren beste aldean, hala ere, beltza da etorkizuna. Somalian 2,9 milioi lagun daude gose, eta 5 urtetik beherako milioi bat haurrek malnutrizioa larria daukate. Jens Laerke Giza Laguntzaren Koordinaziorako Bulegoko bozeramaileak zehaztu du muga zeharkatzen dutenen artean, gatazkatik ihes egiten dutenak daudela, baina badirela lehorteagatik alde egiten duten errefuxiatu klimatikoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.