Hegazkinaren inguruan «babesgune bat» ezarri dute Kievek eta matxinoek

Ukrainako bi aldeek eta Errusiak adostu dute gorpuak ateratzeko prozedura.

Gobernuak errusiazaleei egotzi die «frogak deuseztatzea»
Matxino bat Malaysiako hegazkinaren arrastoen ondoan.
Matxino bat Malaysiako hegazkinaren arrastoen ondoan. ROBERT GHEMENT / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko uztailak 20
Ukrainako agintariek eta matxinoek akordio bat egin dute ortzegunean eroritako bidaiarien hegazkinaren inguruan «babesgune bat» sortzeko. Hala jakinarazi du SBU Ukrainako Segurtasun Zerbitzuko buru Valentin Nalivaitxenkok. «Hiru aldeko elkarrizketen ondoren [Ukrainak, matxinoek eta Errusiak], 20 kilometro koadroko eremu bat ezartzea erabaki dugu Ukrainak lan egin dezan giza laguntzarako misioan, gorpuak atera eta senideei emateko. Espero dugu terroristek utziko digutela lan egiten», erran dio Nalivaitxenkok UNIAN agentziari. 298 lagun hil ziren Malaysia Airlines hegazkinaren ezbeharrean, Amsterdam eta Kuala Lumpur arteko bidean zihoala Ukraina ekialdean erori ondoren, ustez misil batek jota.

Dena den, «babesgune» horren sorrera bi aldeek entendimenturako eduki duten tarte bakarra izan da, hegazkinari eraso egitea elkarri leporatzeaz gain, Ukrainako Gobernuak matxinoei egotzi baitie 38 gorpu mugitzea «frogak deuseztatzeko». Eta Errusiari berari leporatu dio laguntza ematea «nazioarteko krimen baten frogak» deuseztatzeko. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak istripua baliatu du jakinarazteko tramiteak hasi dituztela nazioartean, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak (matxinoek aldarrikatutako estatuak) «erakunde terrorista» izenda ditzaten.

Matxinoek, ordea, ukatu egin dute hegazkinaren arrastoak dauden gunea nahasten ibili direla. Donetskeko Herri Errepublikako lehen ministrorde Andrei Purginen arabera, ingurua «segurtatuta» daukate «adituek lan egin dezaten». Dena den, istripuaren gunera joan diren ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko ikertzaileak kexu agertu dira milizianoek mugak jarri dizkietelako. Alex Hug misioko buruak komandante bati ohartarazi zion kexa bat aurkeztuko diola Aleksandr Borodai matxinoen lehen ministroari, Efe agentziaren arabera.

Herbehereetako Atzerri ministro Frans Timmermans Kieven elkartu zen atzo Poroxenkorekin —193 hildako Herbehereetakoak dira—, eta bat egin zuen matxinoen aurkako akusazioekin. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, berriz, Errusian jarri du susmoa, «mundua begira» daukala erranez.

Luhansken, erasoan gogor

Su-eten baterako aukerarekin espekulatu da egunotan, baina armadak erasoaldiari gogor eutsi dio Luhansken. Armadak dioenez, Luhansk hiriaren zati bat «berreskuratu» du. ESLAren arabera, uda hasi zenetik 250 zibil hil dituzte Luhansk eskualdean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna