«Desberdintasuna hautu bat da»

Joseph Stiglitz Nobel saridunak neoliberalismoak bultzatutako politikei egotzi die desberdintasun sozialak handitu izana, eta diruari boterea kentzeko eskatu du, Donostian
Joseph Stiglitz ekonomista eta Nobel sariduna, atzo, Donostiako Kursaal jauregian.
Joseph Stiglitz ekonomista eta Nobel sariduna, atzo, Donostiako Kursaal jauregian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iker Aranburu -

2018ko maiatzak 18
Donostiatik baina AEBetara begira mintzatu zen atzo Joseph Stiglitz 2001eko Ekonomiako Nobel sariduna. Eta ikusten duena gogoko ez duela oso garbi utzi zuen, iruditzen baitzaio okerrera doala azken urteetan bere interesa gehien erakarri duen gaia: desberdintasun sozialen handitzea. Arazoa, gainera, ez da AEBetara mugatzen: «Europan agian ez da hain dramatikoa, baina antzekoa da».

Gipuzkoako Talks hitzaldi sorta itxi zuen atzo Stiglitzek, aldundiak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak gonbidatuta. Datu ezagun bezain argigarri batzuekin hasi zuen hitzaldia. Esaterako, AEBetan %1 aberatsenak irabazten duena gora doala beti, baina beheko %90ena ez dela aldatu azken urteetan, «ia-ia marra zuzen bat da». Erdiko klaseko langileen soldatak duela 45 urtekoak dira AEBetan (inflazioaren eragina kenduta), eta gutxi irabazten dutenena, berriz, duela 60 urtekoa. Patua? Globalizazioa? Ez. «Desberdintasun soziala hautu bat da. Globalizazioa denei eragiten digu, baina AEBek beren politikengatik dute desberdintasun handiagoa». Batez ere Ronald Reaganen garaian indarrean jarritako politika neoliberalei egotzi zien errua, «merkatuaren fundamentalismoa» deitutakoari. Eta ideia nagusi bati: aberatsenei eta enpresa handiei zergak jaisteak on egiten dio gizarte osoari, aberastasuna tantaka banatzen delako beheraka. «Ebidentziak erakusten du ez duela funtzionatzen». Hitzaldiaren amaieran, «zergak jaisteak ez du funtzionatzen» errepikatu zion Jabier Larrañaga Ogasun diputatuari. Irribarre bat jaso zuen ordainetan.

Soldata erreala izoztearen ondorioz «amerikar ametsa» zapuztu dela ziurtatu zuen Stiglitzek, eta itxaropena galdu duela gizartearen zati handi batek. «Eta desesperazio horrek ondorio politiko garbiak ditu: demagogoei atea irekitzen die, besteei errua botatzen dietenei: migranteak, globalizazioa, eliteak... Baina benetako errua politikek dute. Suedia askoz gizarte irekiagoa da, eta desberdintasun tasa txikiagoak dituzte».

AEBetan, Trumpen «mehatxu protofaxistak» irudikatzen du garai berria. «Pobre jaioz gero pobre biziko zaren lurraldeak dira Trumpen aldekoak. XXI. menderako trantsizioa gaizki egin duten lurraldeak». Baita hilkortasun handiena dutenak ere, handitzen ari baita droga gaindosien, alkoholismoaren eta suizidioen ondorioz. Baina, paradoxikoa dirudien arren, politika horretan sakonduko duen presidente bat aukeratu dute, eta hark «eskuin moderatuaren» laguntzarekin indarrean jarritako neurriak gogorarazi zituen: osasun asegurua kentzea milioika laguni, finantza arauak ezabatzea, eta herritar gehienei zergak igoko dizkien erreforma bat, «aberatsek akzio gehiago eros ditzaten».

«Demokraziaren arauak»

Egoera beltz horren aurrean zenbait konponbide orokor eskaini zituen Stiglitzek. «Demokraziaren arauak berriro idatzi behar ditugu, diruari boterea kentzeko. Merkatuaren, estatuaren eta komunitatearen arteko oreka hobea behar dugu». Gauzak aldatzea zaila dela onartu zuen. «Gerra batean gaude, ez pistolekin, baizik eta ideiekin. Irabaz dezakegu, baina soilik ulertzen badugu erasoaren neurria, [desberdintasuna] gure zibilizazioarentzat den arrisku handia».

Kursaaleko hitzaldiaren aurretik, Stiglitz aldundian egon zen, eta hitz gozoak izan zituen Gipuzkoari buruz: «Gauzak ongi egiten ari diren munduko leku horietako bat da. Desberdintasun sozialen maila txikia izatea lortzen ari zarete, eta asmatzen ari zarete zuen sare ekonomikoaren eraldaketan». Gaur, Arrasaten izango da, Mondragon taldearekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna