Basque Industry 4.0 biltzarrean 2.000 lagunetik gora izango dira

Iker Aranburu

2017ko azaroak 17
Laugarren urtea da SPRIk Basque Industry 4.0 biltzarra antolatzen duela, laugarren industria iraultzari lotutako gaiak jorratzeko, eta 2.000 lagunek eman dute izena asteazkenean Donostiako Kursaal jauregian egingo den bilkurarako. «Urterik urte, topagune hau sendotzen ari da, bertan biltzen baitira industria iraultza berri honen protagonista guztiak, eta, horri esker, Euskadi munduko eskualde erreferenteen artean sendotzen ari da teknologia berriek fabrikazio prozesuetan eskaintzen dituzten ahalmenen aprobetxamenduan», azaldu zuen Jaurlaritzaren industria politikarako adarrak, atzo egindako aurkezpenean.

Aurtengo saioa Iñigo Urkullu lehendakariak irekiko du, eta, ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak Basque Industry 4.0 estrategiaren azken berrikuntzak aurkeztuko ditu. Bi proiektu xehatuko ditu: Basque Cybersecurity Centre (BCSC) eta Basque Digital Innovation HUB.

Lehena SPRIk kudeatutako zentro bat da, eta bertan bilduko dira zibersegurtasun arloko jarduera ildo guztiak: prestakuntza, ekintzailetasuna, berrikuntza, homologazioa eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak. BCSCk Jaurlaritzako hainbat sail biltzen ditu, bai eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileak ere (IK4-Vicomtech, IK4-Ikerlan, Tecnalia eta Matematika Aplikatuko Euskal Zentroa BCAM). Javier Dieguezek zuzenduko du gorabehera informatikoei erantzuteko lantalde hori.

Bigarren egitasmoa sare bat da —modu digitalean lotua—, eta hauek osatzen dute: Basque Digital Innovation HUB, I+Gko azpiegiturek, lantegi pilotuek eta fabrikazio aurreratuko esparruetan espezializatutako teknikari adituek. Industria enpresak eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainak 4.0 industriaren erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasun teknologikoz hornitzeko eratu da sare hori. Fabrikazio aurreratuko estrategiaren esparruan eta RIS3ren babesean jarri da martxan egitasmoa. Basque Industry 4.0 pilotatze taldeak koordinatuko du fabrikazio aurreratuko komunitate hori; hain zuzen, talde horren zuzendari eragileak ere, Manuel Salaverriak, hitzaldi bat egingo du biltzarrean.

Batzarreko hizlari nagusietako bat Krystyn Van Vliet izango da, MIT institutuko berrikuntza arloko arduraduna. Lantegi adimenduna egunerokoan nola txertatuta dagoen eta horrek zer eragin duen azalduko du, Fabrikazio digitalak nola aldatzen du gure lan egiteko, kontsumitzeko eta bizitzeko modua? izeneko hitzaldiarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna