Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Emakumeak boteretsu sentiarazteko lanean

Publizitatea

Mundua

Emakumeak boteretsu sentiarazteko lanean

Indian emakumeak, Varanasi eta antzeko toki pobreetan, paria hutsak dira, erabat senarraren menpeko. Semilla para el Cambio erakundea emakumearen ahalduntzearen alde borrokan ari da, eta, lana eginez soldatatxo bat irabazteko aukera eskaintzeaz gain, helduentzako alfabetatze eskolak ere badituzte.
Aisha eta Sangeeta, Semilla para el Cambio gobernuz kanpoko erakundeak Varanasin ematen dituen helduentzako alfabetatze eskoletan.
Aisha eta Sangeeta, Semilla para el Cambio gobernuz kanpoko erakundeak Varanasin ematen dituen helduentzako alfabetatze eskoletan. A. PAMPLIEGA

2015-01-17 / Antonio Pampliega

Pintzelak, likido urdinkara batean bustirik. Eskuak, higaturik eta zigorturik, lan gogorra baita zaborra jasotzea; hala ere, kontu handiz mugitzen dituzte. Emakumeak, arreta osoz, ahalegintzen dira kolorea ertzetatik atera ez dadin, lan guztia hondatuko litzateke-eta bestela. Marrazkiak egin eta kolorea ematen diete zetazko zapi fin eta hondaerraz horiei. Irriak. Konplizitatea. Hamabi emakume horiek aurkitua dute babesleku txiki bat, eta bidea ematen die boteretsu sentitzeko. Inportante. Enpresari. Ekinzale. Eta ez da harritzekoa. Zetazko zapiak saltzen dituen enpresa txiki bat sortzea lortu dute, eta aurrera ateratzea. Baina bidea ez da samurra izan.

«Hasieran, zaila izan zen, bolaluma hartzen ere ez baitzekiten. Marrak egiten ikasi behar izan zuten, zirkuluak egiten... Sei hilabetez probetan ibili ziren, harik eta lehen zapi multzoa merkatura atera zen arte», gogorarazi du Maria Bodelonek, Semilla para el Cambio gobernuz kanpoko erakundearen fundatzaile eta Marina Silk izeneko egitasmo txiki horren alma mater-ak.

Izerdia aurpegian. Beroak erre egiten ditu emakume horiek. Leihoak ondo itxita daude, zeta honda ez dadin. Egunean hiru orduz arituta, berrehun zapi inguru egiten dituzte hilean; gero, Espainian saltzen dituzte, organizazio horretako kideen bitartez. Marina Silken helburua ez da emakume horiek errealitatetik ihes egiteko atsedenleku bat izatea bakarrik ?gehienak slum-etan bizi dira, txabola auzoetan?: emakume horiek soldata bat izatea nahi du, eta ahalduntzea, haien gizartea patriarkala baita, eta emakumea, senarraren nahien mendekoa baino ez, direnak direla nahi horiek.

«Emakumeak, diru sarrera batzuk izanez gero, ahalmen handiagoa du familian erabakiak hartzeko. Marina Silki esker, konturatu dira berek uste baino gehiago dezaketela. Autoestimua hobetu zaie, konfiantza handitu, eta gero eta indartsuagoak dira», kontatu du Bodelonek, harro, ikusirik zenbat aurreratu duten gaur egun beren negozioan ari diren emakume horiek.

Familiako pariak

Varanasin eta halako hirietan, emakumeak ez dira familiako pariak baizik. Haurrei kontu egiten dietenak. Eta etxea garbitu. Eta janaria prestatu. Eta zakarretan miatzen ibili, birziklatzeko saldu nahian. Senarraren mendekoak dira. Gizonek sekulako dirutzak ordaindu dituzte haiekin ezkontzeko; horregatik, askok uste eskubidea badutela beren jabetzakotzat hartzeko.

Tratu txarrak. Umiliazioak. «Emakumeek sentitzen dute senarrak baduela jotzeko eskubidea, eta, beraz, ez dira sekula kexatzen. Belaunaldiz belaunaldi gertatzen da, etxean bertan ikasia: haurrek etxean ikusi, eta etxean ikasi», azaldu du Bodelonek.

Horregatik, Marina Silken aritzen diren hamabi emakumeak pribilegiatuak dira. Gehienak zaborra biltzen aritzen ziren, edo platerak garbitzen, miseria baten truke. Orain, ekonomia sendo bat dute, eta, horri esker, funtsezkoak dira familian. Ahalduntzeko bidea ematen die. Garrantzitsu bihurtzen ditu. «Lursail txiki bat erosi dut jaio nintzen herrixkan, Kalkutatik hurbil. Slum-etik atera nahi dut, eta semeak oraingoa ez bezalako bizimodua izatea», kontatu du Marina Silkentzat lan egiten duten emakumeetako batek, Laltussik. Haren senarrak, paralisia duenez, ezin du lanik egin. Horregatik, Laltussi gau eta egun aritzen da lanean; gainera, sukaldearen arduraduna da, eta hortik ateratzen du soldata bat familia mantentzeko.

Zabor artean bizitzen

Lohia. Zikinkeria. Arratoiak. Plastikoa eta papera, tonaka, meta aztoragarri batzuetan pilaturik. Haurrak lurrean eserita daude, beste batzuek botatakoa multzo txiki batzuetan jarriz, materialaren eta kalitatearen arabera. Ume koskorrak, hanka-hutsik eta erdi biluzik, zabor tartean lasterka. Varanasiko txabola auzo hori errealitateak emandako zaplaztekoa da: Indiako hiririk mistikoenetako batera urtero joaten diren milaka turistek egin behar luketen bisita; hinduen hilotzak erre eta Ganges sakratura botatzen dituzten tokia. Hiri horretako errealitate ikusezin bat garden eta argi bihurtzen den auzoa.

Marina Silken lan egiten duten emakumeetako bat, Tajkera, urteetan ibili zen zaborra bildu eta sailkatzeko lanean. Lan gogorra, inondik ere. Desatsegina. Lotsagarria. Eta bizitzeko ere ozta-ozta ematen duena. «Papera 0,08 euro zentimoa pagatzen zuten kiloa; plastikoa, 0,13 zentimo, eta osasun materiala [xiringak, orratz erabiliak...], 0,33», azaldu du Tajkerak. Haren familiak, hilabeterik onenetan, 70 euro inguru biltzen ditu. «Haientzat, garrantzitsua da soldata finkoa izatea, egonkortasuna, ordutegi bat eta oporrak», bota du Bodelonek.

«Nik slum-etik atera eta adreiluzko etxe batera joan nahi nuke, baina hilean 2.000 errupia kostatzen da gutxienez. Nork ordain dezake hainbeste?», esan du Baisunek. Emakume hori senarrarekin eta zazpi seme-alabekin bizi da. Hirurehun errupia pagatzen du bere etxe kaskarra jartzeko hartu duten lursail txikiaren aldera. Hornidurak ez dituzte ordaintzen: argindarra legez kanpo hartzen dute, eta ura, hurbileko putzu batetik. Halaxe bizi dira 65 bat familia, zabor tartean pilaturik. Baisun ere Marina Silken aritzen da lanean, eta zortekoa da, nahiz eta txabola auzoan bizi.

Alfabetatze eskolak

Kopeta ilundu du. Arreta guztiz ari da. Arkatza mugitu du, zalantzati. Matematika oraindik kostatzen zaio pixka bat. Aisha indiarra da, 30 urtetik gorakoa, eta lau haur ditu. Badira hilabete batzuk Semilla para el Cambio erakundearen eskoletara joaten hasi zela, irakurtzen eta idazten ikastera.

Begitartean poz keinu bat antzeman zaio irakasleak ariketa zuzendu eta zorionak eman dizkionean. Batuketa eta kenketa ariketa soil bat da, baina Aisharentzat gauza handia da. «Lehen, ez zuen ospitalera joan nahi, paperak ez zituelako ulertzen eta kalean ezin zituelako argibideak irakurri», kontatu du Bodelonek.

«Leitzen eta eskribitzen ikasi nahi dut, inork ni ez engainatzeko eta neure buruarekin harro egon ahal izateko», bota du Aishak berak, lotsagorriturik eta irriz. Varanasin bizi da, Indiako ekialdean. Han, hirurehun txabola auzo baino gehiago daude ofizialki, baina halako bi dira legez kanpokoak; Asiako erraldoi hartan gutxien garaturiko hirietako bat da. Emakumeetan, analfabetismo tasa %80 inguru da, Nazio Batuen Erakundearen txosten baten arabera.

Trikimailuak eta azpijokoak oso zabaldurik daude Indian, eta analfabetoek larrutik ordaintzen dute. «Lehen, merkatura joaten nintzenean, bi edo hiru kilo arroz edo patata eskatu, eta nola zenbakiak ez nekizkien, saltzaileek engainatu eta gutxiago ematen zidaten. Baina orain ezin dute, orain badakit-eta leitzen eta eskribitzen», esan du Aishak, harro.

Haren aldamenean, Pyari Bibik hatz erakusleaz seinalatuz irakurtzen du silaba bakoitza; 39 urte ditu. Laugarren haurraren esperoan dago, eta irakurtzen ikasten ari da.

Umetan Pyari ez zen joan eskolara, familiak ez baitzuen dirurik hura pagatzeko, eta lanean hasi behar izan zuen, zabor biltzen; horretan aritzen da oraindik ere familia guztia. Motibazioa handiagoa du lotsa baino; izan ere, emakume heldu batzuk lotsatu egiten dira, neskatilen tankeran ikasten ibiltzeagatik. «Gaixorik nagoenean ere etortzen naiz. Orain badakit zer dioen karteletan, kalean...». Pyariren senarrak ez dio trabarik jarri alfabetatze eskolara joateko, sekula ez baititu bazter utzi etxeko lanak.

Pyari Bibi da nagusia 25 emakumeren talde batean; orain dela urtebete hasi zirenen erdiak dira. «Sosik ekartzen ez dienez, askok motibazioa galtzen dute. Egunean egunekoa, halaxe bizi dira: irabazi, gastatu. Ez daude ohiturik segida eskatzen duten gauzak egiten eta etorkizunean errentagarri izango zaizkienak egiten. Zaila zaie harantzago begiratzea, luzera begiratzea. Batzuk ezin dira etorri, lanean segitu behar dutelako, edo ikastea dezente kostatu eta lotsatu egiten direlako», zehaztu du Bodelonek.

Helduentzako alfabetatze eskola hori sortu zenetik, gizon bat bakarra joan da klasera, baina segituan alde egin zuen, barre egiten ziotelako. Sangeetak 27 urte ditu, eta ez da lotsatzen, aitzitik baizik. «Ikasi egin nahi dut; hala, alabari lagunduko diot etxeko lanak egiten, eta etorkizun hobea izango du», bota du, ariketa matematikoen emaitza idatzi bitartean. Berak mantentzen du alaba, platerak garbituz irabazten dituen 40 euroekin. Amarekin eta ahizparekin bizi da senarragandik banatuz geroztik. «Senar gaiztoa zen», aitortu du, beste ezer ere kontatu gabe.

Dibortzioa ez da ohikoa Indian, nahiz eta genero indarkeria izugarri zabaldua dagoen. «Orain dela egun batzuk, senarrak azidoz hil zuen gure heziketa proiektuan dabiltzan haurretako baten ama. Beste batekin ibiltzea leporatu zion», kontatu du Cristina Iglesiasek, GKEko haur sailaren koordinatzaileak.

Hori berriz ez gertatzeko, Semilla para el Cambiok bidea zelaitu nahi du emakume indiarrak ahaldundu daitezen. Geroa Aisha, Sangeeta, Laltussi eta haien gisako emakumeen esku dago. Geroa Indiako emakumeen esku dago.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak