Katalunia. ANALISIA

Magistratuen harridura aurpegia

Martxelo Otamendi -

2018ko apirilak 10
Ez dira askotan gurutzatu Espainiako eta Alemaniako armadak guda zelaian azken mendeotako historian, tokatu ez zaielako edo elkarri izkin egiten jakin dutelako. Ezta ere ia Europa osoa alemanen mende egon zen 1939-1945 garaian. Alabaina, gerra danborrak atera dituzte historiaren museotik Espainiako zenbait politikarik eta kazetarik, Merkelen armada Pirinioetan behera jaisten ikusten dutenean egingo ez luketen gogortasunarekin. Gogorrenak Alemania inbaditzea proposatu du, eta turista alemanak bidaltzea, eta finenek euroagindua bera arriskuan dagoela jakinarazi diote Europari, alegia, estatuetako justizien arteko konfiantza eta ezagutza giroa zapuztu duela Schleswig-Holsteingo Auzitegiak Puigdemont kalean utzita, Espainiaren esku laga beharrean. Espainian askok ez zuten espero Alemaniako Justiziak ez onartzea Goreneko magistratu Llarenak eskatutako euroagindua.

Literaturak dio Belgikan eta Holandan, oraindik ere, zer edo zer jan nahiz edo lotara joan nahi ez duen umeari «Albako dukea etorriko da» esaten diotela beldurra sartzeko. Espero zitekeen, hortaz, bere oroimen politikoan horrelako antigorputzak dituen estatu batek, Belgikak, ez onartzea Llarenaren eskaera. Baina Alemania ez, Alemaniak ezin zuen horrelakorik egin. Willy Brandt buruzagi alemanak Felipe Gonzalezi babes ekonomikoa eta onarpen politikoa eman zizkionetik —joan den mendeko 70eko hamarkadatik aurrera— aliatuak izan dira Alemania eta Espainia.

Schleswig-Holsteingo Auzitegiak Puigdemontek matxinada eta diru publikoaren erabilera desegokia egin ote duen aztertu behar zuen. Aurrenekoan, ebatzi zuen ez zuela matxinada egin, eta, bigarrengoan, hobeto aztertzeko informazio gehiago eskatu diote Espainiako Gorenari. Kataluniako presidentea, bitartean, kalean da kautela neurri leunekin. Mina ez da sortu bakarrik matxinada ez onartzetik, benetako mina Schleswig-Holsteingo magistratuak mamian sartzetik sortu zaie espainiar askori, izan magistratu, politikari edo kazetari. Magistratu alemanek ez dute esan Katalunian egon den biolentzian Puigdemontek ardurarik ez daukanik; aitzitik, presidentearen bizkarraren gainean jartzen dute egon den biolentziaren ardura, baina, eta hori da zauriari botatako gatza, ebatzi dute biolentzia hori ez dela izan Espainiako Gobernua makurrarazteko adinakoa. Eta, ondorioz, Puigdemonten ardurapeko biolentzia leuna izan denez gero, ez duela matxinada egin.

Lander horretako magistratuak mugatu balira ebaztera Alemaniako legeetan ez dagoela Espainiako legeetan ageri den matxinadaren pareko delitua, mina hartuko zuketen Madrilgo Parisko plazan eta Moncloan, baina jasangarria zatekeen. Mamian sartu dira, eta hankaz gora bota dute Kataluniako independentziazaleek —Generalitateko Gobernuak, alderdi independentziazaleek eta gizarte erakundeek bultzatuta— praktikatu duten muturreko biolentziaren argudioari eusten zion habea. Horrek eman die min, xehetasun horretan sartzeak, biolentzia delako Gorenaren totem hitza Kataluniako auzian.

Berehala erreakzionatu dute Gorenak eta Fiskaltzak, Luxenburgoko auzitegian epaitu aurreko arazo bat aurkeztea aztertzen ari baitira. Europako Batasuneko Justizia Auzitegia deritzan organo horren zeregin nagusia Europa osorako sortzen den legeriaren gaineko dudak argitzea denez, Espainiako Justiziak argipen galdea egin nahi dio auzitegi horri Alemaniako magistratuek Katalunian izan den biolentzia neurtzera sartuta zuzen jokatu duten ala ez erabaki dezan. Hau da, urrutiegi joan ote diren.

Argipen galde hori aurkeztu bezain pronto, Espainiak egindako euroaginduaren tramitazioa eten egin beharko luke Alemaniak, Luxenburgoko auzitegiak erabaki bitartean. Luxenburgoko magistratuek ezin izango dute saihestu harridura aurpegia jartzea Llarena magistratuaren galdea iristen zaienean. Galde tipo hori, normalean, estatu bateko auzitegi batek aurkezten du, esku artean daukan auzian Europa osorako den lege baten aplikazioaren gaineko duda daukanean. Alegia, Llarena magistratua ikertzen ari den zerbaiti buruzko duda argitzeko, berea den auzi batean erabaki bat hartu aurretik galdera egingo lioke Luxenburgoko auzitegiari. Ez daude beste estatu bateko magistratuek hartutako erabakia espainiarrei gustatu ez eta erabaki horren gaineko helegitea jasotzeko. Ez da arbitro auzitegi bat, kontsulta auzitegi bat da; norberak erabakia hartu aurreko kontsulta egiteko.

Alemanian belarrondoko bat jaso dute, eta baliteke ez izatea bakarra. Luxenburgon beste bat jaso dezakete. Igual ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna